Mikel Alberdi gudariaren gorpua Tolosara ekarri dute

Jon Miranda Labaien 2022ko abe. 4a, 14:10

Zarauzko hilerrian topatu dituzte 1936ko abuztuan frontean hildako gudari tolosarraren gorpuzkiak. Familiak erabaki du Tolosan hilobiratzea, herriko seme-alaba kuttunentzat gordetako panteoian.

1936ko abuztuaren 16an hil zuten Mikel Alberdi Garcia Albizturren eta ordutik bere gorpuzkiak Zarauzko hilerrian egon dira. Aranzadi zientzia elkarteak egindako ikerketa lanari esker topatu dira gorpuzki horiek eta Gogora institutuak familiaren esku utzi ditu gaur. Gerra frontean eraildako lehenengotariko gudaria izan zena Tolosan hilobiratu dute, udalak herriko seme-alaba kuttunentzako duen panteoian, Lizardi poetaren aldamenean.

Jagi-Jagi mugimendu politikoko kidea eta Gipuzko Mendigoizale Batzako buruzagia izan zen Alberdi. 1936ko uztailan altxamendu militarra gertatu eta berehala kolpistei aurre egiteko konpainiekin bat egin zuen. Tolosan gaur egin duten ekitaldian Nuria Alberdi bilobak aipatu du aitona zena baloreez betetako gizona zela, "fededuna, ideal handikoa eta eskuzabala", eta horrek bultzatuta eman zuela bizitza maite zuen horren eta maite zituen horien alde. "Iraganak, hala nahi izatera behintzat, irakaspen bat dakarkigu, gure jendearen alde eta gure balioen alde borrokatzeko aukera ematen digu, guztion artean etorkizun hobeago bat eraiki dezagun".

Ideia horrekin bat egin du Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak ere. Eusko Jaurlaritzako memoria politiken arduradun gisa aipatu du Alberdiren gorpuzkiak Euskal Herriaren iruditeria kolektiboaren parte izan daitezen berreskuratu direla: "Duintasuna, askatasuna, demokrazia, autogobernua, justizia soziala; atzoko, gaurko eta betiko printzipio eta balioak dira; indarkeria eza, giza eskubideak, balio etiko eta demokratikoak, horiek dira gure etorkizuna eraikitzeko oinarriak". Alberdi bezalako gudari eta milizianoen adibidea eta duintasuna dira, Artolazabalen iritzian, etorkizun eta elkarbizitzaren oinarria. Eusko Jaurlaritzaren Gerra Zibileko desagertuak bilatzeko programaren barruan egin da gorpuzkiak berreskuratu eta identifikatzeko prozesua, eta lanak Aranzadi zientzia elkarteak bideratu ditu.

Sailburuak berretsi du Eusko Jaurlaritzak ez duela etsiko hildako gudari eta miliziano guztiak aurkitu eta hobitik ateratzeko ahaleginean. Olatz Peon Tolosako alkateak, hain zuzen, zenbaki horien atzean dauden pertsonak ekarri ditu gogora: "Garrantzitsua da pertsona horiek oroitzea eta haiei aitortza egitea, belaunaldi berriek gertatutakoaren berri jakin dezaten". Memoria historikoaren transmisioa egiteko Tolosako Udalak egindako urratsen barruan kokatu du gaurko ekitaldia eta azpimarratu du behar den tokian egongo direla aurrerantzean Alberdiren gorpuzkiak, Tolosako hilerrian herriko seme-alaba kuttunentzako panteoian. Xabier Lizardi poeta ere bertan dago hilobiratua.

Lurdes Herrasti Aranzadi zientzia elkarteko kideak esan du, bi bilaketek bat egin dutelako topatu ahal izan direla Alberdiren gorpuzkiak. "Mikelen bilobak aitonaren gorpuaren bila zebiltzan alde batetik, eta bestetik, Karlos Almorza eta bere taldeak bazekiten Alberdiren gorpua falta zela". Aranzadik Saseta Defentsa Sistema ikertzen eman ditu azkeneko urteak Almorzaren zuzendaritzapean, eta Herrastik aitortu du, azkenean espero ez zen tokian eta ikerketa luze baten ondoren topatu dituztela Alberdiren gorpuzkiak, Altunatarren panteoiaren atzealdean, Zarautzen.

Gaur Tolosako hilerrian egin den ekitaldiaren ondoren, 86 urte beranduago, Mikel Alberdi Garcia gudariaren gorpua bere jaioterrira itzuli da. Alberdiren biloba Nuriak horrela gogoratu du aitona zena: "Hil zuten, baina ez zuen bizia galdu. Bere memoriak bizirauten du hemen gauden guztion oroimenean".

 

 

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!