ERREPORTAJEA

Amatasunari tiraka

Imanol Garcia Landa 2022ko api. 2a, 07:57

Oihana Iguaran eta Amaiur Luluaga. I. GARCIA LANDA

Bertsoa, dantza, musika, hitza... Hainbat diziplina taularatzen dira Amaiur Luluagak eta Oihana Iguaranek sortu eta antzeztuko duten AMAraun ikuskizunean. Amatasunaz hausnartzeko gonbita da.

AMAraun ikuskizuna lehenengo aldiz jende aurrean datorren ostegunean izango da, apirilaren 7an, 19:30ean hasita, Villabonako Gurea aretoan. Amaiur Luluaga (Anoeta, 1991) eta Oihana Iguaran (Amasa, 1990) dira sortzaileak eta oholtza gainean izango direnak. Luluaga dantza mundutik dator, besteak beste Haatik konpainiako kidea da, eta Iguaran bertsoaren eta literaturaren esparrutik. Dantzak eta bertsolaritzak uztarketa berritzailea izango dute, baina ez dira bi espresio horiek bakarrik egongo, musikak eta kantuak bere lekua eta presentzia izango dute.

Gonbidapen batetik sortu zen AMAraun. Lanku Kultur Zerbitzuetatik jaso zuten biek obra bat osatzeko gonbita, eta guztiz libre izateko mezuarekin. «Zeren inguruan eta zer formatutan egin gure erabakia zela esan ziguten», dio Luluagak. Anoetako plazako terraza batean elkartu ziren bi sortzaileak. «Aurreneko kontaktu horretan Oihanari esan nion amatasunaren gaia gertu sentitzen nuen gauza bat zela, nire kezka guztiekin. Dantzaria izateagatik suposatzen zuenagatik», esan du Luluagak. «Oihanak ere segituan esan zuen, ama izan berritan, ari zela bere egunerokotasunean hausnarketa horretan».

Iguaranek gaineratu du gaia aukeratzea ez zela kalkulatutako zerbait izan: «Anoetako plazan egin genuen bilera hori, terraza batean, eta hor bertan gugandik gertu zeuden Amaiurren adinekoak eta bere kuadrillakoak beraien haurrekin. Nik alaba amari utzita nuen bilera egiteko, eta zuzenean hasi ginen nola geunden kontatzen, eta segituan iritsi ginen gai horretara». Beraien hausnarketez eta esperientzia pertsonalez gain, ikusi zuten «bazirela korapilo batzuk eta hari batzuk dimentsio soziala zutenak, gu momentu horretan gurutzatzen gintuztenak, eta, beraz, gogoa genuela lehenik eta behin guk lantzeko, eta uste genuena garrantzitsua izan zitekeela ere beste askorentzat».

Amatasuna hain gai zabala eta bizitza bezain zaharra izanik, nondik abiatzea erabakitzea tokatzen zen. «Amatasuna lantzeko gure gorputzetatik abiatu gara, guri mugitzen zizkigun kezka, desio eta korapilo horietatik», zehaztu du Iguaranek. «Baina segituan agertu zen galdera 'zer da ama izatea?' izan zen, ama izateak zer dakarren berarekin, baina ama nola izan ere, emakume beste eredu izan daitezke, eta gertatu daiteke emakume berak ume bakoitzarekiko amatasun desberdin bat sentitzea». Horri ere lekua egin nahi zioten, eta saiatu dira aztertzen atzetik «zer hari, zer soka, zer idatzi gabeko arau dauden», eta horren bueltan emanaldiari forma eta narratiba bat emateko hautu batzuk egin dituzte. «Gure kasuan zentrala zen gorputzaz hitz egitea eta gorputzetik aritzea. Amatasuna ez da ama izan nahi edo izan nahi ez duten, edo interpelatuak sentitzen diren horien gaia bakarrik; denona baizik, denok daukagu gutxienez ama bat, eta denoi eragiten digun gai bat da. Gure amek zer egin duten, gu hazteko zer utzi behar izan duten albo batera, eta nola tratatzen ditugun amak, gizarte bezala, alaba bezala eta mundu bezala», azaldu du Iguaranek.

Obraren izenak bere esanahia du, baina espero dute jendeak ere bere zentzua ematea. «Guretzako bai da garrantzitsua hemen kontatuko duguna abiapuntu izatea», zehaztu du Iguaranek. Ez dutela mezurik, ondoriorik, eta irakaspen bat gaiaren inguruan zehaztu dute. «Nahi duguna da nahiko intimotzat edo etxeko zokora baztertzen diren gai horiek ateratzea, eta jendeak hari horiei tira egin ahal izatea». Izenburuan nolabait amaren irudi hori egotea nahi zuten. Bestetik, «amaraunak suposatzen du korapiloa edo itsasten den hori eta gainetik kendu ezin dena. Beste zentzu batean ere sarea, eta horrek ematen zigun aukera bi alderdiez hitz egiteko. Korapiloetatik ea iritsi gaitezkeen elkar sostengatzeko moduko sare bat osatzera», diote.

«Erronka handia»

Erditzea eta erditze ostea irudikatzen dute emanaldian. «Nik beti esaten dut proiektu honetan Oihanak asko erakutsi didala, bere esperientziagatik, eta batez ere erditze ostean datorren fase horretaz», esan du Luluagak. «Niri, pertsonalki, oso intimoa den zerbait denez, hau eszenan jartzea polita bezain apustu handi bat da. Ilusioz eta beldur pixka batekin ere heldu diot».

Iguaranek gaineratu duenez, «errespetu handia ematen du, erronka handia da». Erabakia hartu zutenean, «nahiz eta jakin zaila dela, oso intimoa delako bai une hori eta bai gorputzaldi hori», garbi zuten eszenaratu nahi zutela. «Intimoa izateaz gain, ezabatua dago. Ez du inork hitz egiten horretaz. Erditze oste bat nolakoa den ia bizitu arte ez dakizu, eta bizitzen duzunean ere ez askotan. Eta guk hori oholtzan gorpuztea aldarrikapen bezala bizi dugu», azaldu du Iguaranek.

Bakoitza arlo jakin batetik badator ere, «emanaldian zerbait argi geratzen bada, rolak ez daudela banatuta da», esan du anoetarrak. «Hau da, Oihana ez da bakarrik bertsolaria, eta ni ez naiz bakarrik dantzaria. Rol uztarketa horretarako hitzaz baliatu gara, eta eszenatoki batean elementu asko daude laguntzen digutenak diziplinak uztartzen». Zerbait kontatu nahi dute, esperientzia batzuk bistaratu, eta «horiek kontatzeko halako eszena batzuk sortu ditugu eta eszena horietan erabili ditugu gure esku zeuden baliabide artistiko eta fisiko guztiak», zehaztu du amasarrak. «Gu ez gara aktoreak, baina beharra sentituz gero oholtzan elkarrizketa bat izateko, horretan ere sartu gara». Arte eszenikoetan murgiltzeko Oinkari dantza taldean egindako ibilbideak eman zizkion aukerak eta prestaketa nabarmendu ditu Iguaranek.

Ikuskizunaren formatua berria da bientzat. «Ordu bat eszenatokian egotea eta dantzaren pisu gehiena hartzea denbora horretan, niretzat erronka da», zehaztu du Luluagak. «Oihanarentzat erronka den bezala dantza egiten duenean bertsotan aritzea. Niretzat era berean hain intimoa eta hain hauskorra den zerbait interpretatzea erronka bat da, ohituta bainago beste dantza bat egiten, fisikoagoa edo gogorragoa, eta ahulguneak ez erakusten». Iguaranek bat egiten du: «Erabateko erronka da. Gure konfort zonatik oso urrun kokatu gara, baina sinisten dugulako kontatu nahi dugun horretan. Baita ere konfiantzaz ikus-entzuleak hartzeko etorriko direla eta ulertuko dela zerbait kontatu nahi dela».

Eñaut Zubizarreta Trigger-ek sortu du musika espresuki emanaldirako. «Zoragarria da», esan du Iguaranek, eta bere kasuan erronka bat suposatzen duela gaineratu du. «Musika deseraikiagoa edo erritmoa hain markatua ez duen horretan babestu izan naiz, eta ez grabatuta dagoena eta ezin dena nire beharretara moldatu». Orduan eta gehiago entzun orduan eta sinistuagoa daude musika horrek berak «sekulako indarra» duela.

Estreinaldia datorren ostegunean izango da. Azken bi asteetan buru-belarri ari dira obra gauzatzen. «Ez da bakarrik bertsoa, dantza, edo hitza uztartzea, beste elementu asko daude eszenatokian: argia, soinua, jantziak... gauza pila bat lantzeko», esan du Luluagak. «Urduri, baina konfiantza guztiarekin iritsiko gara lehen saiora». Gurea antzokian ari dira lan horiek guztiak osatzen eta eskertuta daude Villabonako Udalari, aretoa libre dagoen orduetan erabili dezaketelako. «Erditze aurreko prestaketak etortzen zaizkit burura», esan du Iguaranek. «Ostegunean jaioko da AMAraun. Gogo handiz gaude, batetik bistaratzeko, eta, bestetik, elkarrizketa hori hasteko ikus-entzuleekin. Ea nola hartzen duten, ea zer pizten duen. Gu hainbeste mugitu gaituen gai batek ea zer erantzun dakarren».

Lehen emanaldia herrian izatea berezia dela esan du Iguaranek. «Anoetatik ere gertu samar dago, eta gainera Amaiur bera irakaslea da Villabonan, besteak beste balleta irakasten du. Gertu sentitzen gara etorri daitezkeen jende horrengandik, bereziki dantza esparrutik. Oso eskertuta eta ilusioz gaude, eta aldi berean errespetu gehiago ematen du, jende ezaguna espero den horretan». Anoetan ere aurki izango da emanaldia, maiatzaren 22an, Mikelasagasti aretoan. «Beti esan izan dut izan ditugun bestelako sorkuntza guztietarako Mikelasagasti auditorioa utzi izan digula Anoetako Udalak, nahi izan duguna eta gehiago. Gurea antzokira etorri aurretik Anoetan ere pasa ditugu orduak entseguak egiten. Udalari eskerrak eman nahi dizkiot ematen duen laguntzarengatik».

Bost emanaldi lotuta dituzte dagoeneko. Eskualdean, Villabona eta Anoetaz gain, Zizurkilen izango dira, maiatzaren 14an. «Itxura oso polita hartzen ari da eta uste dugu merezi duela herri askotan egitea emanaldia», esan du Luluagak. Irudi mailan ikuskizuna «ederra eta indartsua dela gaineratu du Iguaranek: «Eta nik hori esaten dut, kantuan ari naizen momentu askotan Amaiurri begira egoteko zortea dudalako. Amaiurrek hauskortasuna aipatu du, baina iruditzen zait hain indartsua hauskortasun horren eszenaratzea, ni behintzat asko mugitzen nauela. Uste dut asko merezi duela obra hau oholtzara eramatea eta jendearekin konpartitzea».

Argazkiak: IMANOL GARCIA LANDA eta IURRE ARANBURU.

Erlazionatuak

AMAraun

Ataria 2022 api 02 Amasa-Villabona   Anoeta

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!