33,3 milioi euroko aurrekontua onartu du Tolosako Udalak 2023rako

Ataria 2022ko abe. 19a, 15:09

Iaz 34,5 milioi eurokoa onartu zen. EH Bilduko ordezkariek aurkako botoa eman dute: «Aldebakartasunez landutako aurrekontuak dira, eta gure lehentasun eta proiektuetatik oso urrun daude».

EAJren eta PSE-EEren udal ordezkariek gehiengoz onartu dute 2023ko Aurrekontu Orokorra, 33.306.422 eurokoa. «Pertsonak ardatz eta zerbitzuen kalitatea helburu dituen eta arlo sozialean, ekonomikoan eta trantsizio energetikoan azpimarra berezia jartzen duen aurrekontua da onartutakoa», azaldu dute udaletik.

Ondorengo sailek aurreko urtean baino diru gehiago jasoko dutela azaldu dute: Gizarte Zerbitzuetako Sailak, Ekonomiaren Garapena, Merkataritza, Feriak eta Turismoa Sailak, Kulturak eta Berdintasunak. Gainerako sailetan aurrekontuak mantendu egingo direla zehaztu dute udaletik.

Atal eta arlo hauek nabarmendu dituzte udaletik, zergatiak ere emanaz:

  • Gizarte politiken aldeko apustuan, Gizarte Zerbitzuetako Sailak, esaterako, iaz baino 200.000 euro gehiago izango ditu, guztira, 3,2 milioi, besteak beste, zerbitzuen sendotzea dela eta, bazterkeria egoeran dauden pertsonentzako gaueko eta eguneko zerbitzu integral berriak ateak zabalduko dituelako datorren urtean Abegi Etxean.
  • Ekonomiaren Garapena, Merkataritza, Feriak eta Turismoa Sailak, era berean, 230.000 euro gehiago izango ditu, guztira, 1,2 milioi. Eliker, Kalitatezko Elikaduraren Zentroak aurrekontu garrantzitsua izango du datorren urtean, Jaurlaritzaren diru laguntzari esker, aurten ekindako bideari jarraipena eman eta proiektua indartzen eta sustatzen jarraitzeko.
  • Kulturak iaz baino 74.000 euro gehiago jasoko ditu, guztira 3,7 milioi euro, beraz. Laguntza berriak sortu dira, Olentzeroren Basoa ekimena edo ToloFolk jaialdia sustatzeko, eta bestetik, udalak jabetzan erosteko Buruhandi eta Erraldoiak. 
  • Berdintasun Sailak iaz baino 80.000 euro gehiago jasoko ditu, eta 340.000 euroko aurrekontua izango du. Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxeak berariazko aurrekontua izango du, eta diru laguntza berria sortu da, baita ere, Emakumeen Etxeko jarduerak diruz laguntzeko.
  • Trantsizio energetikoaren alorrean urratsak egiten jarraitzeko, 469.000 euroko inbertsioa egingo da 2023. urtean. Energia berriztagarrien atalari dagokionez, eguzki plaka berriak jarriko dira (Ferialekua eta Emeterio Arrese) eta Gorosabeleko eraikinean ere eguzki plakak jartzeko proiektua egingo da. Horiez gain, led teknologiadun argiak jarriko dira zenbait udal eraikinetan eta kale argiteria publikoan, % 100 led izateko kaleko argiteria publikoa.

Herritarren proposamenak aurrekontuan

4,1 milioi euro izango ditu 2023ko Inbertsioen Planak. Udaletik azaldu dutenez, parte hartze prozesuan herritarrek lehenetsitako proiektuak txertatu dituzte Inbertsioen Planean:

  • Larramendiko jolas-kirol gunea sortzeko proiektua eta obra: 250.000 €.
  • Haur parkeak hobetu eta mota eta tamaina ezberdinetako parkeen eskaintza zabaltzea:  200.000 €.
  • Tolosako erdigunean, pilota eta jolas-gune gisa erabiltzeko frontoi ireki-estalia sortzeko aukera. Azterketa: 20.000 €.
  • Patinajea modu seguruan praktikatzeko eremua sortzeko azterketa: 20.000 €.

Horiez gain, udalak proiektu eta lan hauek aurreikusi ditu datorren urterako:

  • Arkauten, mendizaleen museoa sortzea: 100.000€.
  • Larramendin, auzo elkartearentzat lokala erosi eta atontzea: 300.000€.
  • Urbanizazio lanak. Araba etorbideko plazak eraberritzea esaterako: 362.000€.
  • Proiektu berriak: 130.000€. Belar artifiziala Berazubin; Amarotzeko frontoia estaltzeko proiektua eta Kale Barrena, Iurreamendi pasealekua, Beotibar eta Antonio Lekuona berrurbanizatzeko proiektuak idaztea.
  • Udal eraikinak zaharberritzeko (Emeterio Arrese, Gizarte Zerbitzuetako bulegoak, Zutani elkartearen lokala eta hilerriko komunetan irisgarritasuna bermatzeko lanak): 676.000€.
  • Alde Zaharra biziberritzeko plana: 60.000€ (EH Bilduren proposamena).
  • Altueran aparkalekua egiteko azterketa: 30.000€ (EH Bilduren proposamena).

EH Bildu, aurka

2023ko aurrekontuari ezezkoa bozkatu zion EH Bilduk joan den osteguneko udalbatzaren bilkuran. Hurrengo egunean, ostiralean, luze eta zabal azaldu zuten ezezko horren zergatia. Bilkuran, ideia orokorra bota zuten: «Gobernuak aldebakartasunez landutako aurrekontuak dira, gure proposamenetarako espaziorik apenas uzten ez dutenak, eta gure lehentasun eta proiektuetatik oso urrun daude», azaldu zuen Andu Martinez de Rituertok.

Begoña Tolosa EAJko hautetsiak, udal gobernuak oposizioaren proposamenak txertatzeko borondatea izan duela esan zuen: «Zuen proposamenak aztertu ondoren, ordea, akordioetara iristeko borondaterik ez zegoela uste dugu, bi arrazoi nagusigatik: proposatutako finantzazio kantitateak eta era ezinezkoak zirelako eta eredu talkan oinarritu duzuelako zuen proposamena».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!