Bidasoa Irun garaile

Ataria 2023ko urt. 28a, 21:30

29-32 irabazi du Tolosa CF klubak antolatutako Nazioarteko Eskubaloi Txapelketako finala, Billere Pau Pyrenees taldearen aurka. Hirugarren BM Logroño La Rioja taldea geratu da, eta laugarren, Civitas BM Guadalajara.

Goi mailako eskubaloiaz gozatzeko aukera izan da asteburuan Usabal kiroldegian. Tolosa CF klubak, bere mendeurreneko eta eskubaloi atalaren 50. urteurreneko ekitaldien barruan, Nazioarteko Eskubaloi Txapelketa antolatu du, eta maila handiko lau talde lehiatu dira.

Atzo arratsaldean hasi zen txapelketa, eta lehen finalaurrekoan, BM Logroño La Rioja taldea eta Billere Pau Pyrenees taldea aritu ziren nor baino nor, eta emaitza frantziarren aldekoa izan zen, 37-34. Bigarren finalaurrekoan, Euskal Herriko talde ikurra den Bidasoa Irun eta Civitas BM Guadalajara lehiatu ziren, eta irundarrak garaile izan ziren, 22-32ko emaitzarekin.

Finala, beraz, Billere Pau Pyrenees eta Bidasoa Irun taldeen artekoa izan da, eta irundarrak izan dira garaile, asko borrokatutako partidan. Azken emaitza 29-32 izan da. Lehen zatian frantziarrak nagusi izan dira, eta aurretik joan dira markagailuan, baina bigarren zatian Bidasoa Irunen alde joan da markagailua zatirik handienean. Hain zuzen, 20-21 aurretik jartzea lortu dute irundarrek, eta une horretatik aurrera aurretik joan dira. Hori bai, frantziarrak gertu izan ditu, eta hainbat berdinketa izan dira markagailuan. Azkena 28nakoa, izan ere, hortik aurrera, eta azken emaitzara arte Bidasoa Irun golak batuz joan da.

Finalaren aurretik hirugarren eta laugarren postuetarako partida jokatu dute BM Logroño La Rioja taldeak eta Civitas BM Guadalajarak. Azken honetan ari da jokatzen Haitz Gorostidi tolosarra, Tolosa CF-ko jokalari izandakoa. Bada, 27-31-ko emaitzarekin BM Logroño La Rioja taldeak irabazi du neurketa, beraz, hirugarren postuan geratu dira, eta Gorostidiren taldea laugarren izan da.

Eskubaloiaren zale ugari gerturatu da Usabal kiroldegira, eta maila handiko eskubaloiaz gozatzearekin batera giro ederra izan da. Asteburuko ekimena borobiltzeko sagardotegian elkartuko dira txapelketako parte hartzaile guztiak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!