Udal kirol-instalazioen kudeaketa integralaren emakida-kontratua luzatzea erabaki dute

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko api. 12a, 19:58

Lehiaketara aurkeztutako Kirolzer enpresak, errekurtso berezia jarri zuen, eta ondorioz, esleipena etenda geratu da eta kontratu berria ezin da gauzatu.

Tolosako Udalak ezohiko osoko bilkura egin du, alkateak proposatuta, udal kirol-instalazioen kudeaketa integralaren emakida-kontratua luzatzea onartzeko. Martxoaren 31n amaitzen zen indarrean zegoen kontratua; beraz, beharrezkoa zen esleipen berria egitea. Otsailean, BPXport enpresari esleitu zion udalak zerbitzua (10 urterako eta urteko 120.000 euroko kanonarekin), lizitazioan puntuaziorik altuena lortu zuelako.

Indarrean zegoen kontratua amaitu baino hiru egun lehenago, lehiaketara aurkeztutako Kirolzer enpresak, kontratuei buruzko errekurtso berezia jarri zuen. Hortaz, esleipena etenda geratu da eta kontratu berria ezin da gauzatu; ebazpena jaso arte, BPXport enpresak ezin du zerbitzua eskaintzen hasi.

Horregatik, aukera guztiak aztertu ondoren, aukera bideragarri bakarra kontratua luzatzea zela ondorioztatu zuten udaleko sail ezberdinek, beste aukerek instalazioen itxiera ekarriko luketeelako kudeaketaren transferentziaren konplexutasunagatik edota plegu berriak egitea eta azterketa ekonomikoa egitea beharrezkoa izango litzatekeelako. Ondorioz, Kirolzerren kontratuaren ezohiko luzapena egitea onartu dute.

Gehiengo osoz onartu dute luzapena, EAJ-PNV alderdiko zinegotzien 7 botoekin (Izarne Iglesias zinegotzia ez zen bilkuran egon, Kirolzer enpresarekin duen lotura dela eta), PSE-EE alderdiaren aldeko botoarekin, eta EH Bilduko zinegotzi baten aldeko botoarekin. “Erabiltzaileak kirol zerbitzurik gabe ez uzteagatik, eta gai honekin buru belarri lanean jardun diren langileen eta kiroldegiko langileen lanari jarraipena emateko eman dugu baiezko boto bat. Udal gobernuaren ereduarekin bat ez gatozen arren, aldeko bozka bat eman behar izan dugu. Gainerako ezezko zazpi botoak udal gobernuaren kudeaketa eta proposamenarentzat dira”, azaldu du Andu Martinez de Rituerto EH Bilduko bozeramaileak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!