53. Tolosako Abesbatza Lehiaketa

«Abesbatza ez da zaletasun bat, bizitzeko modu bat baizik»

Leyre Carrasco 2022ko urr. 24a, 07:59

Enrike eta David Azurza. L. CARRASCO

Enrike eta David Azurzak abesbatza munduan izan zituzten hastapenak eta gerora bizi izan duten bilakaera gogoratu dute Ataria-rekin.

Munduko abesbatza onenak Tolosan entzuteko aukera izango da urriaren 29tik azaroaren 1era. Izan ere, Leidor aretoko oholtza hartu du beste urte batez Tolosako Abesbatza Lehiaketak. Abesbatza mundukoentzat data berezia izan ohi da hori, baita tolosar askorentzat ere. Horren esperoan egoten dira urtero David Azurza (Tolosa, 1968) eta Enrike Azurza (Tolosa, 1967) anaiak. Gaztetan abesbatza munduan murgildu ziren bi anaiak, eta bat-batean zaletasun bezala zeukaten hori gaur egun lanbide izatera bilakatu dute biek. Orain abesbatzako zuzendari, konpositore eta Gipuzkoako Abesbatza Federazioko kideak dira, eta abesbatza munduaren presentzia areagotzea da euren nahia.

Nolatan bi anai abesbatza munduan? Etxetik jaso duzue?

David Azurza: Urte berdinean hasi ginen abesbatza munduan gutxi gorabehera, zaletasun hori familiatik datorkigulako, batez ere musikarekiko dugun lotura. Tolosako Udaletik gazte abesbatzak berrabiarazteko mugimendua sortu zen. Bertan, hitzaldiak antolatzen zituzten Tolosako ikastetxe guztietan Javi Busto eta Miguel Amantegirekin batera. Bi zuzendari oso handi eta ezagun dira, une hartan aktiboenak esango genuke, eta ikasleekin harremanetan jarri ahal izateko hitzaldi bat ematera gonbidatu zituzten. Une horretan sortu zen Tolosan gazteen abesbatza bat sortzeko ideia. Ez zen eskolako abesbatza, edozeinek eman zezaken izena, inolako baldintzarik gabe.

Enrike Azurza: 50 eta 60 ikasleen artean hasi ginen gutxi gorabehera.


David eta Enrike Azurza. L. CARRASCO

David: Eta 14 eta 16 urte bitartekoak ginen, ume batzuk. Lehen urtean zuzendaria izan zena ere 16 urte besterik ez zituen, Inma Eguizabal izan zen. Ondoren, Enrikek hartu zuen zuzendaritzaren lekukoa.

Enrike, beraz, gazte-gaztetan hasi zinen zuzendari lanetan.

Enrike: Bai, 18 urte besterik ez nituen. Gogoan dut 1985eko urria zelako. Inma hasi zen zuzendari bezala Tolosako Ekinbide Etxeak Abesbatzako Federazioa sortu zuelako, eta Abesbatza Federazioak berriz, abesbatza zuzentzeko lehen ikastaroa abiatu zuen. Jada musika munduan murgilduta gaudenoi ikastaro honetara joateko agindua eman ziguten. Guretzako aurkikuntza bat izan zen mundu honetan murgiltzea. Bat-batean jende mordoa elkartu ginen, eta horietako asko zuzendariak ziren.

Une horretan ikastaro horiek herriko berritasun nagusia ere izango ziren, ezta?

David: Bai. Gainera, garai horretan Gipuzkoa osoko berritze mugimenduak ere bat egin zuen. Federazioa sortu zenean, zuzendaritza ikastaroak ere sortu ziren. Ordura arte ez zen inoiz horrelakorik egin. Ikastaro horietan parte hartzeko ehun pertsona inguruk eman zuen izena. Astakeria bat izan zen, energia askoko mugimendua zelako. Hor sortu zen garai horretan gu egon ginen Hodeiertz Abesbatza. Hasieran abeslari moduan izan ginen, baina ondoren Enrike zuzendari lanetan ibili zen. Pixka bat aurrerago ni ere haurren abesbatza bat zuzentzen ibili nintzen. Mugimendu horrek garai hartan energia izugarria izan zuen, eta Hodeiertz Abesbatzak bat-batean abesbatza munduko erreferentzia izatera bihurtu zen; sortu berria zen talde bat zelako, erabat gaztea eta beste abesbatzekin alderatuta guztiz desberdina. Bat-batean lan egiteko gogo ikaragarriarekin hasi ginen. Astean hiru entsegu arrunt egiten genituen, eta lehiaketaren bat izaten genuenean ordu gehiago entseatzen genituen. Pila bat mugitzen ginen.

Enrike: Lan izugarria egin genuen, baina egia da oso aitabitxi onak genituela, eta gauza asko haiei esker lortu genituen. Uneoro gure gainean izan ziren Javi Busto eta Miguel Amantegi, zuzendari izarrak, baita Sani ere, hura Donostiako Orfeoiko zuzendaria izan zen. Hiru horiek babestu gintuzten. Potentziala eta gauzak egiteko gogoa genuela ikusi zuten. Horrez gain, Tolosako Ekinbide Etxearen eta lehiaketaren babesa ere izan genuen. Gainera, guk kudeatzen genuen guztia, ilusio eta ezjakintasun handiz. Guretzat aurkikuntza bat izan zen, abesbatzaren mundua gustuko genuela konturatu baikinen. Hortik aurrera nazio mailako lehiaketatan parte hartzen hasi ginen, hainbat sari irabaziz.

 

Enrike Azurza: «Gure helburua abesbatza mundua pixkanaka profesionalizatuz joatea da»



Lehiaketa guztietatik zein nabarmenduko zenukete?

Enrike: Nik denak aipatuko nituzke. 1989an Goriziara (Italia) joan ginen. Gure lehenengo txapelketa izan zen eta barregarri geratu ginen, baina nazioarteko esperientzia handia izan zen. 1990ko hamarkadan Neerpeltera (Belgika) joan ginen. Gazte abesbatzen jaialdia antolatu zuten eta jada abesbatza munduan nahikoa prestakuntza geunden. 1991n Bulgariako beste txapelketa batera joan ginen, non Oreiako (Ukraina) abesbatzak ere parte hartu zuen. Irabazi egin genien. Abesbatza mistora eta ganbera abesbatzara aurkeztu ginen, eta saio oso polita egin genuen. Hain zuzen, lehiaketa horretan ia sari guztiak jaso genituen. Zuzendari onenaren saria eman zidaten eta Oreiako zuzendaria zen Alexander Vatsekekin batera partekatu nuen. Garaipen hori aurrerapauso handia izan zen gure abesbatzarentzat. Piztiak bezala egin genuen lan, hilabeteak eta hilabeteak eman genituen lau orduz lanean. Abestiak buruz ez ikasteko moduan. Azkenean gu kuadrilla bat ginen, eta hala izaten jarraitzen dugu. Primeran pasatzen genuen entseguetan eta bidaietan. Imajinatu adin horiekin egiten genituen bidaiak. Gure orduko oroitzapenak festa etengabeak dira.

Festa esan duzu baina ikaskuntza ona ere izango zen, ezta?

Enrike: Zerbait gustuko duzunean ez zaizu kostatzen. Asteburuetan hortik ihes egiten genuen entseatzera. Zortzi ordu ematen genituen entseatzen, eta denak hain pozik geunden. Ez zitzaigun kostatzen, guk etengabean entseatu eta abestu nahi genuelako.

David: Entsegua amaitu eta abesten jarraitzen genuen, trenez edo autobusez etxera itzultzen ginen eta abesten jarraitzen genuen. Ez genuen etenik izaten.

Orain ere halaxe jarraitzen duzue, ezta? Zertan diharduzue orain?

David: Bizitzak beste norabide batzuetara eramaten zaitu. Nik Arte Ederrak ikasi nuen, eta, hasiera batean, ez du zerikusirik abesbatza munduarekin, baina gero kantua ikasi nuen. Gaur egun kantu ikastaroak ematen ditut, haurren abesbatzak zuzentzen ditut eta musika konposatzen aritzen naiz. Esparru honetan alde horretan jarraitu dut profesionalki lanean.



Enrike: Hala da, une jakin batean profesional egitea erabaki genuen. Nik Suediara joateko beka bat eskatu nuen, eta bi urte eman nituen han ikasten eta talde desberdinetan abesten. 1995ean itzuli nintzen eta han erabaki nuen abesbatzak zuzentzen hastea. Lan bat atera zitzaidan Zaragozan, zuzendaritza eskolak ematen hasteko, eta bertan gazte abesbatza bat sortu zuen. Ondoren Leioatik deitu zidaten. Urtebete eman nuen Leioako kontserbatorioan eta gero Bilboko unibertsitateko abesbatzatik deitu zidaten. Orduan Bilbon jarri nuen oina. Unibertsitateko abesbatza zuzentzen aritu nintzen bi urtez, joan-etorrian. Baina beti zuzendari moduan aritu naiz, abesbatzako musika zuzentzen eta zuzendaritza ikastaroak egiten.

Zer moduzkoa izan zen zuzendaritza lanen hasiera?

Enrike: Oso oroitzapen polita dut. 90eko hamarkadan Stockholmeko (Suedia) munduko kongresu batera joan ginen. Mundu osokoa izan zen, mundu osoko abesbatza profesionalak izan zirelako bertan. Bidaia zoragarria izan zen. Lehendabizi Stockholmen egon ginen, gero Finlandiara joan ginen eta azkenik Estoniara. Hiru herrialde horietako abesbatzetako tradizioak ikusi eta ezagutzeko aukera izan genuen. Astakeria izan zen. Adin horiekin belaki bat bezalakoa zara, bat-batean erreferentzia historikoz inguratuta zaudelako, han bertan daude, ondoan dituzu. Hori guztia ikusteko pribilegiatuak izan ginen. Garai hartan, musika korala guretzat zaletasun bat besterik ez zen, baina bat-batean konturatu ginen oso lanbide serioa dela eta bizitza osoan zehar lan horretan diharduen jendea ere badagoela, hortaz bizi dena.

David: Hortik aurrera profesionalki lan egiteko leku bat sortu dugu.

 

Enrike Azurza: «Tolosako Abesbatza Lehiaketa euskal kantu koral moderno guztiaren sorlekua da, oraina eta geroa eman den unea izan da»


Nola eta noiz eman zenuten pauso hori?

Enrike: 1997an David eta biok Kea ahots taldea sortzea erabaki genuen. Hau da, ganbera erdiprofesionaleko gure taldea da, non beste urrats bat ematea erabaki genuen. Horrek arreta eman zigun. Guztira hamabi abeslarik osatzen zuten taldea, denak hautatuak izan ziren, eta batzuk Hodeiertzetik zetozen. Musika garaikideko talde bakarra guk geuk sortu genuen. Gaur egun ere horretan dihardugu. Enpresa zaratatsua gara, baina bide eman digu beste urrats bat emateko eta existitzen ez zen elementu artistiko bat sortzeko. Geroztik, estreinaldi eta enkargu asko egin ditugu, lan asko idatzi ditugu, eta zuzendariak animatu ditugu, besteak beste, konposatzera. 25 urte bete ditugu jada.

David: Ordutik hona eman dugun hurrengo urratsa Abesbatzen Federazioan parte hartzea izan da, laguntzaile eta zuzendaritza-batzordeko kide gisa. Azken urteotan, Enrike Euskal Herriko Abesbatzen Federazioko lehendakaria izan da, eta ni neu berriz, Gipuzkoako Abesbatzen Federazioko lehendakaria. Gaur egun ere horretan dihardut.


Tolosako 42. Nazioarteko Abesbatza Lehiaketan, Katrin Iturralde, Oroith abesbatzako zuzendaria, eta Enrike Azurza, Hodeiertz abesbatzako zuzendaria, hirugarren sariarekin. I.G.L.


Eta aurrerapausoak ematen ari zarete. Izan ere, federazioari esker sortu zenuten Euskal Herriko Gazteen Abesbatza, ezta?

Enrike: Hala da. Duela sei edo zazpi urte Euskal Herriko Federazioan iaz Tolosako Abesbatza Lehiaketa irabazi zuen Euskal Herriko Gazteen Abesbatza sortu genuen. Gure sorkuntza izan zen. Izan ere, beste herrialde batzuetan ere halako talde gazteak zeudela ikusi genuen, eta ahalegina egin behar genuela pentsatu genuen jendeak uler zezan abesbatza bat orkestra baten parekoa dela. Hau da, abesbatza profesional batean abesteko beste gauza asko ikasi behar dituzu, hala nola kantua, solfeoa, harmonia edota fonetika, besteak beste. Musika prestakuntza handia izan behar duzu abesbatzak funtzionatu dezan. Horrez gain, garrantzitsua da aurretik beste hainbat abesbatzetan abestu izana, abesbatzen mundua ere lanbide bat delako. Zoritxarrez, gure herrialdean oraindik ez da hori ondo ulertzen. Jendeak uste du hobby bat dela, baina ez dute ulertzen, aldi berean, profesionalki ere hortaz bizi den jendea ere egon badagoela. Abesbatza munduan profesional izateko hemendik atera beharra dago.

2018ko Tolosako Abesbatza Lehiaketan epaimahaiburua izan zen Enrike Azurza. M. IRAOLA


David: Lan asko dago aurretik eta oraindik gauza asko ditugu egiteko. 

Nolako bilakaera izan du abesbatzak?

Enrike: Duela 30 urte, abesbatza munduan hasi ginenean gutxi gorabehera, zuzendari batek kobratu behar zuen eztabaidatzen eta zalantzan jartzen zen. Pertsona bati ordaintzen badiozu, bere lana egingo du; ikasi egin dezake, trebatu egin daiteke, interesa du, lan horri denbora bat eskainiko dio, irteera bat ikusiko du, eta ahalik eta ahalegin gehien egingo du hobetzen joateko eta dena ondo ateratzeko. Zalea bada lana amaitzen duenean bere etxera joango da, partiturak gainetik begiratuko ditu, eta entsegu egunean ahal duena egingo du. Afizionatuen alde hori ere ez dago gaizki, baina uste dut pertsona batek espresuki lan horretan jardun beharko lukeela eta prestakuntza bat izan beharko lukeela abesbatzek maila handiagoa izan zezaten. Hurrengo pausoa abeslariak profesionalak izatea da, baina agian hori ez dugu ikusiko, nahiz eta gure harri-koskorra jarrita utziko dugun ere.

David: Federazioan sortzen ari garen ibilbideari esker, beste batzuek ere beren ametsa bete ahal izaten dezaten laguntza ematen jarraitzen dugu; ideiak emanez eta erakundeei begira borrokatuz, mundu koralak ere aintzatespena, aukera eghiago eta aurrekontu handiagoak izan ditzan.

Aurrerapauso guzti horiek eman ahal izateko hainbat oztopo izan dituzue bidean ere; pandemia, adibidez. Zer gertatu zitzaizuen?

David: Aspalditik entseatzeko aukerarik gabe geunden, eta horretarako taldeko ia azken jarduera izan ginen. Munduko kutsatzaileenak ginen eta kantatzea azkena zen. Denbora luzean ezin izan ginen elkartu, ezta gelditu ere. Horregatik, federaziotik guk sustatutako protesta bat egin genuen, eta eskaera horren bultzatzaile izan ginen.

 

David Azurza: «Euskal abesbatza munduarentzat Tolosako Abesbatza Lehiaketa mundu koralaren erreferentzia eta motorra da»



Enrike: Aldez aurretik Eusko Jaurlaritzarekin jarri ginen harremanetan federaziotik, eta, hain zuzen, estatu mailako lehenengo federazioetako bat izan ginen protokolo bat sortzen. Bertan, abesbatzek zer egin behar zuten azaltzen genuen, eta baliagarria egin zen; Espainiako probintzia askok eskatu ziguten protokoloa. Lan eta lan aritu ginen gelditu gabe, beste abesbatza profesional edo erdiprofesional batzuek, salbuespen gisa, pandemian zehar entseatzeko aukera izatea lortu genuen arte; egoera honek, zuzendari profesionalen edo abeslari batzuen lanari ere eragiten baitzion. Azkenean, Eusko Jaurlaritzak arrazoia eman zigun, ez zelako ulertzen nolatan orkestra profesionalek jo zezaketen eta nolatan abesbatza profesionalek ezin zuten entseatu. Egia da hortik aurrera dena oso zaila eta egoera oso tirabiratsua izan zela. Baina, azkenean, jendearentzat abesbatzaren garrantzia zein den ikusi genuen. Askok pandemian abesteari utzi zioten beldurra ematen zielako edo beste zaletasun batzuk aurkitu zituztelako. Abesbatza munduaren erantzuna, ordea, izugarria izan zen, abestearekin soilik lortu dugun guztiagatik. Orduan argi geratu zen abesbatza ez dela zaletasun bat, bizitzeko modu bat baizik. Gure helburua abesbatza mundua profesionalizatuz joatea da.

Abesbatza munduko edozeinentzat data berezia izan ohi da Tolosako Abesbatza Lehiaketako. Zer dela eta?

David: Abesbatza munduan une horretan egosten eta prestatzen ari den onena ikusteko aukera paregabea da Tolosan egiten den lehiaketa; errepertoriorik onena, talde onenak, abeslari eta zuzendari onenak… horiek guztiak zuzenean ikusteko, ezagutzeko eta protagonistekin hitz egin ahal izateko topaketarik handienetako bat da Tolosako Abesbatza Lehiaketa. Urtero lehiaketa hau ikustera joateko oporrak eskatzen dituen jendea badago. Denok ezagutzen dugu elkar eta topaketa hau erreferentzia bat da guztiontzat, elkargune bat. Abesbatza munduko edonork bide horretatik joan nahi duen itsasargi bat da, hain zuzen. Euskal abesbatza munduarentzat Tolosako Abesbatza Lehiaketa mundu koralaren erreferentzia eta motorra da.


Santa Zezilia kontzertua, Hodei Truk abesbatzarekin. J. SAIZAR


Enrike: Euskal Herrian tradizio koral oso garrantzitsua egon da. Ez gara ezerezetik etorri, Katalunian hasi baitzen dena. Bartzelonan, hain zuzen. Beraz, gure herrialdean tradizio handia dago. 1968an Euskal Abesbatzen Lehiaketa sortu zen eta, ondoren, Tolosako jenialtasunak nazioarteko lehiaketa egitea erabaki zuen. Hori shock bat izan zen. Orduan komunisten herrialdeetako jendea iristen hasi zen; bulgariarrak, poloniarrak eta errumaniarrak, besteak beste. Horiek ia profesionalak ziren. Egunero entseatzen zuten koruak ziren, eta beren eskolta politikoekin eta komisarioekin etortzen ziren gurera. Izugarria izan zen, harritzekoa. Izan ere, hemengoak baino hobeto abesten zuten Ama begira zazu abestia. Gainera, lehiaketatik Gipuzkoako Abesbatzen Federazioa sortu zen, eta lehen egoitza Tolosako Ekinbide Etxea izan zen. Federazioak segituan zuzendaritza ikastaroak sortu behar zirela erabaki zuen, zuzendariek ez baitzuten inoiz prestakuntzarik jaso, eta hori garrantzitsua zen. Tolosako Abesbatza Lehiaketa euskal kantu koral moderno guztiaren sorlekua da, oraina eta geroa eman den unea izan da.

David: Oso errepertorio mugatua abesten zelako izan zen hori, denbora guztian pieza berak abesten baitziren. Leiho bat edo ate bat irekitzea bezalakoa izan zen hori.

Zer da zuentzat Tolosako Abesbatza Lehiaketa?

David: Aurtengo umeen abesbatzen nahitaezkoa nirea da; hau da, konpositore gisa zure pieza nahitaezkoa izatea oparirik onena da. Zer gehiago nahi duzu? Estatuko eta nazioarteko abesbatzarik onenek zure pieza bat abesten izango dituzu. Arrazoi horregatik bakarrik, niretzat eta beste edozein konpositorerentzat, propaganda edo proiekzio batengatik, pentsaezina da atzerriko hamar abesbatza onenak nire pieza abestuko dutela. Hori lortu ahal izateko edozein musikagilek borrokatu egin beharko luke. Eta bat-batean aukera hori iristen zaizu, eskuen artean jartzen dizute. Mundu guztia Tolosako lehiaketan abestuko dutenaren zain izaten da. Astakeria bat da. Izan ere, euskal musikaren eta euskal konpositoreen jaurtiketa paregabea Tolosan egiten da. Guretzat, konpositore gisa, Tolosako Abesbatza Lehiaketa munduko erakusleiho bat da.

Tolosarrek ez dakite lehiaketa hau zer den. Lehiaketa soil bat dela uste dute, beste askoren artean, baina ez da hala. Nazioarteko lehiaketa onenetako bat da, zalantzarik gabe. Munduko leku guztietako jendea etortzen da lehiaketa hau ikustera. Ez diegu inbidiarik izan behar ezagutzen ditugun beste nazioarteko lehiaketa batzuei.

Aurtengo umeen abesbatzen nahitaezko kanta zurea dela aipatu duzu, David. Zer da lanak kontatzen duena?

David: Pieza honek Kolorezko Kaiola izena du. Gasteizko Inma Arroyo zuzendariak idatzitako testuetan oinarritutako pieza da. Inmak minbizia izan zuen, eta sendatze prozesuan poema batzuk idatzi zituen. Hainbat konpositoreei bere poema horiekin hainbat pieza idazteko eskatu zigun. Hori duela bost edo sei urte izan zen. Nik bi pieza idatzi nituen, horietako bat lehiaketan abestuko dena. Lehiaketako batzorde teknikoak pieza hori aukeratu du nahitaezko lan gisa jartzeko. Beraz, aurten etorriko diren haurren abesbatza guztiek pieza hori interpretatu beharko dute. Pieza konparatiboa izango da, guztiontzat abestea nahitaezkoa izango den pieza, hain zuzen.


David Azurza ‘Doltza’ antzezlanean. ATARIA


Nola animatuko zenituzten herritarrak lehiaketa ikustera joateko?

Enrike: Saio bat entzutera joateko esango nioke jendeari. Saio oso bat entzun nahi ez badu, adibidez, folklorearen saioa soilik entzutera etortzeko, folklore saioak entzuteko errazagoak eta laburragoak baitira.

David: Mundu honetaz ulertzen ez duen jendearentzat ulergarria da lehiaketa hauek astunak egitea, baina badaude entzuteko eta ikusteko saio politak. Enrikek esan duen moduan, folklore saioa ez ezik, haurren saioak ere oso politak izan ohi dira. Guraso askok seme-alabekin ikustera etortzen diren saioak izaten dira. Entzuteko eta ikusteko oso errazak eta arinak dira, tartean koreografiak eta mugimenduak ere badaudelako, eta hori oso ikusgarria da.

Enrike: Folklore saioak ere antzekoak izaten dira; askoz koloretsuagoak dira, talde bakoitzak bere jantzi tradizionalekin etortzen da eta bakoitzak bere koreografia egiten du. Gauza ikusgarriak egiten dituzte tartean. Musika koralari aukera bat ematea da nire gomendioa. Azkenean, lehiaketan estimulu pila bat izaten dira, sentimenduak pizten dizkizu eta beste herrialde batzuetako errepertorioak ezagutzeko aukera eskaintzen du. Belarriak prestatuta eta begiak ondo irekita eduki behar dituzu, harritu egiten baitzaitu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!