Irantzu Karrera eta Naiara Uranga, gozogile onenak

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko urr. 29a, 15:12

Karrerak sagar tarta lehiaketa irabazi du; Uranga, berriz, estreinakoz antolatu duten euskal pastelen lehiaketan izan da txapeldun.

Ohiturari jarraituz, Tolosa Goxua azoka berezian, postre lehiaketa herrikoia egin dute; hemen ere presentzia izan du aurtengo protagonista izan den euskal pastelak. Izan ere, estreinakoz, bi kategoriatan banatu dute gastronomia lehiaketa: sagar tartena eta euskal pastelena. Azken hau, lehen aldiz antolatu dute. Kategoria bakoitzeko postre bana aurkeztu zezakeen partaide bakoitzak, eta azkenean, 24 postre aurkeztu dituzte lehiaketetara: 8 euskal pastel eta 16 sagar tarta.

Bada, azkenean, Naiara Uranga izan da estreinakoz egin duten euskal pastelen lehiaketako irabazlea; Jaione Bengoetxea izan da bigarren sailkatua. Sagar tarten lehiaketan, berriz, Irantzu Karrera izan da onena eta Mila Gomez izan da txapeldunorde. Karrerak aitortu du bere alabak bizpahiru aldiz irabazita duela lehiaketa hau beste edizioetan, eta aurten, bere errezeta kopiatzea erabaki duela. Gainerako hiru saridunek lehen aldiz parte hartu dute gastronomia lehiaketa batean.

Kategoria bakoitzeko irabazleak 200 euroko erosketa txekea jaso du, Tolosako lau gozotegi artisauetan (Eceiza, Ibañez-Gozona, Rafa Gorrotxategi edota Saizar) erabiltzeko (bakoitzean, 50 euro). Bigarren sailkatuek, berriz, 160 euroko erosketa txartel bana lortu dute; 40 eurona gastatu beharko dituzte herriko lau gozotegietan.

Eva Argiñanok, Elena Arzakek, Armintz Gorrotxategik eta Eguzkia elkarteko Beñat Darriguesek osatu dute epaimahaia, eta Gorrotxategik aitortu duenez, eztabaida txikiren bat edo beste izan badute ere, azkenean, erraz adostu dituzte bi lehiaketetako lehen bi sailkatuak zein izan diren.

Etxeko txikienen artean gozogintzarako grina sustatzea ere izan da Tolosa Goxuaren beste asmoetako bat. Helburu horrekin, azken urteotan haurrentzako tailerrak antolatu dituzte. Aurten, 8 eta 12 urte arteko 80 gaztetxo inguruk eman dute izena, eta euskal pastelaren gaileta egiten ikasi dute. Ordu erdiko txandatan aritu dira, herriko gozogileen laguntzarekin.

Behin lehiaketak eta tailerrak amaitutakoan, Eguzkia elkartekoek egin eta ekarri dituzten bost euskal pastel erraldoi 1.000 zatitan banatu dituzte, eta azokara bertaratu direnek dastatzeko aukera izan dute.

Erlazionatuak

Tolosa, gozogintzaren hiriburu

Josu Artutxa Dorronsoro 2022 urr 29 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!