Iñaki Lopetegi eta Jon Arrieta tolosarrek Ghanarako bidaia egingo dute martxoan. ToloTro izena jarri diote abenturari, eta euren asmoa da bidaiatzeko erabiliko duten furgoneta bertan uztea, ikasleek eskolara joateko erabili dezaten. Materiala ere sortu dute euren proiektua finantzatzen laguntzeko.
Nondik nora bururatu zitzaizuen proiektu hau sortzea?
Iñaki Lopetegi: Bidaiariak gara eta beti ibili gara abentura bila. 2016. urtean furgoneta erosi eta Afrikan izan nintzen boluntariotza bat egiten Malawin. Jon (Arrieta), berriz, urte berean Ghanan izan zen hilabete batez. Bertan ikusi nuen jendeak zer etekin ateratzen zien ibilgailu zaharrei eta nik ere gauza bera egitea gustatuko litzaidakeela pentsatu nuen furgoneta zahartzerakoan. Ideia honen hasiera, pandemia garaian izan zen. Bertan, pentsatzeko denbora asko eduki genuen eta biok pentsaera berbera genuenez, proiektu hau aurrera eramaten hasi ginen.
ToloTro izena nondik dator?
Jon Arrieta: Iñakik aipatu duen moduan, Ghanan izan nintzen boluntario modura. Leku batetik bestera mugitzeko bertako garraioa erabiltzen genuen; kasu honetan furgonetak ziren eta guk eramango dugunaren antzekoak dira bertako furgonetak. Ghanan, horrelako furgonetei TroTro deitzen diete, gu tolosarrak garenez eta gure bidaia Tolosatik abiatuko dugunez izen hau jartzea erabaki genuen.
Afrikan oso ohikoa da 25 pertsonez beteriko furgonetetan joatea, zuen furgonetak horrenbeste jende eramateko gaitasunik ba ahal dauka?
Lopetegi: Ez dakigu gure furgonetak horrenbeste ume eskolara eramateko gaitasunik izango duen, baina zifra horretara gerturatzeko aukera baldin badugu ez da seinale txarra izango.
Nola eraman duzue proiektuaren prozesu guztia? Erraza izan ahal da?
Lopetegi: Horrelako bidaia bat egiteak gastu handia dakar: alde batetik, furgonetarako erregaia ordaintzea gastu handia da. Beste alde batetik, Afrikako mugak pasatzea ez da hemendik Frantziara joatea bezain erraza, eta negoziazio gogorrak izaten dira mugetan dauden agenteekin igarotzeko behar diren bisatu guztiak lortzeaz gain. Lanetik ere hiru asteko oporraldiak ditugu eta bidaia denbora tarte horretan egitea ez da erraza izango.
Ghanas de vivir deitzen den GKErekin elkarlanean egongo zarete. Zertan datza gobernuz kanpoko erakunde hau?
Arrieta: Lehenik eta behin, Ghanas de vivir gobernuz kanpoko erakundearekin harremanetan jartzea lortu genuen. Erakunde hau sortu zuen neskaren gurasoak tolosarrak dira. GKE honek eskola bat eraikita dauka Ghanan, eta bertan ekintza ezberdinak antolatzen dituzte. Dirua biltzeko egitasmoak ere beraiek antolatzen dituzte, eta beraien helburu nagusia umeak eskolaratzea da.
Lopetegi: Azken finean, umeek eskolaratzeko zailtasun handiak dituzte, beraien etxeetatik eskolara ibilbide luzea baitago; beraz, umeak eskolarako joan-etorria egiten denbora asko behar dutenez, lanera eramaten dituzte zuzenean.
Proiektua finantzatzeko eta zabaltzeko asmotan, hainbat produktu jarri dituzue salgai, nolakoa izan da jendearen erantzuna ekimen honen aurrean?
Lopetegi: Lehen aipatu dugun moduan, horrelako proiektu bat martxan jartzeak gastu handia dakar, horregatik, bidaiaren gastuak neurri handi batean finantzatu ahal izateko kamisetak, katiluak, eta edalontziak saltzen jartzea erabaki genuen.
Arrieta: Jendearen erantzuna nahiko ona izan da orain arte; gure familiak, lagunak eta ezezagun asko animatu dira gure produktuak erostera gure bidaia finantzatzen laguntzeko asmotan, eta eskerrak eman nahi dizkiegu prozesuan parte hartzen ari den pertsona orori.
Pasa den larunbatean Trianguloan jarri zenuten postua. Beste aukerarik ere izango al da zuen produktuak erosteko?
Lopetegi: Larunbatean gerturatu ezin zutenek aukera dute e-mail bidez gure produktuak eskuratzeko. Eskaerak egiteko emaila tolotro2023@gmail.com da. Horretaz gain, beste egun batzuk jartzeko asmotan gaude gure produktuak presentzialki saltzeko.
Martxoaren 24an ekingo diozue zuen bidaiari Tolosatik Ghanara. Zer nolako aurreikuspenekin ekingo diezue bidaiari? Zein ibilbide izango du bidaiak?
Arrieta. Gure bidaiak 7.000 kilometro izango ditu, eta gure asmoa hiru astetan iristea izango da. Tolosatik hasi, eta Tarifa, Maroko, Mendebaldeko Sahara, Mauritania, Senegal, Guinea eta Boli Kostatik pasata Ghanara iristea da helburua. Bidean denborarik ez galtzeko, jada Afrikako enbaxadekin hitz egiten ari gara bisatuak lortu eta mugetan ez denborarik galtzeko. Egia da Afrikako egoera oso aldakorra dela eta herrialde batzuetan mugak itxita egoten direla tarteka; orduan, zerbait gaizki joanez gero alternatiba ezberdinak bilatzen gabiltza badaezpada ere.
Zuen furgonetarekin bertako ikasleak eskolara joateko aukera izateaz gain, beste helbururik jarri al diozue bidaiari?
Lopetegi: Bai, gure bigarren helburua eta lehenengo helburua maila berdinean jartzen ditugu, eta hori proiektuaren zabalkundea da, alegia, jendeak jakitea gure proiektua zertan datzan. Garrantzitsua iruditzen zaigu jendearenganako interesa piztea, eta asko gustatuko litzaiguke esaterako hemendik urte gutxira beste bi gaztek horrelako egitasmo bat egitea bultzaraztea.
Etorkizunera begira, horrelako beste ekimenik egiteko asmorik ba al duzue?
Arrieta: Etorkizunera begira baditugu ideiak buruan; egia da oraindik ez dugula ezer finkaturik, baina hurrengo bidaian anbulantzia bat erosi eta Afrikako edozein lekura joatea gustatuko litzaiguke, proiektu hau amaitu ostean.