Mikel Alberdi, eraildako lehen gudaria, Albizturren hil zuten, ez Bidanian

Erabiltzailearen aurpegia

Karlos Almorza Historian doktorea eta Aranzadi Zientzia Elkarteko ikerlaria da. Azken urteotan, lantalde batekin, Saseta Defentsa Sistema ikertzen ari da. Lanak aurrera egin eta ikerketaren azken aurkikuntza azaldu du Almorzak berak hurrengo orriotan. Honela, Saseta Defentsa Sistema Albizturreraino zabalduko litzateke.

Hogeigarren mendeko gure herriko historian 1936-1939ko Espainiako Gerra deitzen zaionaren gertakizunak orokorrean ezagunak badira ere, xehetasun asko galdu dira. Orain 40 urte gerran gertatutakoa ez ikertzea erabaki zen. Politikariek hartu zuten erabaki hura eta unibertsitateak beste aldera begiratu zuen, bere eginkizuna ez zelakoan edo. Ikerlari gutxi batzuen lanak kenduta, unibertsitateak orokorrean Historia Garaikidetik kanpo utzi zuen 36-39an gertatutakoa. Horregatik gabiltza gaur, 83 urte ondoren, oraindik gertakizun hauek ikertzen.

Duela urte batzuk hasi ginen ikertzen Espainiako Gerran Hernio inguruetan gertatutakoa. Horrela genion Azpeitiko Komandantziari eta Saseta Defentsa Sistemaren gainean idatzitako liburuetan Mikel Alberdiri buruz:

«Horrenbestez, aipatu beharrekoa da Azpeitiko Defentsa Batzordea, hasiera-hasieratik, kontrolatzen zuen azalera handia sendotzera eta Saseta kapitainaren agindupean euskal miliziak garatzera mugatu zela. Saseta kapitaina milizien komandanteburu izendatu zuten helburu horrekin eta, fronte ugarietan, erasoko lana baino gehiago, erresistentziakoa egin zuten. Lehen ekintzak hegoaldeko eta hego-ekialdeko defentsa-lerroan egin zituzten eta kontrolpean hartu zituzten Murumendi, Beizama, Bidania-Goiatz eta Hernio.


Horri esker, euskal miliziak abuztuaren 11tik hartua zegoen Tolosaren ateetan jarri ziren. Gerra-jarduera haietan funtsezkoa izan zen Euskal Mendigoizaleen Batzak erakundeko mendigoizaleek inguruak oso ondo ezagutzen zituztela. Mendigoizale haiek agintari nagusia, Mikel Alberdi, Bidanian egindako sarraldi haietako batean galdu zuten, abuztuaren 16an».

«Azpeitiko Komandantziako hildako lehen gudaria izan zen Madrilen jaio zen 1907an, baina Tolosan bizi zen Mikel Alberdi. Gipuzko Mendigozaleen Batzako (GMB) buruzagi nagusietako bat izan zen. 1936ko abuztuaren 15ean, 300 mendigoizale inguru zuzentzen ari zela, Bidanian egindako sartu-irtenean hil zen. Hala, Mikel Alberdi bihurtu zen gerra-frontean hil zela aitortutako lehen gudaria. Haren gorpua Azpeitira eraman eta han beilatu zuten. Ondoren Zarautzen hobiratu zuten».

Ondo ulertu behar da bai lekukoak eta han ibili zirenek Mikel Alberdi Bidanian hil zutela esan zutela eta beste guztiek bertsio horri jarraitu ziotela. Horrela adierazi zuten garai hartan idatzitako dokumentuek: eskela guztiek, Bidanian eta Tolosako epaitegietan idatzitako heriotza-agiriek, eta baita Zarautzeko eliz barrutiko agiriek ere.

Albizturren hil zuten, ez Bidanian

Horrela adierazi digu Tolosan bizi den Meltxor Otamendik, Hernio hegoaldeko ikerketak eta indusketak hasitakoan.

Meltxor Otamendik Saseta Defentsa Sistema aztertzen gabiltzan Aranzadi Zientzia Elkarteko kideei hain ondo gogoratzen dituen gertakizunak azaldu zizkigun. Otamendiri bere lekukotasuna eskertu beharrean gaude ikerketa taldekoak.


Bidania da Meltxor Otamendiren jaioterria, eta jaiotako Berazeaga baserritik gertu hil omen zuten Alberdi. Garbi azaldu zizkigun non ikusi zuen Mikel Alberdik utzitako odol arrastoa eta Alberdi hil zuten lekuan Meltxorren aitak jarritako egurrezko gurutzea, baita nola behin baino gehiagotan errezatu zuten leku hartan.

Bidania eta Albiztur arteko mugan harriz egindako pareta bat dago, 20. orriko argazkian gorriz markatua. Marraren ezkerrera Bidania dugu, eta eskuinera Albiztur. Argazkian, Meltxor Otamendiren aurrean dago Mikel Alberdi hil zuten lekua, metro bategatik Albizturgo lurretan.

Eta horrela idatzi eta erakutsi beharko dugu hemendik aurrera.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!