Usaimen-artista bat, Topic-eko sormen-egoitzan

Ataria 2022ko abu. 20a, 10:59

Clemence Millet artista frantziarrak Topic-en egin du egonaldia uztailan, usaimenari lotutako obra prestatzen jarraitzeko; datorren urtean egingo du ikuskizuna Tolosako txotxongiloen etxean.

Txotxongilolaria eta usaimen-artista. Horrela definitzen du bere burua Clemence Milletek, Miss Bouillon ezizenez. Uztailan, sorkuntza-egoitza bat egiten aritu da Topic-en. “Gezurra dirudi, baina haurra nintzenean, txotxongiloek beldurra ematen zidaten, harik eta egun batean, 19 urterekin gutxi gorabehera, jaialdi batera joan nintzen arte, harizko txotxongilo ikuskizun bat ikustera, eta hain hunkituta geratu nintzen, ordu batzuetan beste ezertan pentsatu gabe geratu nintzela”, adierazi du.

Olio esentzialak eta lore-urak sortu, eta landare usaintsu eta sendagarriak biltzeaz gain, Miletek esentziak erabiltzen ditu eszenatokian; usainen inguruan sortzen ditu ikuskizunak eta tailerrak. “Nire praktika artistikoa bi ardatzen inguruan kontzentratzen da: gaur egungo txotxongiloak, eta usaimen-artez, elkar gurutzatu eta moldatzen diren bi bidegurutze”, azaldu du.

Horrela, beranduago txotxongiloekin trebatu zen zenbait konpainietan. Horri esker, ikuspegi osagarriak eta askotarikoak izan zituen, hala nola, manipulazioaren oinarriak Alinea konpainiarekin, bunraku teknika Coatimundi konpainiarekin, inprobisazio-lana Tara teatrorekin; antzerki beltzaren teknika Le clan des songes konpainiarekin, eta oihalezko eta goma-aparrezko txotxongiloen eraikuntza Natacha Belovarekin.

Miss Bouillon, artistikoki ezagutzen den bezala, ‘Narinelli’-ren dramaturgia prestatzen aritu da sorkuntza-egoitzan. 2017an sortu zuen ikuskizuna, formatu txikikoa; orain, pertsonaian sakondu nahi izan du, istorioa luzatzeko helburuarekin. Topic-en, obrarako osatu dituen bederatzi eszenez gain, usaimenaren hedapena ere lantzen aritu da.

Tolosara iritsi baino lehen, beste bost sorkuntza-egoitzatatik igaro zen Milet, denak Frantzian, eta ezaugarri bereko beste batera itzuliko da gero, udazkenean. Narinelliren bertsio berri honen estreinaldia urrian izango da Toulouseko Unibertsitatean, lurrinei buruzko mahai-inguru batean. Azaroan Marionnettissimora joango da, bertako txotxongiloen jaialdira. Bertan, zati txiki bat erakutsiko du, eta datorren urtean, Topic-en egingo du saioa.

Museoko erakusketak, bideo batean

Topic-ek, bideo berri bat argitaratu du sarean. Bideo honek modu azkar eta erakargarrian erakusten ditu txotxongiloen museoan uda honetan ikusgai dauden erakusketak. Batetik, El Retablo de Figurillas aldi baterako erakusketa ikus daiteke, irailaren 25era arte egongo dena. Ana Buenok egindako dohaintzaren ondareak osatutako lagina da, berak eta haren senar Juan Farok sortutako materialekin.

Bere konpainiako txotxongiloez gain, erakusketak txotxongilo-dokumentazioa ere badu eta, besteak beste, lanen, testuen, marrazki eta eskemen, koadernoen eta dokumentazio administratiboaren prestakuntza erakusten du. Halaber, txotxongiloei, dramaturgiari, didaktikari eta eskulanei buruzko bibliografia-bilduma zabala du, betiere, konpainiaren eta beste talde eta jaialdi batzuen kartel eta programekin.

Bideo berean, Anbigu aretoan irailaren 9ra arte egongo den Irribartea, Artea, Irribarra eta euskara, erein eta hezi erakusketa ikusteko aukera dago. Erakusketa hau Kilometroak jaiaren inguruan antolatu du Uzturpe Ikastolak, eskulturaren mundua herrira hurbiltzeko. Euskal eskultoreek egindako lanen bilduma da. Eskultura horiek, erakusketa-gunean bertan edo webgunean egongo dira salgai; salmentaren ehuneko bat Uzturpe antolatzen ari den Kilometroak 2022 proiektuari laguntzeko erabiliko da.

Azkenik, museoko bilduma iraunkorra ere ikus daiteke bideoan, hura osatzen duten hainbat pieza ikusteko aukera eskainiz. Amaieran, plano orokor batekin, museoa bisitatzera eta Tolosan espero ditugun txotxongilo horien magiaz gozatzera gonbidatzen du ikuslea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!