Tolosa CF mendeurrena

Tolosako CF klubeko mendaurreneko eskultura inauguratu dute

Leyre Carrasco 2022ko urr. 22a, 14:00

'Urdinez mundua mugitzen' obraren sortzailea izan da Guillermo Olmo artista. Lan honen bidez, futbolaren eta kirol guztien balioa irudikatu, eta Tolosako herriari aintzatespena egin nahi izan dio.

Tolosa CF klubak ehun urte bete zituen ekainean, baina, «klubaren borondatearekin zerikusirik ez duen arrazoiengatik» bertan behera geratu zen ekitaldia. Gaurkoan horri eustea lortu du klubak, eta gaur inauguratu dute Berazubi estadioaren sarreran —Tolosa CF plazan— mendaurreneko oroigarri-eskultura. 'Urdinez mundua mugitzen' izenarekin eta 'Lagunartean hasi eta ehun urte Tolosaldeko kiroltasuna sustatzen" lelopean sortu du Guillermo Olmo artistak obra.

Lan honen bidez, futbola eta kirol guztien balioa irudikatu, eta Tolosako herriari aintzatespena egin nahi izan diola azaldu du Olmok: "Kirolari dagokionez, Tolosa aitzindaria izan da herrialde honetan, kirolaren, aisiaren eta osasunaren alderdi hori sartu baitu herrian, eta horri esker, orain kirola guztion bizitzaren beste alderdi bat da. Tolosako CF kluba berriz, aitzindaria izan da kirol-aldaera horiek guztiak futbolean sartzen".

4X4 metroko proba

Klubeko mendaurreneko ospakizunak arratsaldean ere jarraituko du atletismo sailekoek San Frantzisko pasalekuan antolatu duten 4x400 metroko probarekin. Taldeen aurkezpena 16:30ean izango da eta saioak 17:00etan hasiko dira. Lehenbizi finalerdiak egingo dira, eta maila bakoitzean hiru izango dira. Maila bakoitzeko lehen bi sailkatuak finalean ariko dira; finaleko hiru lehenengoek sariak jasoko dituzte, eta afari bat izango dute herriko elkarte batean. Finalak 18:30ak inguruan hasiko direla aurreikusten dute antolatzaileek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!