ELKARRIZKETA

«Neska gazteak esnatu direnean, haien amak esnatu dira»

Itzea Urkizu Arsuaga 2023ko urt. 16a, 07:58
Silvana Ostiza. I.U.A.

Silvana Ostizak zuhaitz batetik bestera salto eginez darama ia bizitza osoa, eskubide sozialen alde. Feminismoaren ardatzean beti, eta begiak eta belarriak adi, gizartearen ertzetan gertatzen denari. 

Zein dira feminismoak urte hauetan guztiotan eskuratu dituen lorpen garrantzitsuenak?

Abortua, gorputza eta sexualitatea, horiek izan ziren guk gure hasieretan gehien landu genituen esparruak. Planifikazio familiarreko zentroak lortu genituen, gerora kendu zituztenak. Ez zeuden asko, eta emakume askok jotzen zuten haietara; izan ere, abortu eskubiderik ez zegoen, eta haurdun gelditzea oso larria zen. Bestalde, mugimendu feminista erabat euskaldundu da. Indarkeria matxistaren errealitatea ez da hainbeste aldatu, baina salaketak eta haien ondorengo babes soziala bai.

Beharbada, hori da gehien aldatu dena?

Bai. Eta, nik uste dut horrek aldarazi duela feminismoa. Urte batzuetan, bazirudien feminismoa desagertuta zegoela, ematen zuen dena lortuta zegoela bat-batean. Instituzioek ere bereganatu egin zituzten aldarrikapen batzuk eta, orduan, kalean feminismoa indarra galtzen joan zen. Ordutik hona, legeak egin dira; legerik ez baldin badaukagu babesteko, ezin dugu ezer egin. Begira Iran, Irak edo Afganistan. Emakumeok babestuko gaituzten legeak behar ditugu, baina betearaziko direnak, noski. Zeren Berdintasun Legea badago, baina lege hori martxan jarri behar da erakunde guztietan, eta aurrera eraman. Legeek tresnak ematen dizkigute, gutxieneko bat.

Feminismo instituzionala aipatu duzu; horren inguruan ere bada iritzi-talka. Beharrezkoa da?

Gure mikro-bizitzatik abiatuta, herrietatik, iruditzen zait biak uztartu daitezkeela, oso garbi baldin badago zien den mugimendu feministaren esparrua, eta zein instituzioena. Emakumeengan inbertitu behar dela uste dut, eta instituzioetan presioa egin behar dugula hori lortzeko, gure dirua ere badelako. Ezin dugu kalean bakarrik egon, gure indarra erakusten; gauza batzuk instituzioek egin behar dituzte, eta ez guk.

Bidea mugimendu feministak marraztu behar du?

Bai, noski, eta hala komeni da, gainera. Zortea ere badugu neurri batean, eta, oro har, uste dut oso berdintasun teknikari onak daudela Euskal Herrian.

Urteotan guztiotan, zein izan dituzu erreferente?

Simone de Beauvoir, Virginia Woolf, sufragistak, Victoria Sau, Clara Campoamor, Dolores Ibarruri... Eta, gero, bagenituen gertuagoko erreferenteak ere, esaterako, Fini Rubio; zapalkuntza hirukoitzarekiko bere teorizazioarekin oso identifikatuta sentitzen nintzen. Arantza Urkaregi ere erreferente genuen, teorizatzaile garrantzitsutzat genuen. Eta, gero, liburuak, liburu pilo bat.


Teoria ezinbesteko pieza da ahalduntzeko?

Bai, iruditzen zait oso garrantzitsua dela. Eta, bide horretan, garaiko erreferenteak ere sortzen dira. Asko gustatzen zait Amaia Perez Orozkoren ekofeminismoarekiko proposamena, eta baita Yayo Herrero ere. Zahartzaroko ahalduntzearekiko duen ikuspegiagatik, Mari Luz Esteban ere oso gustukoa dut.

Aipatu dituzu duela zenbait hamarkada feminismoaren baitan bizirik zeuden zenbait eztabaida. Orain ere, auzi batzuk pil-pilean daude, prostituzioa edo trans legea, kasu. Nola bizi duzu hori?

Iruditzen zait oso gai korapilatsuak eta konplexuak direla, eta uste dut belaunaldiak ere baduela zerikusia eztabaida horietan kokatzerakoan. Baina, kondenatuta gaude elkar ulertzera, ez dago besterik. Bakoitzak pentsatuko du pentsatuko duena, baina elkartzen gaituzten gaiei heldu behar diegu, zubiak eta elkarlanak sortu, aliantzak egin, eta aurrera. Izan ere, eztabaidak beti egon dira, baina kasu batzuetan gure arteko eztabaidagai horiek ez dira kalera iristen.

Zubiak eraikitzekotan, zein lirateke gutxienekoak?

Berdintasuna, antiarrazakeria, zaintza eta indarkeria. Uste dut horiek direla elkarrekin aritzeko batu behar gaituzten aferak. Eta, gero, egon liteke adostasuna beste eztabaidagai batzuetan ere. Prostituzioaren inguruan Tolosan egindako saioa oso adibide ona izan zen, bi posizio zeudelako, baina puntu askotan oso gertu zeudelako elkarrengandik; biekin nengoen ados, nolabait. Horrek behar luke helburua, horrelako giro batean eztabaidatzea. Ez dugu aktibismoak soilik aritu behar, gure artean eztabaidatu ere egin behar dugu.

Euskal Herria zein tokitan ikusten duzu jendarte feminista bat lortzeko bidean?

Indartsu ikusten dut feminismoa; jendeak erantzuten du. Tolosan duela lau urte indar handiagoz hasi ginenean, deialdietara gaur egun baino askoz ere jende gutxiago etortzen zen. Neska gazteek eragin handia izan dute horretan, nire ustez. Beraien bizitzak arriskuan daudela ikusi dute, eta horri erantzuten hasi dira. Eta, neska gazte horiek esnatu diren aldi berean, haien amak esnatu direla iruditzen zait.

Zure lan-ibilbideko azken urteak Donostiako Emakumeen Etxean egin dituzu.

Donostiako Alde Zaharreko haur eskolan aritzen nintzen, udaleko langile moduan, baina, duela bederatzi urte beste lanpostu batzuk atera ziren, eta tentagarria iruditu zitzaidan emakumeen etxekoa; profilerako egokia nintzela iruditu zitzaidan, eta saltoa eman nuen. Hasieran zaila egin zitzaidan, mundu batetik bestera pasatu nintzelako, baina murgiltze handi bat izan zen feminismoan, eta gauza ikaragarriekin egin nuen topo: emakume talde asko, zerbitzuak... Ez nekien emakumeen etxe bat zer zen, aldamenetik askotan pasatzen nintzen arren. Asko ikasi dut, dena.

Zergatik dira garrantzitsuak emakumeen etxeak?

Espazioak behar ditugulako, emakume askoren eta askotarikoen topaguneak. Formakuntzarako, pentsamendurako, elkar laguntzeko, ekintzetarako behar ditugu emakumeen etxeak, lagunduko digutelako emakumeon bizitzak hobetzen eta gizarte parekideago bat lortzen. Andragora Tolosaldeko emakumeen etxeak bere bizitza eta dinamika propioa hartuko ditu, eta konplizitate-sare asko sortuko dira. Emakumeen etxeak feminismoa sendotu eta gorpuztuko du, finean. Horretarako toki bat izatea ezinbestekoa da, gune seguru bat. Eta hori guztia eskaintzen du emakumeen etxeak.

Buru-belarri aritu zara Andragora sortzeko prozesu osoan. Zer itxaropen dituzu etxea zabaltzen denerako?

Ilusio handiz nago, luze egiten ari baita. Bidea oso aberatsa eta parte-hartzailea izan da, hainbat emakume elkartu gara, eta aliantza asko egin ditugu. Nekatu egin gara, baina, oro har, oso gauza interesgarriak atera dira eta helburuak garbi ditugu. Atea zabaltzeko gogoa dut, obrak bai baitoaz aurrera. Espero dut askotariko emakumeak inguratzea. Jabetze eskolan jada ikusten da hori: asko zabaldu da parte-hartzea. Eta, gune hori zabaldutakoan, gehiago zabalduko da eskola, eta gauza gehiago antolatuko dira. Etxea erreferentziazko espazio bilakatuko da. Eta, ekintza zehatzetatik aparte ere, edozein garaitan bertaratzeko aukera izango dute emakumeek, bertan egotera, jendearekin hitz egitera, liburuak kontsultatzera... Denok eroso sentitzea espero dut.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!