Plaza Berriko gunerako proposamena luzatu dute

Ataria 2023ko ots. 3a, 18:00

Tolosako hainbat eragilek eta norbanakok pasa den larunbatean egindako agerraldiarekin jarraituz, egun guztiko erabilera izango duen festagunea irudikatu dute, eta herritarrei dei egin diete bertan parte hartu eta eskaintza «aberastera».

«Plaza Berrian Festagune bat martxan jartzeko borondatea adierazi genuen eta gaur hemen luzatzen dugun proposamena logika beretik doa», esan dute. Hainbat proposamen biltzen dituen dokumentua adostu dute, baina ez dela dokumentu itxi bat esan dute, «baizik eta guztion artean osatu beharko dugun oinarrizko proposamen bat». «Proiektu berri bat izanik eta Tolosako Inauteriek duten izaera parte hartzailearen logikatik, edozein herritar eta eragilek partu hartu dezakeen proiektu gisa irudikatu dugu, baldintza bakarrak gune horren eraikuntzan lan egiteko borondatea izanik», gehitu dute. Festagune hori «inauterietan integratua» egongo litzateke eta Alde Zaharreko bizilagunekin «errespetuzko tratu bat» izatea bilatzen duela esan dute.
 
Horiek horrela, gune horrek egun guztiko erabilera izatea nahi dutela esan dute, eta horretarako mahaiak eta aulkiak egotea proposatzen dute, «koadrillek, familiek, gazte zein helduek aukera izan dezaten bertan zerbait edateko, jateko...». Karpa hori ahalik eta diafanona izatea proposatzen dute, aterpe handia izango duena, euria eginez gero babesteko, eta hori lortzeko edariak saltzeko kasetak karpatik kanpo egotea nahi dute. Zehazki proposatzen dute hiru kaseta jartzea karpatik kanpo.
 
Eraso matxistei aurre egiteko protokoloari lotuta esan dute Tolosako Udalaren eta Tolosaldeko Asanblada Feministaren artean adostutako protokoloa jarraituko dutela. «Besteak beste, horrelako gertakarien kudeaketan erreferentzia nagusiak diren bi eragileak direlako eta baliabide egokiak eskaintzen dituen protokoloa delako. Hau ondo kudeatzeko, beharrezkoa deritzogu guneko kide batek, udaletxeko goizeroko jarraipen bileran parte hartzea».
 
Egitarauari lotutako berrikuntzak
Gunearen egitarauari lotuta bi proposamen egin dituzte. Batetik, Ostiral Mehean emakumeen danborrada ateratzen denez, «hori ere kontzertuetan islatzea» eta karpan joko luketen taldeak emakumeez osatuak izatea proposatzen dute. Bestetik, Zaldunita bezperan, larunbatean, alegia, egitaraua beste egunetan baino apalagoa denez eta Jatorkin elkartea gune horretako kide denez, Tolosako migranteen komunitatearekin elkarlanean egitarau bat zehaztea nahi dute, «kolektibo honi eskaintza bat eskaini eta ikusgarritasuna emateko asmoz».
 
Zarata maila

Guneko musikaren dezibelioak eta zarata maila «bizilagunen kexu eta ezinegonen sorburu nagusia direla jakinik», itxiera orduak eta kontzertuen ordutegiak aurrez zehaztea eta errespetatzea nahi dute. Horri lotuta proposatzen dute urtero egiten den bezala dezibelio mugatzailea jartzea musika ekipoari; udalarekin adostutako itxiera ordua baino 30 minutu lehenago musika itzaltzea; azken kontzertua beranduenez, itxiera baino ordu eta erdi lehenago amaitzea; azken kontzertua beti DJ bat izatea «soinu grabeak mugatuz -300 Hz beherako frekuentziak-», horrela bibrazioak ekiditeko; itxiera orduak, kontzertuen amaiera ordutegiak eta antzeko zehaztasunak bizilagunei buzoneatzea; kontzertuak ez izatea gauero; eta goizero udalean egiten den jarraipen bileran parte hartzea, «Plaza Berrian gertatzen denaren informazio azkar jasotzeko eta neurririk hartu beharko bagenu, azkar kudeatu ahal izateko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!