Hasi dira haurrek, eta ez hain haurrek, ondo pasatzeko moduko festak

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko urr. 28a, 19:31

June Lopetegik eta Manex Civicok eman diete hasiera Larramendi auzoko jaiei; hamaika ekitaldi izango dira asteburu osoan.

Haur, gaztetxo nahiz helduen festarako leku bilakatu da dagoeneko Tolosako Larramendi auzoa. Gaur arratsaldean hasi dituzte festak bertan, eta igandera bitarte era guztietako ekitaldiak izango dira. Gaur, txupinazoaren aurretik, txokolatea dastatzeko aukera izan dute bertaratu direnek, eta suziria lehertu denean, goxokiak banatu dituzte. Ondoren, buruhandien aurretik lasterka ibili dira bertan zeuden haur gehienak; beste batzuek barrakak aukeratu dituzte aisiarako baliabide.

Auzotarrek adierazi dutenez, «gogotsu» heldu diete aurtengo festei, «garai gorabeheratsu hauetan gozatzeko tartea ere merezi dugulako». Eskerrak eman dizkiete jaiak posible egiteko «lan izugarria» egiten duten auzo elkarteko kideei, jaiak antolatzeko eta urte guztian zehar ere hainbat gorabehera kudeatzeko egiten duten lanagatik. «Ea hurrengo urteko festetarako auzo lokal duina daukagun», esan dute.

Eskerrak eman dizkiete ere jaiak aurrera eramateko lan egingo duten boluntario guztiei, «eurek gabe ez delako posible hau guztia egitea. Eskerrak baita ere auzoko saltoki eta merkatariei, emandako babesarengatik, eta noski egun hauetan gozatzera gerturatuko zareten herritar guztioi. Ondo pasa, pasa gabe, beti errespetuz eta begirunez, guztiok gozatu dezagun».

June Lopetegi eta Manex Civico izan dira aurtengo jaiei hasiera eman dieten auzotarrak. Biak ere, Tolosa CF Atletismo klubeko atletak dira, eta azken urteetan, maila handia erakutsi dute bertako nahiz nazioarteko txapelketetan. Distantzia laburretan aritzen da, batez ere, Lopetegi. Iaz, 16 urtez azpiko Espainiako Txapelketan, 6. izan zen 300 metroko proban. Aurten, berriz, Espainiako Txapelketan ere, baina kasu honetan 18 urtez azpiko mailan, finalerdietara heldu zen 200 metroko proban.

Civicok, bestalde, 18 urtez azpiko Europako Txapelketan parte hartu zuen udan, Jerusalemen, 2.000 metro hesietako proban, eta finalera sailkatzea lortu zuen, lan bikaina eginez. Proba horretan, Espainiako Txapelketan txapeldunorde izan zen, eta berak ezarri zuen Euskadiko errekorra. Orain, gainera, bikain ari da krosean; pasa den astean, txapeldun izan zen Zornotzako Nazioarteko Krosean, bere kategorian.

Arratsaldeko ekitaldiak amaituta, 23:00etatik aurrera, bi DJ egongo dira auzoa musikaz girotzen: Aitor Guntin eta Ekain Conde.

Asteburuko bi egunetan ere izango da Larramendin zer ikusi eta zertaz gozatu. Astelehenean, gainera, barrakek auzoan jarraituko dute eta txosna zabalik egongo da.

  • Urriak 29, larunbata
    • 10:00. Diana dultzaineroekin.
    • 11:00-13:00. Zirko eta ponpa tailerra, Intujairen eskutik. 
    • 12:30. Iraunkorrak txaranga.
    • 14:00. Bazkaria norberak eramanda.
    • 16:00-18:00. Gertuko magia, Diego Calavia eta Jon Zabal.
    • 17:30. Iraunkorrak txaranga. 
    • 18:00-19:00. Zirko ikuskizuna: Xabi Larrea Up. 
    • 19:00. DJ Andoni, umeentzat. 
    • 23:00. DJ Andoni, helduentzat.
  • Urriak 30, igandea
    • 10:00. Txistulariak. 
    • 11:00. Aldi bereko xake partidak. 
    • 11:00. Patata tortilla lehiaketa. 
    • 14:00. Bazkaria. 
    • 17:00. Buruhandiak. 
    • 17:00. DJ Dani.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!