Zumarditxikiaren proiektua, alderdi politikoen lehiatik kanpo beharko lukeela dio EH Bilduk

Ataria 2023ko urt. 18a, 11:58

Zumarditxikia proiektuaren simulazioa

EH Bilduk EAJ eta PSEri eskatu die behar bezalako parte hartze prozesua bideratu dezatela, egiten ari diren "parte hartze prozesuaren gaineko propaganda" egin ordez.

Hasieratik, Zumarditxikia berreskuratzeko parte hartze prozesua ez dela behar bezala bideratu dio EH Bilduk. 2018ko azaroan egin zen lehenengo bileratik 2021eko uztailera egindako bileretan aurkeztutako bi proposamenek, ez zuten herritarrek «ahalik eta espazio naturalena» izatearen nahia betetzen, koalizioaren iritziz. Hori gutxi balitz, «2018 urtean egin zen bilera horretara gerturatu ziren 7 herritarrek bere bat-bateko iritzia eman zuten aldez aurretik informaziorik jaso izan gabe».

Legedi osoan zehar, Zumarditxikiaren gaia ez dela udal barruko inolako foroetan eztabaidatu azpimarratu dute EH Bilduko kideek, eta salatu dute ez dutela inongo momentuan proiektuaren berri izan, ezta beraien iritzirik emateko aukerarik izan ere. Aurrekari horrekin, behin betiko proiektua aurkeztu zen, eta iraileko udalbatzan udal gobernuak obra egiteko 2.000.000 euro gehitu zizkiola adierazi dute aurretik esleitu zituen 500.000 euroko partidari.

Bilduren iritziz, aurkeztutako proiektuak Zumarditxikiaren balio historikoa eta paisajistikoa ez du errespetatzen eta espazioa errotik eraldatuko dute, eta azpimarratu du herritar ugarik bere kezka eta kontrako iritzia azaldu dutela, tartean, «sona handiko hirigintzan adituak eta herriko 34 arkitektok».

Azken asteetan Olatz Peon alkatea egiten ari den «esfortzu eta gastu erraldoia» proiektuaren definizio fasean egin behar zela uste du oposizioak, eta salatu du «bere proiektua zabaltzeko egiten ari den erauntsi propagandistikoa».  Era berean adierazi du «behar bezala landu ez den eta kontrako iritzi andana duen proiektu bat inbutuarekin sartu nahi digutela» eta bertan aparkatzen duten ibilgailuei konponbiderik eman gabe utzi dutela.

Horregatik eskatzen diete EAJ eta PSEri utz diezaiotela propaganda egiteari, eta aparkalekuei irtenbidea adostu dezatela lehen bailen. Behar bezalako parte hartze prozesurik ez baldin badute bideratzen, eta tolosarrek nahi ez duten proiektuarekin aurrera jarraitzen baldin bada, atzera bueltarik izango ez duen hanka sartze historikoa izango dela dio EH Bilduk.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!