Ongi etorria egin diete Saharako haurrei

Ataria 2022ko uzt. 29a, 09:04

Tolosako Udalak ongi etorria egin die kanpalekuetatik uda pasatzera etorri diren umeei eta haiei harrera egin dieten familiei.

Tindufeko kanpaleku sahararretatik sei ume etorri dira aurten harrera familietara Oporrak Bakean programaren barruan. Programa hau, Tolosaldea Sahararekin elkartearen laguntzarekin, eskualdeko hainbat udalen lankidetzari esker gauzatzen da. Desertuan udako hilabeteetan egiten duen berotik ihes etorri dira Tolosara, eta hemengo egonaldian zehar hainbat ekintza eta jarduera garatuko dituzte Tolosan. Tolosako harrera familietara etorri diren sei ume horiez gain, beste bi haur ere etorri dira eskualdeko beste familia batera, osasun arazoei aurre egiteko beharrezko tratamenduak egitera.

Tolosako Udalak ongietorria eman die haurrei, eta eskerrak ere bai Tolosako harrera familiei, eskualdeko herrietako gainerako ordezkariekin, Tolosaldea Sahararekin eta Gipuzkoako Saharar Elkartearekin batera. Goxokiak eta kamisetak banatu zaizkie saharar haurrei eta harrera familietako umeei. Olatz Peon alkateak adierazi duenez, “bi urteko etenaldiaren ondoren, pozgarria da saharar haurrak berriro ere gure artean izatea Oporrak Bakean programak haientzat duen garrantzia ezagututa, are eta gehiago, haurren ongizate eta garapenerako funtsezko programa delako hau”. Alkateak balioa eman dio Tolosaldea Sahararekin elkarteak saharar herriak bizi duen egoera zaurgarria salatzeko eta gizarteratzeko egiten duen lanari, eta “esperientzia eta egonaldi zoragarria” opa die denei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!