Tolosaldeko ospitale publikoa

Asuncion Klinikako langileek hitzarmena negoziatzeko «benetako borondatea» eskatu diote enpresari

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko aza. 26a, 13:37

Asuncion Klinikako, Invizako, langileek «erosteko ahalmenaren galera» eta ospitale publiko berria eraikitzeari buruzko albisteek sortzen dieten «ziurgabetasuna» salatzeko elkarretaratzea egin dute, gaur, Tolosako Trianguloa plazan.

Tolosako Inviza enpresako, hau da, Asuncion Klinikako langileek, 2021etik hitzarmenik gabe jarraitzen dutela salatu dute, gaur goizean eginiko elkarretaratzean. Negoziazioak martxoan hasi zituztela adierazi badute ere, enpresak behin eta berriz ukatu dietela ELA eta LAB sindikatuetako aholkulariei bertaratzea esan dute, eta «enpresa kanpoko aholkulari batekin joan da bilera guztietara», azpimarratu dute sindikatuetako ordezkariek. Elkarretaratzea ELA eta LAB sindikatuek deitu dute, eta TOPAk bat egin du deialdiarekin.

Aurreko hitzarmenarekin gertatu moduan, «negoziazioak ez dira fede onez egin, eta enpresaren helburu bakarra negoziazioak luzatzea da», nabarmendu dute. Aurrekoan, bost urte behar izan zituztela argitu dute. «Langileen erosteko ahalmena bermatuko duen hitzarmena negoziatzeko benetako borondatea izan dezala eskatzen diogu enpresari», exijitu dute.

Horrez gain, «ez digute soldata-igoerarik bermatzen KPIaren erreferentziarekin, eta planteatu digutenarekin, gero eta langile pobreagoak nahi gaituzte», azaldu dute. Orain artean, 2021eko %6,5eko KPIa eta 2022ko %7,3 kontuan hartuta, «%13,8 galdetzen ari gara», nabarmendu dute langile ordezkariek.

«328 langileekin zer?»

Gaur egun ospitale publiko berri bat eraikiko dela jakin arren, «plan funtzional horren edukiaren berririk gabe jarraitzen dugu», esan dute, eta «ez dakigu ze ospitale mota izango den, eta bertako 328 langileekin zer gertatuko den». Ez dutela inolako berririk salatu dute.

Asuncion Klinikan beharrezkoak ziren hobekuntzak egiten ari direla kontatu dute, baina galdera bat ere luzatu dute bertako langileek: «Benetan beharrezkoa al da beste ospitale bat eraikitzea?».

Eusko Jaurlaritzari eta Tolosako Udalari zuzenduta, «%100ean publikoa» izatea eskatu diote, eta «hurbileko eskualdeko ospitale batek izan ditzakeen zerbitzu guztiak eman ditzala». Bukatzeko, 328 langileak «subrogatuak» izan daitezela esan dute.

 

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!