Tolosako Txozna Batzordeak inauterietan txosna gunea Euskal Herria plazan jartzeko borondatea berretsi eta salatu du Tolosako Udalak ez diela horretarako baimenik eman nahi. Txosnak Plaza Berrira lekualdatzeko proposamena luzatu zietenetik ez dute udalarekin harremanik izan. Zain daudela esan dute, eguberrien aurretik proposamen zehatz bat luzatuko zietela hitz eman arren, ez dutelako orain arte ezer jaso. Egoera luzatzeak haien kontra egiten duela esan dute, antolakuntzan bete-betean sartuta, beharrezkoa baitute udalaren baimena tramiteekin jarraitu ahal izateko.
Gauzak horrela, Tolosako Txozna Batzordeak adierazi du ez duela inolako asmorik plazaz aldatzeko eta dei egin die tolosarrei euren aldarrira batzeko. Horretarako, batetik, urtarrilaren 13an, Plaza Zaharrean, udaletxe parean, elkarretaratzea egingo dute 18:00etan; eta bestetik, salaketa kanpaina bat zabalduko dute jendeak babesa publikoki adierazi dezan, firma bilketa bat eginez eta Tolosako Inauterietan Txozna Euskal Herri plazan edo Udalaren erasoa gelditu bezalako leloekin argazki eta bideoak bilduz.
Aurretik ere eginak dituzten bi eskakizunak mantendu ditu batzordeak: datozen inauterietan txosnak Euskal Herria plazan jartzeko baimena lehenbailehen ematea eta hurrengo urteetarako txosnak plaza horretan bertan jartzeko oztoporik ez jartzea. Izan ere, batzordeko kideek adierazi dute Euskal Herria plazan egon nahi izatea ez dela «kapritxo» bat, are gehiago, txosna gunea antolatzeko plaza egoki bakarra dela uste dute. «30 x 15 metroko karpa erabiltzen dugu eta hau Plaza Berrian jartzea ezinezkoa da, inguruan behar ditugun biltegi, komun, zakarrontzi, musikarien auto eta bestelakoak kontuan izanda. Karpak Euskal Herria plaza oztopatzen duena baino gehiago oztopatuko luke Plaza Berria, aldera ezinak baitira plazen tamainak». Txosnak festa giroaren erdigunean egon izan direla esan dute Tolosako Txozna Batzordeko kideek, tabernek eta karrozek osatzen duten zirkuituan, eta Plaza Berrian askoz ere aparteago geratuko liratekeela uste dute.
Batzordetik adierazi dutenez, sortu daitekeen zarata da Tolosako Udalak argudiatu duena Plaza Berria txosnentzat kokaleku bezala proposatzeko. «Kontzertuak kioskoan egitea proposatu izan digute, karpatik kanpora, baina gure ustez bizilagunentzat are okerragoa litzateke hori, karpak soinuaren aurka egiten duen babesa kenduko litzatekeelako. Gainera, Plaza Berrian etxebizitzak txosnatik askoz ere gertuago leudeke». Tolosako Txozna Batzordearen ustez, beraz, plaza aldaketak «ez du zentzurik».
Udalaren aldetik jaso beharreko proposamen zehatza eta baimena atzeratzea propio hartutako estrategia dela uste du batzordeak eta udalaren «utzikeria» salatu du. «Baliabide guztiak haien esku daudenez, auzia geroz eta gehiago luzatu orduan eta egoera okerragoan dago batzordea». Gogoratu dute hainbat eragile politikorentzat eguneroko jarduna mantentzeko behar beharrezko diru iturria dela txosna. «Udalari exijitzen diogu, beraz, ez dezala jarraitu ekonomikoki hauen itotzea bultzatzen, eragile hauen jarduna gustatzen ez bazaio ere».
Tolosako Txozna Batzordeak urte guzti hauetan txosna guneak inauterietan egin duen ekarpena hartu du aintzat eta erreferentzia egin dio musika eskaintza zabalari. «Hori posible izan da, hein handi batean, Euskal Herria plazaren ezaugarriei esker. Musika taldeentzat oholtza handi bat eta entzutera datozen ehunka zaleentzat nahikoa espazio duen karpa bat egon delako herriaren erdigunean». Musika eskaintza hau udalak bere jai egitarauan sartu izan du batzordearen adostasunarekin. «Lan guzti horren ondoren zein da udalak ematen duen erantzuna? Bada ez zaizkiela txosnak batere inporta. Pisua kendu nahi diete eta beren bideragarritasuna zalantzan jartzen duten aldaketak inposatu nahi dizkigute».
Txosna gunea inauterietan Euskal Herria plazan mantentzeko aldarriarekin bat datozen herritarrak datozen asteetan babesa publikoki adieraztera animatu dituzte batzordetik. Gaurtik aurrera sinadura eman ahalko da babesa adierazteko eta argazki eta bideoak bidali ahal izango dira salaketa egiteko. Urtarrilaren 13an, berriz, elkarretaratzea egingo dute 18:00etan aldarria udaletxe atarira eramateko. Lotura honetan egongo da horretarako aukera: https://www.change.org/TxoznaEHplazan. Urtarrilaren 13an, berriz, elkarretaratzea egingo dute 18:00etan aldarria udaletxe atarira eramateko.