Ezohiko egoera eragin du COVID-19ak eta ohiz kanpoko neurriak hartu behar izan dituzte Tolosako Alde Zaharrean kokatuta dagoen Abegi zentroan. «Pena handiz» baina bertan ematen zuten zerbitzua eten behar izan zuten zentroa kudeatzen zuten boluntarioek. Borondatez aritzen diren pertsonen elkarteko lehendakaria da Maria Jesus Lakunza eta berak azaldu du egoera: «Aurretik ere lokal horrek ez zituen beharrezko baldintzak betetzen eta zain geunden egokitzapenak noiz egingo, baina koronabirusak oraindik ere larriagotu egin du egoera. Taldeko kideok argi genuen segurtasun neurririk gabe, ezingo genuela zerbitzua eskaini». Horrela jakinarazi zioten Tolosako Udalari gutun baten bitartez eta martxoa erdialdera, alarma egoera ezartzearekin batera lokala hustu eta ateak itxi zituen Abegi zentroak.
Tolosako Udalak aste hauetan ahalegina egin du kalteberatasun edota menpekotasun egoeran dauden eta behar bereziak dituzten pertsonen beharrak bideratzen. Horien artean daude kalean bizi diren pertsonak eta haien premiei erantzuteko Enperadore kalean dagoen Abegi zentroa berriz zabaltzea erabaki zuen udalak martxoa bukaeran. Peñascal kooperatibari eman zion zentroa kudeatzeko enkargua, alarma egoera ezarri zenetik udalarekin elkarlanean jardun baitu kooperatibak, boluntarioen bitartez, Elikagai Bankuko erabiltzaileen artean janaria banatzen, esate baterako.
Osasun larrialdian, zerbitzuan aldaketak
30 urte inguru daramatza boluntario taldeak Tolosako Abegi zentroa kudeatzen. «Ia familia bat bezala gara», dio Lakunzak. Bederatzi ohe eta bi sofa dituzte, beraz, une berean, kalean bizi diren 11 pertsona artatu ditzakete lokalean. Afaria eskaini eta gaua pasatzeko aukera ematen diete erabiltzaileei, baita hurrengo goizeko gosaria ere. Zortzi egunetan segidan erabili dezakete zerbitzua eta hiru hilabete pasa arte ezin dira bertara bueltatu. «Erabiltzaileetako asko aspaldiko ezagunak ditugu eta ondo moldatzen gara elkarrekin; beti nabarmentzen digute zeinen gustura egoten diren Tolosan».
Zentroko bi arduradunekin batera 15 boluntarioz osatutako taldeak eraman du orain arte kudeaketa. Lakunzak azaldu duenez, boluntario horietako batzuk adinekoak dira edo COVID-19arekin kutsatzeko arriskuan dauden taldeetako kideak dituzte inguruan. «Gutxieneko garbitasun eta segurtasun neurri batzuk jarri gabe, boluntariook ezin dugu gure osasuna arriskuan jarri. Baina egoera bere onera etortzen denean eta baldintza egokiak ematen direnean, gure lanarekin jarraitzeko prest gaude», gaineratu du taldeko lehendakariak.
Peñascalek Abegi zentroaren ardura hartu duenetik arriskuak ahalik eta gehien murrizten saiatu direla nabarmendu du kooperatibako koordinatzaile Gillermo Malkorrak: «Berehala ikusi genuen zerbitzu honek dituen berezitasunengatik jende profesionala behar genuela han. Gure beste hainbat proiektutan dabiltzan bost hezitzaile ari dira gau eta egun zentroa kudeatzen, modu horretara jendearen joan-etorriak ekidin nahi genituen, kutsatze arriskua gutxituz». Erabiltzaileentzat dauden plazak ere mugatu dituzte, martxoaren 29an berriro ateak zabaldu zituztenetik. Gaur egun, sei pertsonek erabiltzen dute zentroa eta osasun krisia hasi zenetik ia aldaketarik ez da eman pertsona horien artean. «Toki berean egoteak, gaixotasuna gehiago ez zabaltzen lagundu dezake». Lehen erabiltzaileei ezartzen zitzaien zortzi eguneko muga, oraingoz, bertan behera utzi dute.
Aldaketa nagusia, ordea, Abegiren ordutegian etorri da: 24 orduz irekita mantentzen dute zentroa. Otorduak bertan ematen dizkiete erabiltzaileei, Peñascal kooperatibako sukaldaritza eskolatik ekarritako janariekin. «Lokalean badago sukaldea, baina ez erabiltzea erabaki dugu garbitasuna eta kutsatzeak ekiditeko», esan du Malkorrak. Nabarmendu du zentroa egun osoz irekita egoteak erabiltzaileak Alde Zaharreko kaleetan ibiltzea ekarri duela, baina horrek ez duela elkarbizitza arazo handirik eragin. «Zentroan dauden pertsona hauek jarrera ona eta errespetua erakutsi dute».
Are gehiago, hezitzaileen gidaritzapean zentroaren beraren desinfekzioan lagundu dutela azpimarratu du Malkorrak. «Udalaren aldetik beharrezko garbiketak egiten dituzte, baina erabiltzaileek ere beren konpromisoa agertu dute». Osasun arloko agintariek eskatzen dituzten neurriak betetzen dituztela esan du Peñascal kooperatibako kideak eta erabiltzaileei egunero tenperatura neurtzen zaiela aipatu du. «Momentu honetan masifikazioak ekiditeko sei ohe dauzkagu prestatuta eta beste aparteko gela bat ere atondu dugu, inork inoiz sintomaren bat agertzen badu gela horretan isolatuta edukitzeko». Oraingoz horrelakorik ez zaiela gertatu esan du Malkorrak eta adierazi du osasun larrialdiak irauten duen bitartean jardungo dutela Abegi zentroaren kudeaketan.