Tolosaldeko ospitale publikoa

«Plan funtzionala eginda baldin badaukate, ezagutzera eman dezatela exijitzen diegu»

Ataria 2022ko aza. 24a, 18:00

TOPAk bat egin du Asuncion Klinikako langileek larunbatean deitu duten elkarretaratzearekin. Herritarrak Tolosako Trianguloa plazara deitu dituzte, 11:30ean. 

Tolosaldea Osasun Publikoaren Aldeko plataformak eskualdeko ospitale berriaren inguruan hitz egin du, hain justu, bere funtzionamenduaz: «Hiru urtez zain egon ondoren, Osasun sailburuak esan du plan funtzionala idatzita dagoela. Tolosako alkateak bere poza eta esker ona adierazi ditu. Baina, ondoren, beste ezer ez dakiela esateko. Era berean, ez daki zer gertatuko den Asuncion Klinikako langileekin. Eta zain jarraitzeko esaten digute berriro ere, Eusko Jaurlaritzak ospitale berriaren proiektua idatzi arte, eta Tolosako Udalak Hiri Antolamenduko Plan Orokorrari aldaketak egin arte, leku horretan ospitale publikoa egin ahal izateko».

TOPAko kideak, ordea, ez daude «zain» egoteko prest eta plan funtzional hori publiko egitea «exijitu» dute. «Hainbeste denbora esperoan egon eta gero, Tolosaldeko herritarrok duela 3 urte bezala gaude: ezertxo ere ez dakigu ospitale berriaren ezaugarriei buruz eta emango dituen zerbitzuei buruz», salatu dute.

Tolosako Udalari ere zuzendu zaizkie: «Kontraesan handia iruditzen zaigu udalak esatea, batetik, gardentasuna eta parte hartzea bultzatzen ari dela, baina, bestetik, erabateko ezjakintasunean edukitzea gu guztiok, Tolosaldearentzat hain garrantzitsua den gai batean. Ez da inolaz ere onargarria udalak ez ezagutzea plan funtzionala, ez jakitea zer gertatuko den klinikarekin eta ez ezer egitea ezjakintasun horren aurrean eta herritarron informazio faltaren aurrean».

Larunbatean, 11:30ean, Tolosan elkarretaratzea

Asuncion Klinikako langileek elkarretaratzea egingo dute larunbat honetan Tolosako Trianguloa plazan, ELA eta LAB sindikatuek deituta. «Ospitale berriaren etorrerarekin, langileen desinformazioa salatzeko» mobilizatuko dira. Horrez gain, %100 publikoa izatea eskatzen dute, eta Asuncion Klinikako langileekin osatua, zerbitzu guztiak eskainiz. TOPAk bat egin du elkarretaratzearekin, eta herritarrei, larunbatean 11:30ean Trianguloa plazara agertzeko eskatu die.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!