53. Tolosako Abesbatza Lehiaketa

Ukrainak konkistatu du Leidor

Eneritz Maiz / Naiara Roldan de Aranguiz 2022ko aza. 1a, 18:06

53. Tolosako Abesbatza Lehiaketak txapeldun nagusia izan du: Ukrainako Sofia Chamber Choir abesbatzak guztira lau sari jaso, Europar Sari Nagusirako txartela eskuratu eta Leidorreko entzuleria poltsikoratu du.

Urdin-horiz tindatu da gaurkoan Leidorreko oholtza. Ukrainako Sofia Chamber Choir abesbatzak sari banaketa ekitaldian Ukraina gerran murgilduta dagoela ahaztu gabe, herrialdearen koloreak paparrean jantzi eta euren bandera zabaldu dute. Negar malkoak ere ikusi dira abeslarien aurpegietan.

Ganbera abesbatzen polifonia mailako lehen saria izan da Ukrainako Sofia Chamber Choir abesbatzarentzat, folklore alorrekoarekin batera; Kutxaren Sari Nagusia jaso dute; 2023ko apirilaren 29an Hungariako Debrecen-en ospatuko den Abesbatza-Kantuaren Europar Sari Nagusirako izendapena irabazi dute eta baita Entzulegoaren Saria ere. 53. edizio honek irabazle argia utzi du eta abesbatza zaleak pozik txalotu dute Xabier Sarasola mahaiburu izan duen epaimahaiaren erabakia.

Euskara

Saridunen artean euskaldunik ez bazegoen ere, euskara behin baino gehiagotan entzun zen ahots aingerutarretan. Esaterako, Estoniako Ellerhein Girls’ Choir-ek euskal abesti interpretazio onenaren saria jaso zuen Junkal Gerreroren Errota abestiagatik.

Leidor bero

Gaurkoan Leidor beteta egon da eta bero jarraitu dute ikus-entzuleek sari banaketa ekitaldia euren eserlekuetatik; partaide izanik, txaloak falta gabe, eta tokatzen zenean Agur Jaunak abestuz ere. Sari banaketa ekitaldia Aitor Elduaien eta Nerea Pikabea kazetariek gidatu dute, ikus-entzuleekiko konplizitatea erakutsiz.

SARIDUNAK

Euskal abesti baten interpretazio onena

Ellerhein Girls’ Choir (Estonia), Junkal Guerreroren Errota abestiarengatik.

Haur abesbatzak

Lehen saria. Riga Cathedral Girls’ Choir Tiara (Letonia).

Bigarren saria.  Adolf Fredrik’s Girls’ Choir (Suedia).

Hirugarren saria. Veus – Cor Infantil Amics de la Unió (Katalunia).

Ganbera abesbatzak, polifonia

Lehen saria. Sofia Chamber Choir (Ukrania).

Bigarren saria.  St. Stanislav Girls’ Choir (Eslovenia).

Hirugarren saria. Brigham Young University Singers (AEB).

Ganbera abesbatzak, folklorea

Lehen saria.  Sofia Chamber Choir (Ukrania).

Bigarren saria (ex aequo).  Brigham Young University  Singers (AEB) eta St. Stanislav  Girls’ Choir (Eslovenia).

Hirugarren saria.  Mixed Choir Maska (Letonia). Sari nagusia Sofia Chamber Choir (Ukrania). Entzulegoaren saria Sofia Chamber Choir (Ukrania).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!