Plastiko gorriak banatu dituzte Alde Zaharreko bizilagunek

Ataria 2023ko urtarrilaren 14a

Alde Zaharrarekiko duten kezka bistaratzeko balkoietan plastiko eta tela gorriak jarri dituzte azken asteetan. Bizilagunen artean partitu dituzte gaur goizean.

Tolosako Alde Zaharreko bizilagunak kezkatuta daude auzoaren egoerarekin. Zumarditxikia berritzeko udalak proposatutako proiektuak bizilagunen artean sortutako desadostasunetik abiatu da dinamika eta abenduan egindako bilera jendetsu baten ostean elkarrekin antolatzeari ekin diote.

Aparkalekuekin dauzkaten arazoekin batera, Alde Zaharrerako plan integral bat osatzea ere eskatzen dute bertan bizi diren bizilagunek. Merkataritza eta ostalaritzaren egoera, Erretengibel desegitea eta diru laguntzen ezabatzea eta auzoan dauden etxe hutsak eta haien egoera dute kezka iturri nagusi. Urte luzez gauzatu gabeko proiektuak egon direla diote bizilagunek eta egoerari irtenbide bat bilatu nahian abiatu dituzte elkarrizketak udalarekin. Gainerako alderdiekin eta eragileekin ere hasi dituzte bilerak eta auzotarrak berriz ere inauterien aurretik bilduko dira elkarrekin.

Bien bitartean salaketa kanpainarekin jarraituko dute eta Alde Zaharreko balkoi eta leihoetan plastiko eta tela gorriak jarriko dituzte aldarri ezberdinekin: Zaindu Alde Zaharra, SOS Alde Zaharra, Alde Zaharra bizirik edota Babestu Alde Zaharra. Gaur banatu ditzute plastiko gorriak Maria Luisa Agirre Doktorea plazan. Iritziak partekatzeko tolosakoaldezaharra@gmail.com posta elektronikoa ere sortu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!