Abegi etxea Sakramentinoetara lekualdatuko du udalak

Tolosaldeko Ataria 2022ko ira. 20a, 07:58

Agintari kaleko lokala eraberritzeko lanek irauten duten bitartean, lekuz aldatuko dute zerbitzua; erabat eraberrituko dute, gaueko eta eguneko zerbitzua eskaintzeko eta eremua irisgarriagoa eta egokiagoa egiteko.

Ostegunean hasiko da udala Abegi etxea eraberritzeko lanekin eta horretarako, lehenik eta behin, espazioa hustu eta zerbitzua lekualdatu behar izan du. Gauzak horrela, gaurtik aurrera, eta obrak dirauten bitartean, Sakramentinoetan eskainiko da bazterkeria egoeran dauden pertsonei zuzendutako gaueko arreta zerbitzua. Modu honetara, zerbitzua bermatuta egongo da.

"Gizarte Zerbitzuen alorrean, zerbitzu garrantzitsua da bazterkeria egoeran dauden pertsonei zuzendutakoa. Zerbitzuak sendotu eta hobetzeko helburuarekin, Legealdi Planean jasotako proiektu estrategikoa da Abegi etxean gaueko eta eguneko zerbitzu integrala abiaraztea. Gauzak horrela, Abegi etxean bazterkeria egoeran dauden pertsonei gaueko eta eguneko arretarako zerbitzua eskaintzeko urratsak egiten jarraitzen dugu", adierazi du udalak.

Gaueko eta eguneko zerbitzua

Abegi arreta zerbitzuak 30 urte baino gehiagoko ibilbidea du Tolosan eta zerbitzua boluntario talde baten eskutik eskaintzen da, hasierako urteetan Foru Aldundiak eta azken urteotan Tolosako Udalak diruz lagunduta. 2015. urtean Gizarte Zerbitzuen Mapa eguneratzean, zerbitzua udal eskumenekoa izatera pasa zen. Geroztik, zerbitzua osatzeko eta profesionalizatzeko pausoak ematen aritu da udala. 

2018an hasi zen Gizarte Zerbitzuen saila zerbitzu publikoa eta eskaini beharreko prestazioak zehazten, Abegitik abiatuta. Paraleloki, eraikinak oinarrizko baldintzak bete ditzan obra proiektua egin da eta eraikinaren doako lagapenerako negoziaketak egin dira gotzaindegiarekin. Uztaileko Osoko Bilkuran onartu zen behin betikoz zerbitzuaren osaera eta jada hitzarmena sinatu da udalaren eta gotzaindegiaren artean lokalaren erabilerarako. Orain artean, zerbitzua Agintari kaleko 7. zenbakian kokatuta egon da; zerbitzua modu egokian integratuta dago eremuan eta baita ere herrian, horregatik, udalak, beste hainbat aukera aztertu ondoren, zerbitzua eremu berean mantentzearen aldeko apustua egin du. 

Zerbitzu berria martxan jarri ahal izateko, espazioa eraberritu eta egokitzeko obrei ekingo die ostegunean udalak. Iparragirre Eraikuntza Lanak SL enpresak eramango ditu aurrera obrak, 318.117 euroko aurrekontuarekin (BEZ barne) eta Abegi etxea eraberritzeko lanek lau hilabeteko iraupena izango dute.

Etorkizunean lokala handitzeko aukera

Lokala barrutik erabat eraitsiko dute, eremua guztiz eraberritzeko eta espazioa irisgarriagoa eta egokiagoa bilakatzeko. Isolamendu termo-akustikoa duen sabaia jarriko dute eta hezetasun arazoak ekiditeko lanak egingo dituzte. Arreta gunea sortuko dute, bazterkeria egoeran dauden eta egoitza erabili nahi dutenentzat. Lokalaren erdigunean kokatuko dituzte espazio komunak, jangela/egongela, gorputz higienerako gunea eta arropa garbiketarako gunea. Gune honek 63 metro karratu inguru izango ditu eta bertan eskainiko dute eguneko arreta zerbitzua ere. 

Guztira, lau logela sortuko dituzte, ohe bikoitzeko hiru eta ohe bakarreko bat, irisgarria dena. Guztira, zazpi erabiltzailerentzako lekuarekin. Gelak lokalaren bi albotan kokatutako dituzte eta aireztapen eta argiztapen naturala izango dute. Komunak eraberrituko dituzte eta arropa garbitzeko eremua sortuko dute eta arreta gunearen parean kokatuko dituzte sukaldea eta garbitegia.

Egingo duten obra proiektua, bateragarria da etorkizunean lokala handitzeko egin ahal izango diren handitze lanekin. Orain, beraz, lehen fasea gauzatuko dute, etorkizunean, beharrak areagotu balira, horiei erantzuteko aukera ere zabalik utziz. 

Herritarren eskubidezko zerbitzu profesionala

Zerbitzuari dagokionez, orain arte ABEGI elkarteak egindako ibilbidea hartu dute oinarritzat. Dena den, paradigma aldaketa bat emango da, profesionalizatu egingo delako zerbitzua, zerbitzu integrala eskaintzeko helburuarekin. Egunez eta gauez eskainiko dute zerbitzua eta zerbitzuaren kudeaketa profesionalen ardurapean egingo dute: esku-hartze saioak, ebaluazioak eta tailerrak egingo dira, besteak beste. Hala ere, boluntarioen jardunari berebiziko garrantzia ematen zaio, eta horregatik, beren jarraipena ere bermatu nahi izan dute; hori dela eta, zerbitzu berrian ere arreta-taldearen zutabe garrantzitsu izango direla aurreikusten dute. Gauzak horrela, zerbitzua osatuko duten hiru zutabeen esparruak zehaztu dira zerbitzu berria sortzerakoan: profesionalena, erabiltzaileena eta boluntarioena. 

Zerbitzu publiko berriarekin, Abegi etxea Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemak araututako zerbitzuen izaerara egokitzea lortu nahi izan da; hau da, herritarren eskubidezko zerbitzu profesionala sortzea. "Zerbitzu osatuagoa eskaintzea eta gizarte bazterkeria egoeran edo arriskuan dauden pertsonen oinarrizko beharrei erantzuteko arreta ematea da helburua, gizarte kohesiorako eremuak sortuz eta gizarte arreta ematearekin batera, gizarteratzeko prozesuak ahalbideratzeko", esan du udalak. 

Eguneko arreta zerbitzuak zaintza, otorduak eta eguna igarotzeko espazioak eskainiko ditu, baita norberaren garbitasun pertsonala mantentzekoak ere, hala nola, bainugela eta arropa garbitzeko zerbitzua. Gaueko arreta zerbitzuak, berriz, gaua bizigarritasun baldintza egokietan igarotzeko ohe zerbitzua eskainiko ditu, otordua, norberaren gaitasun pertsonala mantentzeko baliabideekin uztartuta. Ezinbestean, bietan ere, informazio, balorazio eta orientazio zerbitzua, lagun egiteko zerbitzua eta gizarteko alorreko zaintza zerbitzua eskainiko dituzte. 

Neguan ohe gehigarriak jarriko dira hotzaren programarako. Era berean, egonaldi bereziak ere aurreikusten dituzte eguneko zein gaueko zerbitzuan, beti ere, norberaren egoeran eta beharretan oinarrituta, eta adostutako esku-hartzeko planarekin bat etorriz.

Erlazionatuak

Abegi zentroa egun osoan zabalik

Jon Miranda Labaien 2020 mai 08 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!