Tolosak 33,2 milioi euroko aurrekontua izango du 2023an

Ataria 2022ko aza. 9a, 15:59

Arlo soziala, ekonomikoa eta jasangarritasuna ardatz dituen aurrekontu proiektu proposamena aurkeztu du udal gobernuak. 4,1 milioi euro bideratuko dituzte inbertsioetara, tolosarrei eskainitako zerbitzuak bermatu eta hobetzeko.

Tolosako udal gobernuak gaur aurkeztu du 2023. urterako landutako aurrekontu proposamena. Tolosak 33,2 milioi euroko aurrekontua izango du datorren urtean, aurten baino 1,2 milioi gutxiago. Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergaren bidez eta hirigintza aprobetxamenduagatik iaz baino diru gutxiago bilduko delako gertatuko da jaitsiera. Gastuek, aldiz, gora egingo dute, bereziki pertsonal gastuei, hornidura gastuei eta zerbitzuen kostuei dagokienean. Olatz Peon alkateak adierazi du «aurreikuspen ariketa oso garrantzitsua» izan ohi dela aurrekontuena, eta aurten ere hala izan dela udal gobernuarentzat, «legealdiari amaiera emateko aurreikusitako proiektuak gauzatzeko» delako. Hiru zutabe nagusitan banatu dute aurrekontu proiektua: arlo sozialean, ekonomikoan eta jasangarritasunean.

Ematen dituen diru laguntza guztiak mantenduko ditu udalak, baita azken urteetan martxan jarritako berriak ere bai, alokairu ordainketa errazteko laguntzak eta hiri-ekonomia indarberritzeko laguntzak, esaterako. Eta laguntza berriak ere aurreikusi dituzte: Gazteria Sailean, Olentzeroren Basoa proiekturako 15.000 euro; kulturan, Tolofolk musika jaialdirako 24.000 euro eta parekidetasun alorrean, Andragora Emakumeen Etxeko jardueretarako 16.400 euro.

Herritarrei eskainitako zerbitzuak bermatu eta hobetze aldera, sail ia guztien aurrekontuak mantenduko dituzte. Hala ere, batzuk handitu egingo dituzte:

  • Gizarte zerbitzuak: iaz baino 227.000 euro gehiago. Guztira 3,2 milioi euro.
  • Garapen ekonomikoa: iaz baino 133.000 euro gehiago. Guztira 1,1 milioi euro.
  • Kultura: iaz baino 74.000 euro gehiago. Guztira 3,7 milioi euro.
  • Berdintasuna: iaz baino ia 80.000 euro gehiago. Guztira ia 340.000 euro.

Emakumeen Etxeak berariazko aurrekontu partida izango du datorren urtean eta sail desberdinek sustatzen dituzten ekimen eta programa guztiak mantenduko dituzte: Biodibertsitate Gunea, Tolosatzen Eskola Irekia, Jabetze Eskola edota kultur eskaintza. Beste hainbat zerbitzu ere indartu dituzte azken urteetan, esaterako, garbiketa zerbitzua, kiroldegiko zerbitzua edota lorezaintza zerbitzua.

Merkataritzari, ostalaritzari, azokei eta turismoari lotuta, hiri-ekonomia indarberritzen jarraitzea beste ardatzetako bat izango da datorren urtean, jarduera ekonomiko berriak eta kalitatezko enplegua sustatzeko. Zentzu horretan, udal gobernuak Eliker proiektuarekiko konpromisoa berretsi du 2023ko aurrekontuetan. «Elikerrek aurrekontu garrantzitsua izango du eta azoka bereziak eta larunbateroko azokak sustatzen jarraituko dugu proiektu honen ildotik. Industriari lotuta, Apattaren garapenean lanean jarraituko dugu eta eskualdeko Garapen Agentziarekin elkarlanean, enplegu aukera berriak eskaintzeko enplegu planak garatuko ditugu», azaldu du alkateak.

Tolosa hobetzen jarraitzea ere izango da udal gobernuaren helburua, jasangarritasunaren bidetik. Energia berriztagarrien aldeko apustuan eguzki plaka berriak jarriko dituzte Ferialekuan eta Emeterio Arresen, eta Rondilla kaleko eraikinean eguzki plakak jartzeko proiektua ere abiatuko dute. Trantsizio energetikoaren alde led argiak jarriko dituzte kaleko argiteria publikoan eta hainbat udal eraikinetan. Guztira, 469.000 euroko inbertsioa egingo da alor honetan.

Elkarlanean oinarrituta

Alkateak azpimarratu du egitasmo eta proiektu guztiek elementu komun bat dutela: «Elkarlana, horiek guztiak eragile, herritar eta talde ezberdinekin elkarlanean garatuko direlako». Zentzu horretan, Tolosatzen aurrekontu parte-hartzaileen prozesuaren baitan herritarrek egindako proposamen eta lehenetsitako egitasmoak barnebildu ditu udal gobernuak aurrekontu proiektuan:

  • Larramendi auzoan jolas-kirol gunea sortzea.
  • Tolosako erdigunean, pilota eta jolas-gune gisa erabiltzeko frontoi ireki-estalia sortzeko aukera aztertzea.
  • Patinajea modu seguruan praktikatzeko eremua sortzeko azterketa.
  • Haur parkeak hobetu eta mota eta tamaina ezberdinetako parkeen eskaintza zabaltzea. 

Horiez gain, ondorengo proiektu eta lanak ere aurreikusten dituzte 2023rako:

  • Arkauten, mendizaleen museoa sortzea.
  • Larramendin, auzo elkartearentzat lokala erosi eta atontzea.
  • Araba etorbideko bi plaza eraberritzea.
  • Zumarditxikia eraberritzeko proiektuaren baitan, autobus geltoki berria egiteko proiektu eta obra.
  • Hainbat udal eraikinetan hobekuntzak egitea: Emeterio Arrese, Gizarte Zerbitzuen bulegoak eta hilerriko komunetan irisgarritasuna bermatzeko lanak.
  • Zutani elkartearen lokalaren eraberritzea.
  • Berazubin belar artifiziala jartzeko proiektuaren idazketa.
  • Amarotzeko frontoia estaltzeko proiektuaren idazketa.
  • Barrena kalea, Iurreamendi pasealekua, Beotibar eta Antonio Lekuona kalea berrurbanizatzeko proiektuen idazketak.

Guztira, 4,1 milioi euro izango ditu inbertsioen atalak datorren urtean. «Aurreikusitako inbertsioek Tolosa hobetzen jarraitzea eta aurrera begirako proiektu berriak garatzea dute helburu», azpimarratu du alkateak. 

Aurrekontuak lantzeko egutegia

Udal gobernuak dagoeneko aurkeztu dio aurrekontuen proposamena oposizioari. Orain, 10 egun izango ditu oposizioak proiektua aztertu eta proposamenak egiteko. Udal gobernuak oposizioaren proposamenak aztertuko ditu, aurrekontu proiektuan sartu litezkeen egitasmoak adosteko, eta helburua da abenduaren 15ean egingo den ezohiko osoko bilkurara aurrekontuen proiektua eramatea, onartua izan dadin, datorren urte hasieratik aurrekontuak erabilgarri izateko.

Alkateak azpimarratu du 2023 urterako aurrekontuak, beste behin, testuinguru aldakor eta ziurgabetasunez betean murgilduta landu behar izan dituztela: «Zuhurtziaren printzipioa aplikatuz landu dugu proposamena, egungo zein etorkizuneko beharrei eta momentuko lehentasunei erantzuteko. Pertsonak ardatz dituen proiektua garatu dugu, soziala, errealista eta jasangarria, tolosarrei kalitatezko zerbitzuak eta kalitatezko arreta bermatzea helburu duena».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!