Bpxport enpresa irailean hasiko da udal kirol instalazioak kudeatzen

Ataria 2022ko uztailaren 19a

Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoa (KEAO) udalaren alde azaldu da. Udalak esan du  ebazpena jaso bezain laster abiarazi duela kontratu berria formalizatzeko prozesua.

Pasa den otsaileko osoko bilkuran onartu zuen Tolosako Udalak Usabal kiroldegiko kudeaketa Bpxport enpresari esleitzea, eta erabakiaren ondotik Kirolzer enpresak helegitea aurkeztu zuen. Helegitea Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak aztertu du eta Tolosako Udalaren alde egin du. "Gauzak horrela, udalak jada abiarazi du kontratu berria martxan jartzeko prozesua", esan du.

Gehitu du esleipendun berria aurreko enpresa esleipendunarekin harremanetan jarriko dela, eta elkarlanean arituko dela aldaketa modurik egokienean gauzatzeko, "erabiltzaileek ez dezaten aldaketarik antzeman". Irailaren 1etik aurrera, hortaz, Bpxport enpresa arduratuko da Tolosako Udaleko kirol instalazioen kudeaketaz. Kontratuak hamar urteko iraupena izango du eta kontratuaren balio zenbatetsia 4.570.531,22 eurokoa da eta urteko kanona 120.000 eurokoa. 

Hobekuntzak bai, aldaketarik ez erabiltzaileentzat

Udalak esan du erabiltzaileek ez dutela aldaketarik nabarituko, zerbitzu eta ordainketei dagokienean, esaterako. Instalazioetara sartzeko txartel bera erabili ahal izango da, enpresa berriak eskumuturreko sistema berria txertatuko badu ere. Poliki-poliki erabiltzaileek beren txartelak eskumuturrekoengatik ordezkatu beharko dituzte, baina hasiera batean ohiko txartelak erabili ahal izango dira. 

Kontratuaren barruan hainbat hobekuntza eta inbertsio egitea ere aurreikusten dute herritarrei eskainitako zerbitzua hobetzen jarraitzeko helburuarekin eta instalazioak egoerarik onenean mantentzeko asmoz. Gauzak horrela, ordutegia zabalduko dute eta Usabal Kiroldegia irekita egongo da astean zehar 07:00etatik 22:00etara eta jai egunetan 08:00etatik 14:00etara. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!