Manex Civico, Europako Txapelketako finalera

Ataria 2022ko uztailaren 5a

Tolosa CF-ko Manex Civico atleta tolosarra 18 urtez azpiko Europako Txapelketan parte hartzen ari da, 2.000 metro hesietako proban, eta finalerako sailkapena lortu du, bere kanporaketan lehen postua lortuz.

Civico Jerusalemen ari da parte hartzen Europako Txapelketan, eta ostegun arratsaldean izango du finala. 

Tolosa CF-ko zortzi atletek absolutu mailako Federazio Autonomikoen Arteko Espainiako Txapelketan parte hartu dute asteburuan, Euskadiko Federazioaren selekzioarekin. Hodei Caballero ordiziarrak klubeko marka berria ezarri zuen 5.000 metroko martxa proban, 22.25,63 eginez. Marka horrekin 12. postuan amaitzea lortu zuen.

Izaro Perurena tolosarrak 3.000 metro oztopoak egin zituen eta 10.55,43 eginez, klubeko marka berria ezarri zuen, eta proban bederatzigarren sailkatu zen. Maria Felisa Okomo tolosarrak pisu jaurtiketan 12,54 metroko markarekin seigarren postua lortu zuen. 

Joseba Larraurik 100 metroko lasterketa ona egin zuen haizearen aurka. 10,88ko markarekin seigarren postua lortu zuen. Irati Azpilgainek selekzioarekin debuta egin zuen 100 metrotan lehiatuz. 12,62 markarekin 11. postua lortu zuen. Julen Martinek 110 metro hesiak egin zituen, eta 15,38rekin 12. sailkatu zen. Nora Ituarte ibartarrak 200 metroak egin zituen, 25,41ekin 12. postua lortuz.

Iker Esnaolak disko jaurtiketan parte hartu zuen, eta 36,75 metrorekin 13. postuan bukatu zuen. Bakarkako probez gain, 4x100 errelebo mistoan ere parte hartu zuten hiru atletek, Ituartek, Larraurik eta Azpilgainek. 44,30rekin zazpigarren postua lortu zuten.

Atletico San Sebastian taldean dagoen Maria Lasa irurarra ere txapelketan izan zen, 800 metroko proban parte hartuz, eta  2.09,91rekin bederatzigarren postuan sailkatu zen.

Sailkapen orokorrean, Euskadiko selekzioa bederatzigarrena izan zen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!