Kristalezko bihotza ipuin musikatua, igandean, Hodeiertz abesbatzaren eskutik

Ataria 2022ko aza. 16a, 17:45

Argazkia: Pablo Azurza Garikano

Abesbatzak berak antolatutako Kantik IV. Ahots Musika Zikloaren barruan kokatzen da saioa. Santa Klara elizan izango da kontzertua eta 19:30ean hasiko da. 

Joseba Sarrionandiak idatzitako testuak ditu Kristalezko bihotza ipuinak, eta David Azurza tolosarrak jarri die musika testu horiei. Davidek berak zuzenduko du igandeko kontzertua eta Hodeiertz abesbatzarekin batera parte hartuko du Bilboko Kamerata Abesbatzak, Irma Rutkauskaitek zuzenduta. Goi mailako musikariak ere izango dira bertan: Garikoitz Mendizabal txistularia eta Aitor Furundarena akordeoi jotzailea; Eduardo Mokoroa Udal Musika Eskolako perkusio taldea ere beraiekin batera ariko da. Narratzailea, berriz, Andoni Aleman izango da. Sarreren prezioa 5 eurokoa izango da.

2018an, sanjoan festen barruan, Euskal Pizkundea plazan egin zuten estreinaldia. Orain, bestelako leku batean egingo dute emanaldia. «Ez da haurrentzako ipuina», adierazi dute abesbatzako kideek; 14 urtetik gorakoei zuzendutako saioa dela gogorarazi dute.

Duela bi aste, Palmako (Mallorca) San Felipe Neri elizan abestu zuen Hodeiertzek, Festival de Classica 2022 jaialdian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!