Tolosako Txozna Batzordeak inauterietan txosnak Euskal Herria plazan mantentzeari eusten dio. Aste honetan izan dute azken bilera udal ordezkariekin eta batzordeko kideen esanetan udalaren jarrera ez da oraindik aldatu, txosnagunea Plaza Berrian kokatzeko proposamenarekin jarraitzen dute. Euskal Herria plazako kokaguneari eusteko aldarria entzunarazteko elkarretaratzea deitu du Tolosako Txozna Batzordeak udaletxe aurrean eta herritar ugari bildu dira bertara. "Euskal Herria plaza da txosna jartzeko lekurik egokiena, gainerako plaza guztietan arazoak leudeke. Aldarri hau ez da kapritxo bat, behar bat baizik", esan dute elkarretaratzearen amaieran.
Batzordeko kideek adierazi dutenez, urtero Euskal Herria plazan jartzen duten karpa inauterietan erreferentziazko gune bat da jende askorentzat. Beraz, txosnak Plaza Berrira mugitzea jende gehien ibiltzen den lekutik asko urruntzea ekarriko lukeela uste dute, "are gehiago kontzertuak izaten diren ordutegietan". Gainera, uste dute, "proposamen lotsagarria" dela karpa bat Plaza Berrian jartzearena: "30x15 metroko karpa bat kabitzen ez dela ikusi dutenean, 14x29 metroko karpa bat marraztuta duen google maps-eko kaptura bat erakutsi digute. Marrazki horretan parkeari, tabernetako terrazei eta kioskoari pega-pega eginda agertzen da karpa". Tolosako Txozna Batzordeak gaineratu du, beharrezkoak diren kaseta eta beste baliabidetarako toki faltak, Euskal Herria plazan ez bezala, Plaza Berriko jarduna erabat baldintzatuko lukeela.
Orain arte izan dituzten bileretan soinuarena da, batzordeko kideen esanetan, mahai gainean udalak jarri duen argudio bakarra. "Bizilagunak, askoz gertuago geratzen dira Plaza Berrian eta gainera proposatzen diguten bezala kontzertuak, karpaz kanpo, kioskoan eginez gero, soinu aldetik askoz ere zarata handiagoa sortuko litzateke. Euren darabilten argumentu bakarrarekin kontraesanean dago aurkeztu zaigun proposamena". Batzordeko kideek azpimarratu dute urtero errespetatu izan dituztela adostutako neurriak.
Ez dute uste udalaren jarrera "burugogorkeria" soilik denik. Txozna Batzordeko kideek udalari egotzi diote Euskal Herria plazako bizilagunak erabili nahi izatea txosnagunearen aurka joateko. "Guk ez ditugu inondik inora bizilagunen kezkak gutxietsi nahi, eta bere horretan mantentzen dugu uneoro haiekin hitz egiteko izan dugun prestutasuna eta adostasun konkretuetara iristeko jarrera".
Babesa metatzen jarraituko dute
Plaza Zaharrean egindako elkarretaratzearekin txosnen aldeko aldarriari entzungor ez egiteko exijitu dio Txozna Batzordak udalari eta azpimarratu du txosnak herriaren erdigunetik apartatzeko nahi eta borondate politiko bat dagoela jarrera honen atzean. "Badakite ondo asko, deserosoak egiten zaizkien eragileentzat diru iturria dela txosna eta baita instituzioen kontrol zuzenetik kanpo dagoen aisialdi eskaintza bat egiten dugula. Antolakuntza zein finantzaketari dagokionez, estatuari eta honen bueltako instituzio lokalekiko menpekoak diren antolakundeak soilik nahi dituzte alboan. Jaten ematen dizunari obedientzia zor diozu, nahi izan ala ez".
Bukatzeko, Tolosako Txozna Batzordeak eskatu dio udalari "aurpegira barrerik ez egiteko eta erasoa gelditzeko". Elkarretaratzean batu diren herritarrek esan dute antolakuntza eta elkartasuna dela zapalkuntzen aurrean duten tresnarik eraginkorrena eta babesa metatzen jarraituko dutela datozen egunetan. Dagoeneko 850 pertsona baino gehiagok eman dute bere sinadura aurtengo inauterietan txosnak Euskal Herria plazan egon daitezen, eta horrekin batera, babesa emanez herritarrek argazkiak eta hainbat musikarik mezuak bidali dituzte.
Otsailaren 16an hasiko dira Tolosako inauteriak, eta prestaketa lanetan hasita dago Tolosako Txozna Batzordea. Bertan biltzen diren eragileek jakinarazi dutenez, datorren astean beste bilera bat egingo dute udal ordezkariekin.