140 korista baino gehiagok kantatuko dute Tolosan bakearen alde

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko ira. 13a, 19:59

Larunbatean UNESCOren Nazioarteko Bake Jardunaldiaren hogeigarren edizioa ospatuko da Tolosan; besteak beste, Kolonbia, Madril eta Euskal Herritik etorritako lau abesbatzak eta kontinente bakoitzeko hainbat herrialdetako abeslarik osatutako beste batek parte hartuko dute.

Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideak, Memoria Historikoa eta Aniztasuna Sailak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren departamenduak, Tolosako Udalak, Topic-ek eta Tolosako Ekinbide Etxeak babestuta, Tolosan ospatuko da UNESCOren XX. Nazioarteko Bake Jardunaldia larunbatean. Mundu mailako ospakizuna da, eta arteak eta gazteriak bakea lortzeko duten zeregina azpimarratuko du. Hain zuzen, hiribilduaren ezaugarri kultural nagusienetako bi batuko dira: arte korala eta txotxongiloak.

Horretarako, munduko hainbat tokitako 140 korista baino gehiago bilduko dira, lau abesbatza gonbidatu baitituzte: Kolonbiako Cecilia Espinosa Ganbera Abesbatza, Europako hainbat herrialdeetako abeslariekin osatutako Internacia Esperanto-Koruso, Madrilgo Gazteen Abesbatza eta Euskal Herriko Gazteen Abesbatza. Tolosako Euskal Herria plazan egin dute gaur aurkezpena, eta bertan, lau hitzorduk osatzen duten larunbateko egitaraua azaldu dute antolatzaileek.

Mahai-ingurua erreferente diren gazteekin

Jardunaldiari hasiera emateko, mahai-inguru bat izango da 10:30ean Topic-en, artearen, gazteriaren eta bakearen arteko harremana aztertzeko. Eva Quiroga UNESCO Etxearen ordezkariak gidatuko du, eta abesbatzetako ordezkari gazteek hartuko dute parte: Maria Angelica Bueno Cipagauta kolonbiarra, adiskidetzeari, bakeari, justizia trantsizionalari eta gatazken konponketari buruzko politika publikoko estrategien garapenean aditua; Linda Le Nepveu, Ekonomia eta Nazioarteko Zuzenbidean graduatua; Amanda Aguirre madrildarra, nazioarteko harremanetan aditua, eta Espainiako Atzerri Gaietarako Ministeritzan lan egindakoa; Davide Grosso, NGO-UNESCO Liasion Committeeko presidenteak eta Ainhoa Gomez Izagirre tolosarrak, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko Bake eta Elkarbizitza teknikariak. Ekitaldi berean, bere ponentzia aurkeztuko du Clèment Peretjatko, gatazkan dauden 15 herrialde baino gehiagotan lankidetza artistikoko proiektuetan lan egin duen titiritero eta UNIMA Frantziako kontseilariak.

Kultur martxa koru eta txotxongiloekin

Aldi berean, Unima Euskal Herria Elkartearen laguntzari esker, Topic-ek haurrentzako paperezko txotxongiloak egiten ikasteko tailerrak eskainiko ditu goizean (11:00etatik 13:00etara), Larramendi eta Berazubi auzoetan. Bakearen Usoak eraikiko dituzte, Nestor Basterretxearen obran oinarrituta, ekitaldiaren nortasuna sortzeko inspirazio iturri izan dena.

Goizean eraikitako txotxongiloak arratsaldeko Bakearen aldeko Kultur Martxan erabiliko dira, Tolosako Alde Zaharreko kaleetan zehar 16:30eatik aurrera. Ibilaldiaren buruan, Basterretxearen Bakearen Usoaren txotxongilo erraldoi bat egongo da, Jonan Basterretxea semeak eraikia. Erakundeetako ordezkariek ere parte hartuko dute. Ibilaldian zehar Bakea hitzaren letrak eramango dituzte, eta abesbatzak kalez kale zuzenean arituko dira ibilbideko hainbat puntutan.

Memoriaren Lorategiak (Aranburu Jauregiaren eta Santa Maria elizaren ondoan) izango da abiapuntua, eta bertan kantatuko du Euskal Herriko Gazteen Abesbatzak. Ondoren, Plaza Berrira joango dira, eta koru esperantistaren txanda izango da. Ibilaldia Euskal Herria Plazan amaituko da. Bertan, lehenik, Madrilgo Gazteen Abesbatza eta Cecilia Espinosa Abesbatza arituko dira, eta amaitzeko, talde guztiek batera eta borobilean jarrita abestuko dute Zatoz! obra, Josu Elberdinek konposatua eta egun horretan bertan estreinatuko dena. Erakundeek martxa honetan parte hartzeko deia egin diete herritarrei, munduan indarkeria bertan behera gera dadin eskatzeko.

Gonbidatutako lau abesbatzek kontzertua eskainiko dute iluntzean, 20:00etan, Leidorren, jardunaldiari amaiera emateko. Talde bakoitzak ordu laurdeneko egitaraua interpretatuko du, eta ondoren, Josu Elberdinen obra abestuko dute elkarrekin, euskal errepertorio koraleko beste abesti ezagun batzuekin batera. Bai mahai-ingururako bai kontzerturako gonbidapenak, doan eska daitezke, Bakea.eus webgunean.

Bakearen balioak gizartean sustraitzen

Bakearen Nazioarteko Jardunaldia urtero antolatzen dute, irailaren 21eko Bakearen Nazioarteko Egunaren harira, ofizialki Liaison NGO-UNESCO-ren Batzordearekin lotura duten GKE talde batek, eta bakearen eta bizikidetzaren arloko hezkuntza eta sentsibilizazio publikoa ditu helburu. Bada, Tolosa aukeratu du hogeigarren ediziorako egoitza izateko, eta, horretarako, Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Tolosako Udalaren, Topic-en eta Tolosako Ekinbide Zentroaren lankidetza estua izan du.

Hain zuzen ere, ekitaldi honen antolaketan parte hartzen duten erakunde guztiek nabarmendu dute gazteenak inplikatzeko beharra, eta arteak zentzu horretan duen garrantzia: "Tolosako Bakearen Nazioarteko Eguna urrats bat gehiago da euskal erakundeak azken urteotan gizartean bakearen balioak indartzeko egiten ari garen lanean". 

Jose Antonio Rodriguez Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen, Memoria Historikoaren eta Aniztasunaren sailburuordeak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren bitartez, “irmo” babesten du UNESCOren Bakearen Nazioarteko Jardunaldiaren ospakizuna Tolosan: “Euskadik bere baitan bizi izan du indarkeria, hainbat etapatan eta adierazpen desberdinekin. Horregatik, bakea eraikitzeko lehen lerroan egon nahi dugu”.

Era berean, azpimarratu du bakea ez dela berezko eta betiko ondasun bat, konkistatu beharrekoa baizik: "Bakea eraiki egiten da, eta guztiok eraikuntza horretara deituta gaude. Egunean buru izango den bakearen usoa (Nestor Basterretxearen eskulturaren birsorkuntza) printzipio eta balio etiko eta demokratikoetan oinarritutako bidezko bakearen aldeko konpromiso kolektibo horren sinbolorik onena da. Guztion bakea, guztiontzat, Euskadin eta munduko leku guztietan”.

Sailburuordearen hitzetan, Tolosak bakea eraikitzeko bi zutabe nagusi bilduko ditu, gazteria eta kultura: “Gazteak dira etorkizuna. Bakea eraikitzea ez da indarkeria bizi izan dugun belaunaldien monopolioa. Bakeak begirada, hitz eta konpromiso berriak behar ditu; gazteen begiradak, hitzak eta konpromisoak. Tolosa, antzinako foru hiriburua, kulturaren hiriburua, mila kultur ekimenen egoitza eta sorlekua ere bada. Abesbatzak eta txotxongiloak Tolosako DNAren parte dira. Eta gaur kausarik justuenaren zerbitzura jartzen ditugu: bakea”.

Herritarrak protagonista

Bestalde, Ion Gambra Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren zuzendari nagusiak adierazi du kulturak eta arteak "potentzial izugarria dutela mundu osoko errealitateekin lotzen gaituzten sentimendu, ideia eta balioak transmititzeko. Horregatik, bakearen, kultura demokratikoaren eta giza eskubideen inguruko balioak partekatzeko, zabaltzeko eta errotzeko aukera paregabea eskaintzen digu Tolosako Bakearen Nazioarteko Egunak. Herritarrak eurak protagonista izango dituen jardunaldia izango da, hausnarketa egiteko, munduko beste toki batzuetako errealitateak ezagutzeko eta elkarbizitza baketsuaren balioa modu ludikoan aldarrikatzeko”, adierazi du.

Olatz Peon Tolosako alkateak nabarmendu du kultura eta gazteria funtsezko bi elementu direla bakea lortzeko: "Belaunaldi berriak bakearen eraikuntzan sartu nahi ditugu, ezinbestekoak direlako bizikidetzan, errespetuan, berdintasunean eta bakearen balioetan oinarritutako gizarte eta etorkizun baterako. Eta aurten bide horretan sakondu nahi dugu kulturaren eta artearen eskutik".

Topic-eko zuzendaritzako kide den Juanjo Herrerok ere bakea lortzeko artea bultzatzearen beharra azpimarratu du: “Gure baloreak eskaintzeaz eta parte hartzeaz harro gaude, edozein diziplina artistikok Bakearen kulturan duen garrantzia nabarmenduz".

Erlazionatuak

Bakearen aldeko ahotsak, Kolonbiatik

Josu Artutxa Dorronsoro 2022 ira 13 Tolosa

'Zatoz!', bakearen aldeko abestia

Josu Artutxa Dorronsoro 2022 ira 13 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!