Ibai Iriarte EH Bilduko legebiltzarkide tolosarrak azalpenak eskatu zizkion Gotzone Sagardui Osasun sailburuari, 2022ko abenduaren 23an: «Tolosaldeko Asuncion Klinikako neurozirujauari ebakuntzak egiteko jarri zaion debekuaren inguruan».
Osasun sailburuak 2023ko urtarrilaren 23an ondorengo erantzuna eman zuen: «Asuncion Klinikan egindako ebakuntza kirurgiko batean konplikazioak izan zirela jakin zenean, 2022ko azaroaren 17an, zuhurtasun-printzipioari jarraikiz, debekatu egin zen klinika horretan prozedura kirurgiko jakin batzuk egitea».
Asuncion Klinikaren erantzuna
Tolosaldeko Ataria Asuncion Klinikarekin 2022ko abenduaren 29an jarri zen harremanetan. «Neurozirujauari ebakuntzak egiteko jarri zaion debekuaren inguruan» galdetuta, klinikaren erantzuna ondorengoa izan zen: «Bizkarrezurreko kirurgia: Osasun sailak eskatu du, aldi baterako, Osakidetzako pazienteei gure zentroan zutabe-ebakuntzarik ez egiteko, administrazio-kontuengatik. Eskualdeko ospitaleek ez dute zerbitzu hori izaten, eta kontua da ea eskualdeko batek kirurgia mota hori egiteak zentzurik duen, Donostiako Ospitale Unibertsitarioa zerbitzua hau duela kontuan hartuz».
Ikerketa martxan
Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren esanetan, Asuncion Klinikan gertatua ikertzen ari dira: «Osasun Saileko bi ikuskatzailek ofiziozko ikerketari ekin zioten, Lex Artis betez jardun den aztertzeko eta baloratzeko asmoz». Lex Artis bete duen jakitea, konplikazio baten aurrean osasun langileak nola erantzun duen aztertzea da. Sagarduiren esanetan, ikerketa hori ez da oraindik amaitu.
Bitartean, Donostiara
Osasun sailburuaren hitzen arabera, «zirkuitu paraleloa ezarri zen Asuncion Klinikako zuzendaritza medikoen eta Donostiako Unibertsitate Ospitalearen artean, prozedura horiek edo antzekoak programatuta zituzten pazienteei edo haietarako itxarote-zerrendan zeudenei Donostiako Unibertsitate Ospitalean balorazioa eta ebakuntza egin ahal izateko».
Dokumentuak
- Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuaren erantzuna irakurtzeko egin klik hemen (2023-01-23).
- Ibai Iriarte EH Bilduko legebiltzarkidearen galdera, Osasun sailburuari (2022-12-23).