«Zumarditxikiarekin egin nahi dutena hanka sartze historikoa izango litzateke»

Ataria 2022ko abe. 19a, 18:00

EH Bilduk 2023ko aurrekontuaren aurkako bozka zergatik eman duen azaldu du: «Mugikortasuna, Alde Zaharra, Zumarditxikia, San Esteban, etxebizitzak, energia eta klima aldaketa, azokak eta komunikazioa dira erabaki honen atzean dauden gako nagusiak».

Tolosako EH Bilduk 2023ko aurrekontuaren balorazioa egin du. Hainbat arlo aztertu dituzte, desadostasuna azaltzeko. Mugikortasunari lotuta, Esti Kortejarena Ugarte hautetsiak ahalegin falta salatu du: «Udal gobernuak ez du mugikortasunaren paradigma aldatzeko inongo ahaleginik egin, ibilgailu pribatua gutxiago erabili eta garraio publikoa zein bizikletaren erabilera ez ditu sustatu, alegia».

Zumarditxikia

Aparkalekuei dagokienez, Zumarditxikitik autoak ateratzeak sortuko duen arazoari berandu eta erdizka erantzun zaiola gaitzetsi du Kortajarenak: «EH Bilduk plangintza sakona proposatzen du, tartean aurrekontuetan txertatzeko aurkeztu genuen altuerako aparkalekuaren disuasio-neurria. Horri lotuta, EH Bilduk argi utzi nahi du ez duela inolaz ere babestuko Zumarditxikia eraistea eta bertan beste zerbait egitea. Prozesua ez da behar bezala egin eta gobernuaren proiektuarekin aurrera jarraitzea atzera bueltarik izango ez duen hanka sartze historikoa» litzatekeela salatu du hautetsiak.

Alde Zaharra

Ander Figuerido Zubiria hautetsiak Alde Zaharraren inguruan hitz egin du. Bizitzeko «atseginagoa eta erakargarriagoa» izateko esku hartze integrala eskatu dio udal gobernuari: «Epe motz, ertain eta luzerako bide orria osatu bizilagun, dendari eta erakunde ezberdinekin batera, bertako bizilagunek eskatzen duten moduan». Figueridoren esanetan, errealitate desberdindua du auzoak: «biztanleria zahartuagoa, etorkin eta pobrezia tasa altuagoak, komertzio eta ostalarien gutxitzea, gune ospel eta ez erabilien ugaritzea… Alde Zaharra biziberritzeko azterketa plan integrala egitea funtsezkoa da, eta hau behintzat, datorren urteko aurrekontuetan jasotzea lortu dugu».

San Esteban

San Esteban auzoaren «garapen urbanistiko orekatua» egiten den bitartean, auzoa duindu eta atseginagoa bihurtzea beharrezkotzat jo dute EH Bilduko ordezkariek, «erabilerarik ez duten eta udalaren jabegokoak diren orubeak txukundu eta azken urteetan egin ez diren mantentze lanak eginez». Auzotarrek interbentzio hauek hamaika aldiz eskatu dituztela esan du Figueridok, baina «udal gobernuak ez du aurreko urtean EH Bildurekin adostutako partida egikaritu, eta datorren urterako euro bakar bat ere ez dute aurreikusi horretarako».

Etxebizitzak

EH Bilduko zinegotziak, alokairu publikoko etxebizitza eskaintza areagotzeko «askoz ere esfortzu handiagoa» egin behar dela azpimarratu du, etxebizitza hutsen identifikazioa eginda hauek birgaitu eta alokairu sozialean jartzeko laguntzak handitu behar direla adieraziz. Honez gain, datozen urteetan zenbat etxebizitza gehiago hustuko diren jakiteko auzoz-auzoko azterketaren beharra defendatu du Figueridok, Tolosan dagoen etxebizitza berrien benetako beharra ezagutzeko: «Gainera, etxebizitza berri gehienak irizpide sozialekin eraiki beharko genituzke, etxebizitza kooperatibak, komunitarioak, babes ofizialeko alokairukoak...». 

Klima aldaketa

Andu Martinez de Rituerto Tolosako EH Bilduko bozeramaleak, udalbatzak klima aldaketaren eraginei aurre egiteko 2019an hartutako konpromisoak ez direla bete gogoratu du. 2023rako ere «ganorazko neurririk» ez dagoela azpimarratu du: «Dagoeneko bizi ditugun eraginei aurre egiteko natur ingurunearen erresilientzia handitu behar dugu». Tolosan energia berriztagarriak sortzeko aukeren azterketa, hauek garatzeko estrategia, energia aurrezpena eta efizientzia lortzeko eta pobrezia energetikoari aurre egiteko urgentziazko ekintzak zein neurri estrukturalak jasoko dituen plana zehaztu behar du udalak, Rituertoren esanetan. «Multinazionalen eredu merkantilista atzean utzi eta herritarron kontrol maila handiagoa bultzatu behar dugu burujabetza energetiko ahalik eta altuena izateko», gehitu du.

Ekonomia

Garapen ekonomikoa eta lehen sektorea indartzea «ezinbestekotzat» jo ditu EH Bilduk. Andu Martinez de Rituertok, lehen sektorea faktore anitzek ahuldu dutela esan du, eta elikadura burujabetza maila ahalik eta handiena lortzeko Tolosako elikagaien kate osoa indartzea defendatu du, «ahalegin berezia jarriz bertako produktuen ekoizpena eta kontsumoaren sustapenean, larunbateroko azokaren aldarria eginez». EH Bilduk desoreka handia ikusten du udal gobernuaren politiketan arlo honi dagokionez: «Izan ere, lehen sektorea profesionalizatzeko, ekoizpena indartzeko eta larunbateroko azoka sustatzeko baliabide gutxi bideratzen diren bitartean, azoka berezien aurrekontua hirukoiztu egin da, azoka berezi hauek Tolosa eta tolosarrongan duen inpaktua objektiboki aztertu gabe».

Azken urteetan larunbateroko azokari eta azoka bereziei esleitutako aurrekontuaren bilakaera jasotzen duen taula ere aurkeztu dute EH Bilduko zinegotziek:

 

 

Larunbatekoak

Bereziak

2018

0€

100.100€

2019

20.000€

121.100€

2020

20.000€

132.600€

2021

30.000€

31.000€ (Pandemia)

2022

5.025€

162.600€

2023

5.025€

268.600€ + Eliker 87.000€

Komunikazioa


Udalaren komunikazio estrategiarekin ere kritiko agertu da EH Bildu. Aurkeztu dituzten datuen arabera, 2018tik 2023ra komunikaziorako partida laukoiztu egin da, 115.000 eurotatik 403.645 eurotara pasaz. Udalak bere ekimenen zabalpena, batez ere herritarrei eragiten dieten erabaki eta deialdiei dagokienez, modu egokian egitea oinarrizkotzat jo ditu Andu Martinez de Rituertok, dena den, «ulertzen zaila egiten zaigu horren epe motzean komunikazio beharrak horrela handitu izana. Behar komunikatiboak berraztertu eta horiei egokitutako estrategia komunikatibo zein zentzuzko aurrekontuak behar ditugu. Onartutako aurrekontu hau tokiz kanpo dago».

Komunikazioan egindako gastuaren eboluzioaren taula hau aurkeztu du EH Bilduk:

 

2018

2019

2020

2021

2022

2023

115.000€

136.000€

273.815€

290.005€

327.005€

403.645€

Merkataritza

 

Andu Martinez de Rituertoren esanetan, komunikazioan eta azoka berezietan inbertsioak «ikaragarri» handitu diren bitartean, merkataritza indarberritzeko diru laguntzak ez dira ukitu, eta Gune Biziak programak 0 euroko partida dauka: «Argi dago kontsumo ohituren aldaketak ez diola mesede egiten herriko merkataritzari, baina udalak ere badu erantzukizuna gai honetan, eta bide berriak bilatu behar ditugu bertako merkataritza biziberritzeko». Kale Nagusia berriz ere husten ari dela nabarmendu du EH Bilduko bozeramaleak.

Herri bizia

Bukatzeko, EH Bilduko kideek beste hainbat arlo ukitu nahi izan dituzte, murrizketak edo diru laguntza izoztuak salatzeko. Kulturaren sustapena eta auzo elkarteak izan dituzte hizpide, ondorio honetara iristeko: «Herri bizia mantentzeko ezinbesteko inbertsioak ahaztuta ditu udal gobernuak».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!