Patinaje zirkuitua eta Larramendiko jolas-gunea, proposamen bozkatuenak

Tolosaldeko Ataria 2022ko aza. 8a, 17:56

64 proposamen desberdinen artean bozkatu ahal izan dute 16 urtetik gorako tolosarrek, eta guztira 673 baliodun boto jaso dira. Udalak proposamen bozkatuenak 2023ko aurrekontuetan txertatzeko azterketa egingo du. 

Urrian abiatutako prozesuak harrera ona izan du tolosarren artean eta herritar askok hartu dute parte, bai proposamenak egiteko fasean eta baita orain, bozketa fasean ere.  Azaroaren 3tik 6ra bitarteko bozketa fasean guztira 907 herritarrek eman dute bozka eta horietatik 673 izan dira baliodunak. Gainerakoak prozesutik kanpo gelditu dira bozketarako ezarritako baldintzak ez betetzeagatik, hala nola, tolosarra ez izatea, NAN-a ez jartzea edo 16 urtetik behera izatea.

Proposamenak egiteko fasean, guztira 213 ideia jaso zituen Tolosako Udalak, orain arte egindako aurrekontu parte-hartzaileen prozesuetan jasotako zifra onena izanik. Horiek guztiak teknikoki banan-bana aztertu ziren eta bozketara pasa ziren teknikoki egingarriak direnak edo udal eskumenekoak direnak.

Hori horrela, bozketa fasean, tolosarrek guztira 64 proposamenen artean 3 gustukoenak lehenetsi eta bozkatu ahal izan dituzte. Jasotako boto guztiekin, Udalak tolosarrek lehenetsitako 10 proiektuen zerrenda osatu du.

Bozketaren emaitzak ikusgai daude bere osotasunean udal webgunean. Ondorengoak dira boto gehien jaso dituzten proposamenak, hurrenez hurren: 

  • Patinaje zirkuitua modu seguruan praktikatu ahal izateko: 146.
  • Larramendi kalean jolas-kirol gunea: 143.
  • Apustu-etxearen ixtea: 133.
  • Frontoi irekia-estalia Tolosako erdi gunean pilotan aritzeko eta jolas gune bezala: 114.
  • Alde Zaharra piztea: 78.
  • Haur parkeak hobetzea: 66.
  • Berazubitik Kondeaneko Aldaparako konexioa hobetzea, baita eskailera mekanikoaren edo igogailuaren bidez ere: 57.
  • Komunitate energetikoak eta eguzki plakak bultzatzea: 54.
  • Gazte topagune zerbitzua eta nerabeentzako aisialdi aukerak zabaltzea: 46.
  • Azken agurren etxea. Hileta zibilak ospatzeko leku publikoa: 45.

Orain, bozketa eta leheneste fasea amaituta, Tolosako Udalak proposamen horiek 2023ko aurrekontuetan txertatzeko azterketa egingo du. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!