«Oso pozik nago ametsa nire egunerokoa bihurtu delako»

Ataria 2023ko urt. 28a, 21:53

Tolosa CF eskubaloiko jokalari izandakoa da Haitz Gorostidi, eta egun Guadalajara taldean ari da lehiatzen Asobal Ligan, maila gorenean. Tolosa CF-k antolatutako Nazioarteko Eskubaloi Txapelketan parte hartzeagatik "oso gustura" dagoela esan du.

Haitz Gorostidi (Tolosa, 2001) Asobal Ligan ari da lehiatzen Nazioarteko Eskubaloi Txapelketan parte hartu duen Guadalajara taldearekin. Tolosa CF-n aritu eta gero, joan zen bertara, eta mailaz igotzeko esperientzia bizitu zuen. Asobal Ligan jokatzen duen Tolosaldeko lehen jokalaria da. Gustura dago Tolosako Txapelketan parte hartu duelako.

Berriro ere Tolosan jokatzea berezia izango zen zuretzat, ezta?

Oso berezia izan da. Asko borrokatu dut maila honetara iristeko, eta lortu dudan guztia lagunei eta familiari erakustea eta beraiekin partekatzea oso berezia da. Oso polita izan da.

Zer da Tolosa CF zuretzat?

Klubarekin oso eskertuta nago, beraiek erakutsi baitidate zer den kirol hau. Kluba utzi eta bi urte igarota, egungo taldearekin itzultzea ere niretzat bada klubari eskertzeko modu bat.

Klubak ere zure izena goraipatzen du.

Bai, azken batean, oso polita da klubetik igaro den herriko norbait gorantz doala ikustea. Horrekin batera, gaztetxoei hori erakusteko ere balio du, beraiek eskubaloira erakartzeko. 

Zer da eskubaloia zuretzat?

Niri kirol hau probatzeko aukera eman zidaten, probatu nuen, eta barruraino sartuta bukatu nuen. Bizi egin behar duzu. Guztia emateko kirol bat da, eta neurri batean zure bizitzan erabateko eragina du, bai onerako bai eta txarrerako ere.

Amets bat bete zenuela Guadalajara taldearekin Asobal ligan lehiatuz esan zenuen. Nolakoa ari da izaten esperientzia?

Espero nuena baino azkarrago ametsa beteta ikusi dut. Guztia oso azkar gertatu da. Probatzera joan nintzen hara, bigarren mailan jokatzera, eta mailaz igo zen taldea. Sekulako esperientzia izan zen. Hori bai, hau guztia lortzeko aurretik lan handia egon da. Une honetan taldean eta mailan egonkortu naiz, eta buruan dudana da borrokatzea hainbeste gustatzen zaidan kirol batez disfrutatzen jarraitzeko.

Zer moduz moldatu da taldea Asobal Ligan?

Gogorra ari da izaten. Fitxaketa gutxi egin ditugu, beste maila bat da, beste abiadura bat. Hamasei talde ari dira lehiatzen Asobal Ligan, eta hamalaugarren postuan gaude. Behean gauden taldeak nahiko parekatuta goaz, beraz, etxean sendo mantentzea eta asko borrokatzea tokatzen zaigu.

Taldearekin gustura?

Bai. Egia da kanpora joatea ez dela erraza, baina, azken batean ia egun osoa eskubaloiarekin lanean egoten naiz ahalik eta gehien hobetzeko. Oso pozik nago ametsa nire egunerokoa bihurtu delako.

Tolosan jokatu den txapelketak ekarri zaitu Tolosara. Nolako taldeak izan dira beste hirurak?

Gu ginen ahulenak. Logroño eta Bidasoa Europa mailan lehiatzen aritzen dira, Europako bigarren ligan. Talde frantziarrari dagokionez, bertako bigarren mailakoa izan arren, han eskubaloian beste maila bat dago, bai ekonomikoki bai eta fisikoki ere. Gu laugarren geratu gara, baina partida hauek niretzat oso ondo daude esperientzia hartzeko, eta bereziki kasu honetan, disfrutatzeko.

Guztia borobiltzeko, sagardotegia.

Tolosa CF-ren detaile polita izan da, eta eskertzekoa da. Hain gurea den ohitura taldekideei eta beste klubei erakustea ere polita da. Txapelketa bukatzeko aukera polita da.

Erlazionatuak

Bidasoa Irun garaile

Ataria 2023 urt 28 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!