Indarkeria matxistaren aurkako eguna 2022

Zortzi ekitaldi, indarkeria matxistaren aurkako borroka aldarrikatzeko

Ataria 2022ko aza. 7a, 16:12

Hilaren 8tik abenduaren 15era bitartean askotariko egitaraua antolatu dute Tolosako Udalak eta herriko hainbat elkarte eta eragilek elkarlanean, emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako konpromisoa azaltzeko.

Urtero legez, datorren azaroaren 25ean Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna ospatuko da. Indarkeria matxistaren aurkako borroka eguneroko borroka den arren, azaroa baliatu ohi da emakumeen eskubideak are ozenago aldarrikatu eta indarkeria mota honi aurre egiten jarraitzeko dagoen beharra ageriago uzteko. Tolosan, ordea, abendua ere baliatuko dute horretarako. Gaur aurkeztu dute hilaren 25eko aldarrikapenen harira Tolosako Udalak, Tolosako Asanblada Feministak, Oneka Euskal Herriko Emakume Pentsiodunen Mugimenduak, Jatorkin elkarteak eta Tolosaldea Garatzenek elkarlanean antolatutako ekintzen egitaraua. Antzerkiak, hitzaldiak edota ikus-entzunezkoak izango dira azaroaren 8tik abenduaren 15era bitartean.

Olatz Peon alkateak azpimarratu du elkarlanean eta helburu eta aldarrikapen bakar batekin garatutako egitaraua dela, indarkeria matxista errotik desagerraraztea, alegia. «Aurten modu berezian azpimarratu eta aldarrikatu nahi dut emakumeok espazio publikoa berdintasun baldintzetan erabili eta gozatzeko eskubidea dugula. Indarkeria matxistak ez luke lekurik izan behar gurean, baina, hala ere, gaur egun oraindik desberdintasun handiak daude batzuek eta besteek bizitza publikoaren parte-hartzean egin dezaketen erabileran, neskek jasaten duten sexu indarkerian azpimarra jarrita. Beraz, oraindik bidea dago egiteke eta guztioi dagokigu gure alea jartzea». Udaletik, Indarkeriaren aurkako II. Protokoloa lantzen eta jarduera eta programa ezberdinak garatzen eta indartzen jarraituko dutela gaineratu du, «emakumeak aske nahi ditugulako Tolosan zein nonahi».

Egitaraua
  • Azaroak 8, asteartea
    • 19:00. Mothers dokumentalaren proiekzioa, Topic-en, gazteleraz.
  • Azaroak 11, ostirala
    • 18:00. Las poderosas (Guatemala) antzerki saioa eta solasaldia, Topic-en, gazteleraz.
  • Azaroak 15, asteartea
    • 18:30. Adineko emakumeen osasuna hitzaldia, kultur etxean, euskaraz. Hizlaria: Mati Iturralde medikua eta politikaria.
  • Azaroak 16, asteazkena
    • 19:00. Prostituzioa hitzaldia, Topic-en, gazteleraz. Hizlariak: Amelia Tiganus, aktibista, formatzaile eta idazle feminista eta Aurora Iturriotz militante feminista.
  • Azaroak 21, astelehena
    • 19:00. Microfisica sexista del poder hitzaldia, kultur etxean, Nerea Barjola idazle, ikerlari, aktibista feminista eta politologoaren eskutik, gazteleraz.
  • Azaroak 25, ostirala
    • 19:00. Emakumeen Kontrako Indarkeriaren aurkako manifestazioa, Trianguloa plazatik abiatuta. Numen dantza eskolak emango dio hasiera ekitaldiari eta ondoren manifestazioa egingo da.
  • Azaroak 28, astelehena
    • 18:30. Emakume helduen kontrako indarkeria hitzaldia, kultur etxean, euskaraz, Lurdes Rodrigez Landaren (IPES) eskutik.
  • Abenduak 15, asteazkena
    • 19:00. Amaraun emanaldia, Topic-en, Oihana Iguaran eta Amaiur Luluagaren eskutik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!