Infantilak ere aurrerapausoak ari dira ematen

Tolosaldeko Ataria 2022ko abu. 2a, 14:38

Tolosaldea IKT taldeko igerilariek emaitza onak ekarri dituzte Las Norias kirol gunean jokatu den infantil mailako XLIII Espainiako udako igeriketa txapelketatik.

Lau egunetan zehar, uztailaren 28tik 31era, Logroñoko Las Norias kirol gunean jokatu den infantil mailako XLIII Espainiako udako igeriketa txapelketan parte hartu dute Tolosaldea IKT taldeko igerilariek. Mutilen sailkapenean, Mattin Zubeldiak 200 bizkar igeriketa frogan lehenengo tokian sailkatzea lortu zuen, eta honenbestez, urrezko domina jantzi zuen. Horrez gain, 100 bizkar frogan ere parte hartu zuen, eta zilarra eskuratzeaz gain, marka pertsonala hobetzea lortu zuen. Uhaitz Aranbarri berriz 100 libre frogan parte hartu eta hemeretzigarren postuan sailkatu zen. Baina honek ere eman zituen aurrerapausoak, eta 50 eta 200 libre frogetako bere marka pertsonalak hobetzea lortu zituen.

Nesken sailkapenean, Enara Urizarrek 200 bizkar frogan zazpigarren postuan sailkatu zen, eta 100 bizkar frogan berriz, marka pertsonala hobetu zuen. Malen Zubeldiak 200 estiloan hamargarren postua eskuratu zuen alde batetik, eta bestetik, hiru marka hobetzea lortu zituen; 200 bizkarrean, 400 estiloan eta 800 librean. Irene Sagarnak 50 eta 200 libreko frogetan hobetu zituen bere markak.

Taldeka lehiatu ziren ere mutilen sailkapenean, eta bertan 4x100 estilo erreleboan Zubeldia eta Aranbarri lehiatu ziren Markel Zaldua eta Ekhi Saizarrekin taldea osatuz. Laukoteak hemeretzigarren postua eskuratu zuen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!