2023ko aurrekontuen txosten grafikoa herritarren eskura jarri du Tolosako Udalak, sarean

Ataria 2023ko urt. 27a, 14:49

Txostenak, grafiko eta irudi bidez, aurrekontuen helburu nagusiak, lehentasunak, alor bakoitzeko gastuen banaketa edota inbertsio nagusiak jasotzen ditu, besteak beste.

Tolosako Udalak abenduan udaletxean egindako osoko bilkuran onartu zituen 2023 urterako aurrekontua, baita aurten aurrera eramango diren egitasmo eta inbertsio nagusiak ere. Aurrekontu proiektua, beraz, indarrean da jada eta udalak horren inguruko txosten grafikoa tolosar guztien eskura jarri du, udal webgunean.

Tolosako Udalak 33.306,422 milioi euroko aurrekontua izango du aurten, eta horrela dago banatuta: %26.93 antolakuntzan (8.969.903 milioi euro); %35,74 herritarren sailean (11.902.207 milioi); %24,79 lurraldean (8.256.526 milioi) eta %12.54 inbertsioetan (4.177.786 milioi). Inbertsio nagusien artean daude, besteak beste, udal eraikinen zaharberritzea, urbanizazio lanak, trantsizio energetikorantz urratsak emateko lanak, proiektu berrien idazketa, Arkauten Mendizaleen museo berria, altueran aparkalekua sortzeko azterketa eta Alde Zaharra biziberritzeko plana.

Horrez gain, aurrekontuen txosten grafikoak, Tolosatzen aurrekontu parte-hartzaileen prozesuaren baitan aurrekontu proiektuan txertatu diren herritarrek egindako proposamenen berri ere ematen du. Aurten, berrikuntzak txertatu dira herritarren parte hartzea errazteko helburuarekin. Bi fasetan garatu da prozesua: lehenengoan, tolosarrek online eta aurrez aurre
 egin zituzten proposamenak eta bigarrenean, proposamenak
 teknikoki aztertu ondoren, bozketara pasatakoen artean interesgarrienak lehenetsi zituzten herritarrek. Guztira 213 proposamen jaso zituen udalak, eta proposamen horien artean 673 herritarrek bozkatu zuten. Hauek dira jasotako proiektuak:

  • Larramendiko jolas-kirol gunea sortzeko proiektua eta obra: 250.000 euro.
  • Haur parkeak hobetu eta mota eta tamaina ezberdinetako parkeen eskaintza zabaltzea: 200.000 euro.
  • Tolosako erdigunean pilota eta jolas-gune gisa erabiltzeko frontoi ireki-estalia sortzeko aukera: Azterketa. 20.000 euro.
  • Patinajea modu seguruan praktikatzeko eremua sortzeko azterketa: 20.000 euro.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!