ELKARRIZKETA

«Jendea erosteko asmoarekin etortzen dela nabaritzen dugu»

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko abe. 10a, 07:58
Leire Aiartzaguena sortzailea. E. MAIZ

Dinagu Kolektiboko kidea da Leire Aiartzaguena sortzailea, eta Tolosan egingo den Nomadak Gaitun! azoka antolatzen aritu da.

Leire Aiartzaguena Bravo iurretarra da, baina egun Tolosan bizi da. Emakume sortzailea eta Dinagu kolektiboko kidea da. Hariekin egiten du lan, Ehule proiektuan.

Beharra ikusi zenuten?

Beharra dago elkartzeko, eta gainera emakumeok gure ahalduntze prozesu horretan sorkuntza mailan ere ahalduntzeko. Elkarrekin zerbait egite horretan, Nomadak Gaitun! ekimena elkarrekin azoka bat egitea da, sormenetik sortzaileontzat eraikitzeko bide bat. Talde eragilea aldatzen joan da, eta momentu honetan talde txikia gara. Forma eman nahian gabiltza, nola egin bazkide, nola egin handiago... Kolektibotasun horrek badu bere izaera, baina oraindik ez da elkarte osoa kolektiboa. Bide hori garatzeko asmotan gabiltza.

Elkartze eta ahalduntze hori nabari duzue hor zaudeten sortzaileok?

Guztiz. Normalean sortzaileon bizitza oso indibiduala izaten da. Ohikoena proiektua zuk bakarrik eramatea da, eta ez beste kide batekin. Azoketan ere, eta gizarteak badu kutsu hori, alboko postukoak zer saldu duen eta nik zer saldu dudan; lehia hori dago, eta gainera emakumeon artean gehiago gertatzen da gizarteak berak eraginda. Dinaguk elkarrekin gustura egotea ekarri du, eta denok batera zein bide polita egin dezakegun erakutsi digu. Nabaritzen da gugan eta sortzaileongan. Elkar laguntzea eta babestea ekarri du.

Zuen artean ezagutzeko ere baliatzen dituzue azokak?

Normalean saiatzen gara. Azoka batzuek bazkaria tartean eduki dute; beraz, bazkarian elkartu izan gara hitz egiteko eta elkar ezagutzeko, edo kafe bat hartuz. Elkar ezagutzeko paradak dira, eta agian beste azoka batzuetan ezagutuko ez ginatekeen emakumeak ezagutzeko bidea eman digu.

 

«Ez da bakarrik 150 euro zergatik, baizik eta, 20 euro zergatik. Bi aldeak ikusi eta kontsumitu aurretik pentsatzea nahi dugu»



Emakumeak zarete guztiak. Honek lagundu du zuen lana ezagutarazten eta elkartzen?

Hasieran eztabaida izan genuen emakumeak soilik edo denok, hau da, euskal sortzaileak orokorrean. Baina zergatik gara hainbeste emakume sortzaile? Konturatu ginen lan prekario bat dela, kontziliazioa egiten uzten duela. Etxetik lan egin daiteke eta hein batean zaintza lanak egiten uzten du... Egia da pandemia garaian boom bat egon zela.

Sortzaile gehiago zaretela esan nahi duzu?

Jende asko bere eskuekin etxean gauzak egiten hasi zen, baina, aldi berean, burokrazia aldetik, nahiko pisu handia badator; adibidez, Gipuzkoan Tiket Bai bezalako kontuekin. Beraz, alde batetik nik uste dut badagoela gorakada, baina aldi berean burokraziatik zapalkuntza ere bai. Jende asko ez da hasiko horregatik, autonomoen munduan, jarduera ekonomikoan alta emanda egon behar duzu, eta zure irabazien parte handi bat kuota ezberdinetan doa.

Mota honetako azokak ekonomikoki laguntza dira?

Bai, laguntza handia dira. Gainera, sortzaileontzako salmenta aldetik Gabonak urteko momenturik altuenak dira.

Gabonen bezperetan da azoka, eta jendea kontsumitzeko prest egoten da.

Gabonak badira momentu bat kontsumitzeko, batzuk gehiago edo beste batzuk gutxiago. Guk Euskal Herriko bertako produktu bat kontsumitzeko aukera eskaini nahi dugu. Aukera zabal bat, Gabonetan ohikoak diren opari horiek egiteko edo zeure buruari opari bat egiteko, baina bertakoa eta eskuz egina. Horrelako plaza bat eskaini nahi diogu jendeari.

Sumatzen duzue aldaketarik gizartean?

Filosofia hori lantzen dugun jendea elkartzen gara, eta batzuetan ematen du gizartean aldaketa eman dela, baina gure zirkulu horretatik ateratzen garen momentutik konturatzen gara lan handia dagoela egiteko. Gaur egun online kontsumitzearen moda azkarra dago, edo hemen eta orain; kontu guzti horiekin oso zaila da sortzaile bati erosketak egitea. Nik adibidez jertseak egiten ditut eta esaterako 150 euroko balioa du, eta kate handi baten dendan 20 euro balio badu... 150 euro ordainduko dituzu? Pixka bat kosta egiten da txip aldaketa hori egitea. Entzuten ditugu «ze garestia den», edo «nik hori tita egin dezaket», eta «nolatan saltzen duzu 150 euroan?» bezalako esaldiak. Horrelako hainbat eta hainbat gauza daude, baina, aldi berean, uste dugu gizartean badagoela ehuneko bat behintzat saiatzen dena kontsumitzen. Gure azoketara jendea erosteko gogoarekin eta asmoarekin etortzen dela nabaritzen dugu. Orduan, badago halako esperantza txiki hori, baina aldi berean oso-oso konplikatua da.



Zuek zuen aletxoa jartzen ahalegintzen zarete.

Bai, eta balorean jartzen. Eta jendearekin lanketa egiten saiatzen gara, eta zergatik ordaindu behar duen hori, eta zer-nolako lana dagoen horren atzean... Prezio baten gainean lanketa egin dezan, eta ez da bakarrik 150 euro zergatik, baizik eta, 20 euro zergatik. Bi aldeak ikusi, hausnartu eta kontsumitu aurretik pentsatzea nahi dugu.

Zergatik joan behar da Nomadak Gaitun! azokara erosketak egitera?

Esan dudan guztiagatik eta balore guzti horiengatik. Bertakoa kontsumitzeak duen garrantziagatik. Bai azoka horretan aurkituko ditugun hainbat altxorrengatik, eta baita jakiengatik ere, benetan bertakoa kontsumitzearen filosofia osoa hartu behar dugulako gure etorkizuneko Euskal Herri bat eraiki nahi badugu. Geltoki hauek edukitzea kontsumitzaileontzako ere benetan oparia da; luxu bat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!