Gutuna

Zumarditxikiari buruzko manifestua

Erabiltzailearen aurpegia Manifestu hau 34 arkitektok sinatu dute. 2022ko abe. 3a, 10:00

Herriko arkitekto talde bat gara, Zumarditxikirako Tolosako Udalak sustatutako proiektuaren berri izan dugu eta lerro hauen bitartez gure kezka adierazi nahi dugu. Ez daukagu inolako motibazio alderdikoirik, gure motibazioa profesionala eta pertsonala da, arkitekto eta herritar bezala Tolosarentzat onena besterik ez baitugu bilatzen.

Orain artean prentsan publikatu izan den informazio mugatuaren bitartez izan dugu Zumarditxikia birmoldatzeko proiektuaren berri. Azken egunetan ordea, Exekuzio Proiektua aztertzeko aukera izan ondoren, elkartzeko eta gure iritzia publikoki adierazteko beharra sentitu dugu:

  • Zumardia XVIII. mende bukaeran eraikitako zuhaitz parkea da. Herri askotan sortu ziren garai hartan antzerako espazioak, aisialdirako, paseorako, festarako aukera ematen zutenak. Gehienak desagertu diren arren Tolosakoa ia hasierako forma eta ezaugarriekin iritsi da gugana. Balio historiko, formal eta funtzional eztabaidaezina duen eremua da, zerbaitegatik eduki zuen Tolosako Udalak bereziki babestua, 2009ko arauetan babesa kendu zion arte.
  • Azken hamarkadetan izan duen aparkaleku erabilerak Zumardia herritarren imajinario kolektibotik ezabatzea suposatu du: horregatik, aparkalekuak kentzeko erabakia txalogarria iruditzen zaigu, espazio zoragarri bat berreskuratzeko aukera paregabea eskaintzen baitigu. Udalak proposatzen duen proiektuak, ordea, ez digu herritarroi Zumardi Txikiko espazioa berreskuratzeko aukera emango, espazioa desitxuratu egingo da, eta beste zerbait bihurtuko da. Proposaturiko proiektua gauzatzen bada Tolosak Zumarditxikia galduko du betiko.
  • Zuhaitzak, gaur egun ordenatuta eta konfiguratuta dauden moduan, izan dira zumardietako protagonista eta izaeraren erro: zuhaitzik gabe ez zegokeen zumardirik. Zentzurik ba al du beraz gure zumardia berreskuratzeko lanetan zuhaitz guztiak moztu behar izateak? 90 urtetik gora dituzten platanoak, gazteagoak, hogei urteko zumarrak, 60 zuhaitz inguru guztira, urtero hostotza eta itzal ederra ematen dutenak errotik moztea ez dirudi berreskuratzen hasteko formarik egokiena.
  • Egungo Zumardia kokapen paregabea duen plaza publikoa da. Plaza handia da, 150 metro luze eta 20 metro pasa zabal, erabilera ugari eskaintzen duen espazio laua. Harremanetarako gune bat da, egoteko leku bat, azken urteetan egin izan diren jaialdietan ikusi ahal izan dugun bezala, jende ugari biltzeko gaitasuna duen saloi bat.

Udalak sustaturiko proiektuak espazioa desegiten du, zatitu, mailakatu; egoteko eta biltzeko espazio bat izatetik zeharkatzeko espazio bat izatera pasako da. Mugikortasuna lehenesten da eta ondorioz goiko kaleak 4 edo 5 metro kentzen dizkio Zumardiari luzera guztian. Egoteko eta biltzeko balio duen plaza, ibairantz progresiboki jaisten den ibilgune zabala bihurtuko da. Proposatzen den ibai ondoko pasealekuak ez du erabilera malgutasunik eskaintzen; ekitaldi edota jaialdiak antolatzeko, eszenatoki bat jarri edo dantza egiteko, mugatua geldituko da.

Egun laua den eremua mailakatzean irisgarritasuna zailtzen da, ibaiaren mailara gerturatzeko nahiak irisgarritasuna bermatzeko arrapalak eta trantsizio guneak erabiltzera behartzen du, espazioa txikitu eta baldintzatuz.

Proiektuak lekuaren desnaturalizazioa dakar, eskailera mailak, arrapalak, harmailak, bide-gorria, espaloiak… hormigoi andana erabiliko da egun asfalto pixka bat soilik dagoen plazan, lurzoruaren zati handi bat iragazgaitza bihurtuz eta tamaina handiko zuhaitzak hazteko aukera mugatuz.

XXI. Mendeko tolosaren beharrei erantzuteko ez da beharrezkoa egungo Zumarditxikia desagerraraztea. Zumardia errespetatuz idatziko litzatekeen proiektuak, dudarik gabe, bete ditzake egungo mugikortasun, irisgarritasun, inklusibitate eta ongizate baldintzak.

Akats historiko bat ekidin nahi dugu. Ulertzen dugu udalak eta proiektua idatzi duen enpresak lan handia egin dutela; eskertzen diegu ahalegina eta egindakoa, baina proiektu hori ez da gure ustez eremurako egokia. Zumardia kendu ziguten eta Zumardia berreskuratu nahiko genuke, jar ditzagun horretarako oinarri egokiak, soseguz eta elkarlanean.

Autoak kentzeko baldintzak lortuta eta espazioaren babes maila egoki aztertuta, jar dadila berriro birgaitze prozesua martxan, eta berreskuratu dezagun Zumardia, itzul diezaiogun herriari behar duen duintasun eta edertasunaz. 

Anne Lacaton eta Jean-Philippe Vassal Arkitekturako Pritzker saridunek frogatu zuten bezala, oinarrian ondo dagoenak ez ohi du interbentzio handirik eskatzen gizarteari zerbitzu egoki bat ematen jarraitzeko.

Amaitzeko, azpimarratu nahi genuke ezohiko aberastasuna dela Tolosaren neurriko herri batentzat 50 herritarretik gora arkitektura edo hirigintzan trebaturik egotea. Giza kapital honek Udalak erabaki hobeak hartzeko balio dezakeela uste dugu, eta horregatik eskaintzen dugu geure burua herriak aurrerantzean izango dituen hirigintza arloko erabaki garrantzitsuetan ere geure ikuspuntua eskaintzeko.

Manifestuaren arkitekto sinatzaileak: Ander Agirrezabala Vitoria, Joseba Aranburu Barrenetxea, Ion Arruebarrena Altuna, Xabier Artola Amonarriz, Maider Artola Errazkin, Aiora Astiz Manzano, Ander Auzmendi Perez de Lazarraga, Jone Azaldegui Balda, Helena Biurrun Galarraga, Nahikari Calleja Moreno, Laura Casi Lakunza, Itxaso Ceberio Usabiaga, Jon Eguizurain Trejo, Ane Elizegi Agirre, Hektor Espin Larreta, Elixabete Garmendia Eraso, Leire Garmendia Eraso, Gorka Gaztelumendi Garaikoetxea, Juanjo Gurrutxaga Chacón, Maria Gurrutxaga Insausti, Iñigo Iglesias Ayestaran, Manex Izagirre Elizaran, Edurne Izagirre Elizaran, Juan Labayen Celaya, Ernesto Limousin Garmendia, Maialen Lopez Agirre, Leire Malkorra Renobales, Ainara Martinez de Albeniz, Enara Miguel Huarte, Mireia Roca Zeberio, Isaura Rodriguez Azpiroz, Irene San Sebastian Lasa, Mireia Sarasola Aguirre, Iñigo Tobes Alberdi.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!