ERREPORTAJEA

Emakumeek, eskuz eta bertan eginak

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko abe. 10a, 07:59
Nomadak Gaitun! azoka bateko artxiboko irudia. DINAGU KOLEKTIBOA

Nomadak Gaitun! azoka egingo du Dinagu Kolektiboak Tolosako Zerkausian; Euskal Herriko emakume sortzaileak elkartzea du helburu eta hogeita hamarna postu ezberdin izango dira, bihar eta etzi.

Euskal Herriko emakume sortzaileen lanak jarriko dituzte salgai, gaur eta bihar, Tolosako Zerkausian egingo den Nomadak Gaitun! azokan. Dinagu Kolektiboak antolatzen duen sortzaileen azoka da, eta izenak dioen moduan, herriz herri mugitzen dira azokak egiteko.

Nomadak Gaitun! ekimenak Euskal Herriko hainbat herri garrantzitsu pasa ditu, eta Gabonen bezperako egunetarako Tolosa aukeratu dute. «Tolosa Gipuzkoako herri garrantzitsuenetariko bat da», esan du Leire Aiartzaguena Dinagu Kolektiboko kideak. «Ikusten dugu Tolosak herri moduan baduela izaera bat txikian kontsumitzekoa, eta hori nabari da herrian bertan. Txikitasunetik sortu nahi dugu zer edo zer, eta horrelako herri batean behar zuen izan», azaldu du.

Larunbat goizean nekazarien azoka izaten denez, Nomadak Gaitun! azoka arratsalde-gaueko azoka izango da. 17:00etan emango diote hasiera azokari, eta 21:00ak aldera bukatzeko asmoa dute. Igandean, berriz, goizerako plana prestatu dute. 11:00etarako prest izango dituzte postu guztiak, eta 15:00ak bitarte egongo dira, Zerkausian. Bi egunetan umeen txokoa jarriko dute.



Euskal Herriko emakume sortzaileen kolektiboa da Dinagu, «nahiz eta, momentu honetan kolektibo izaera horretatik baduen garatu beharreko alde bat», zehaztu du Aiartzaguenak. «Euskal Herriko emakume sortzaile guztiak batu eta gure lanbidean ahaldundu nahi dituen elkartea da. Sormena lanbide bat izan daiteke, eta gure kasuan hori da», dio. Denak elkartuta, sormen mundua «prekario eta indibidual izatetik» atera nahi dute. Talde bat izan, eta gainera «duina» izatea dute helburu. Bide horretan lanean diharduen elkartea da Dinagu Kolektiboa.

Izatez pandemia aurretik sortu zela kontatu du Aiartzaguenak: «Lau edo bost emakume sortzaile bildu ziren ikusten zutelako gizarteak sortzaile bakoitza bere bide propioa garatzera eramaten zuela, eta nolabait bataren eta bestearen arteko lehia bultzatzen zuela». Mundu indibiduala alde batera utzi nahi eta galdera bat luzatu zieten euren buruei: «Bidea ez da errazagoa izango batzen bagara?». Eta horrela sortu zuten Dinaguren hazi txikia. Pandemiarekin gelditu egin zen, baina ostean beste batzuk elkartu ziren, eta tartean da Aiartzaguena bera.

Nomadak Gaitun! azokarekin hasi zirenean, hasieran, «txikiak ginen eta ezezagunagoak, eta gonbidapen bidez egiten genuen», kontatu du Aiartzaguenak. «Ezagutzen genituen sortzaileak animatzen genituen parte hartzera». Gerora, «izen emate ofizial bat irekitzen dugu, eta astebete uzten dugu nahi duenak formularioa betetzeko», azaldu du antolatzaileak.

«Normalean lan oso-oso zaila izaten da, zeren espazioak uzten duena baino sortzaile gehiagok ematen dute izena, eta aukeraketa bat egin behar izaten da», gaineratu du.



Sormena ogibide lehenetsia

Aukeraketa horretan, «proiektua bere ofizioa duen sortzailea izatea» lehenesten dute. «Askorentzat bere lana eta ogibidea sormena da. Beste batzuentzat bigarren lan bat da, eta hirugarren batzuentzat hobby bat; hau da, denbora librean egiten duzuna», dio Aiartzaguenak. Eskala hori kontuan hartuta egiten dute aukeraketa: «Prozesua oso zaila izaten da, eta 'ez' esatea konplikatua da».

Tolosaren kasuan tokia handia dela kontuan izanda, bai larunbatean eta baita igandean ere, hogeita hamar postu jarriko dituzte. «Batzuk bi egunetan egongo dira, eta beste batzuk larunbatean edo igandean bakarrik izango dira».

Bestetik, azoka ahalik eta anitzena izaten ahalegintzen dira. «Diziplina ezberdinak banatzen ditugu, diziplina horren barruan ahalik eta ezberdinenak direnak mantenduz». Kasu honetan, bi egun izango dituztenez, antzeko horiek bi egun ezberdinetan egongo dira. Albokoak antzeko produktua izatea ekiditen dute.

Dinagu Kolektiboaren beste helburuetako bat Nomadak Gaitun! azokarekin Euskal Herri osoko emakume sortzaileak puntu berdinean lotzea da. «Nomada filosofia horretatik dator, esaterako, Arabako edo Bizkaiko sortzaile bat Tolosara etortzea». Baina hala eta guztiz ere, bertakoei lehentasuna ere ematen diete, eta azokaren %20a gutxi gorabehera bertako postuentzat uzten dute. «Kanpotik ez datoz Tolosara bertakoei lekua kentzera», azpimarratu du. «Bertako jendearekin ere nolabait harremana sendotu nahi dugu».

 

NOMADAK GAITUN!

ABENDUAK 10, TOLOSA, ZERKAUSIA
17:00-21:00. Jone Taberna; Marrak; Maduixa Gorria; Maridomingi; Modu bat; IMZ; Kiribil; Osabi; Norte Jewellery; Kuttun Art; Darama; Ene Kreazioak; Hartara; Naiara Elgarresta; Hamarratz; Nauena; Feeling Wood; Amesgile; Baby Mundua eta Lamia Biocosmetica.

ABENDUAK 11, TOLOSA
11:00-15:00. Ione Larrago; Amalur; Ehule; Natural Killer; Lohiart; Izpiliku; Gigil; MR Laspiur; Laiavarela; Barock; Adricaliptica; Tai Day Studio; Emi Artesania; Itzal; Gorakat; Zizka Mizka; Laino Danen Gainetik; Helena Agell; EM Proiektuak; Suma Flowers.

BI EGUNETAN

Marrabila; Berexi Art; Biziki; Hirutxoak; Pott Keramika; Isla Pitxiak; Lavandula; Kaori; AMLU; Luma Modaetikoa; Koöl Studio; Zura Tree eta Iñurri.

UMEEN TXOKOA

Larunbatean Amesgileren ipuin kontaketa eta igandean, Zizka Mizkaren eskulanen gunea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!