Baskonikozko idazkunik zaharrena aurkitu dute

Tolosaldeko Ataria 2022ko aza. 14a, 14:48
Argazkiak: Aranzadi Zientzia Elkartea

Leire Malkorra Tolosako arkitekto eta Aranzadiko boluntarioak aurkitu zuen Irulegiko indusketa-lanetan brontzezko xafla.

Antzinako euskarari buruzko aurkikuntza garrantzitsu baten berri eman du gaur, Aranzadi zientzia elkarteak. Arangurengo Irulegi mendia aztertzen ari zirela (Nafarroa), esku baten itxurako pieza berezi bat topatu zuten, Kristo aurreko I. mendekoa. Ahurrean idatzirik dauka hizkuntza baskonikoan orain arte agertu den testurik zaharrena eta luzeena. Lau lerro ditu: lehen hitza sorioneku gisa transkribatu dute, eta ondorengo guztiek ez dute inolako antzik gaur egungo euskararekin. Aurkikuntzak frogatu du inguru horretako herritarrek baskonikoz hitz egiten zutela garai hartan, eta hizkuntza horretan alfabetatuta zeudela.

Aurkikuntzan bi tolosarrek izan dute protagonismo berezia, izan ere, Irulegiko aztarnategiko zuzendaria da 2017tik Mattin Aiestaran de la Sotilla eta Leire Malkorrak egin zuen aurkikuntza. Malkorra arkitektoa da ogibidez eta Aranzadiko boluntarioa ere bada.

Aranzadi 2007an hasi zen Irulegiko ingurua aztertzen. Mendiaren gailurreko gaztelua ikertu zuten lehenik (2007-2017), eta, 2018az geroztik, talde batek gaztelua baino beherago dagoen Burdin Aroko herria aztertu du, Aiestaran arkeologoak gidatuta, EHUko doktore tesi baten barruan. Ume baten gorpuzkiak aurkitu zituzten orain dela bi urte. 2020. urtetik hona, 370 metro karratuko eremu bat induskatu dute, eta antzinako herri horretako bi etxe eta kale bat bistaratu dituzte. Burdin Aroaren amaiera aldekoak dira, K.a. I. mendearen lehen laurdenekoak. Garai hartako herritarren zoritxarra gaurko ikerlarien zorte ona da: Sertorioren gerra betean, herriari eraso egin zioten, eta erre egin zuten; hortaz, inguru guztia lurpean «izoztuta» geratu da bi mila urtean, badirudi biztanleek dena etxean utzita ihes egin behar izan zutelako topatu dituztela hainbeste gauza.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!