ELKARRIZKETA

«Jotzen ari garela dantza egiten saiatzen gara eta publikoa dantzarazten»

Jon Miranda Labaien 2022ko uzt. 15a, 07:57

Oihan Agirretxe ezkerretik hasita bigarrena, Rukula taldeko bateria jotzailea. ATARIA

Indartsua da Rukula izena eta indartsua izen bereko taldeak egiten duen musika. Horregatik erabaki zuten 2015ean modu horretara izendatzea Lasarte-Oria, Usurbil eta Donostia artean sortutako taldea. Oihan Agirretxe bateria jotzailea aritu da taldearen orain arteko ibilbideaz eta etorkizuneko asmoez.

Disko berria grabatzen ari dira, eta aldi berean, batean eta bestean emanaldiak eskaintzen; bihar Zumarditxikian 20:15ean ariko da Rukula.

Zeintzuk osatzen duzue Rukula taldea?

Jon Agirianok gitarra jotzen du eta Aitor Pagolak ere bai; Martxel Arkarazok baxua jotzen du eta nik bateria. Gurekin batera Koldo Otamendi ibiltzen da kontzertuak lotu eta guri laguntzen.

Nola ezagutu zenuten elkar?

Duela zortzi bat urte sortu zen Rukula. Denak ibili izan gara beste taldeetan eta mundu hori konpartitzen dugulako aurretik ezagutzen genuen elkar. Nik berbenak egiten zituen talde batean ibiltzen nintzen eta Usurbilgo Sagardo Egunean jotzen ari nintzela, platoan paper bat utzi zidan oholtzara igo zen tipo batek. Kontzertua bukatuta irakurri nuen eta zera zioen: «Berbenez aspertzen zarenean deitu iezadazu». Martxel Arkarazo izan zen papera utzi zidana. Hurrengo egunean hots egin nion, ez berbenez aspertuta nengoelako, nire abesti propioak sortzeko gogoz nengoelako baizik. Martxel eta biok hasi ginen entseatzen. Gero batu zitzaizkigun Aitor Pagola eta Beñat Irazusta. Lehenengo diskoan parte hartu zuen Irazustak eta gero bere lekua bete zuen taldean Jon Agirianok.



Nola definituko zenuke Rukulak egiten duen musika?

Buruan dugun ideia da estiloekin puskatzea. Saiatzen gara instrumentu batez espero dena, ez bere horretan betetzen. Pedal eta soinu askorekin jokatzen dugu. Baxua ez da estandarra izaten eta gitarrek sintetizadoreen antzeko efektua egiten dute. Horrekin jolasten saiatzen gara. Ohiko erritmoez gain, erritmo tribalak eta dantzagarriak egiten ditugu. Gu jotzen ari garela dantza egiten saiatzen gara eta publikoa dantzarazten.

Taldean bakoitzak bere rolak dauzka?

Martxel eta biok osatzen dugu, akaso, oinarria dena eta gero, Jonek eta Aitorrek gitarrekin efektuak eta beraien punteatzeak sartzen dituzte. Dena den, kantuaren arabera, taldea gidatzen duen edo zuzentzen duen pertsona bat egoten da kantu bakoitzaren zati ezberdinetan.

 

«Berdin-berdin transmititu daiteke musikarekin edo jarrerarekin edo publikoarekiko harremanarekin, hitzik gabe»



Zuen musikaren ezaugarrietako bat da hitzik gabekoa dela.

Hasi ginenean ahotsik gabe hasi ginen eta horrela jarraitzen dugu. Sortze prozesuan gustatzen zitzaigun ahotsik gabe sortzearen ideia. Iruditzen zaigu gauzak transmititzeko ez dela derrigorrezkoa hitzak erabiltzea; berdin-berdin transmititu daitekeela musikarekin eta jarrerarekin, edo publikoarekin duzun harreman horrekin, hitzik gabe. Egia da ahotsa ez erabiltzeak badituela bere mugak eta zailtasunak, ezin baituzu esplizituki adierazi esan nahi duzun ideia hori, baina aldi berean aukera asko ematen dizkizu. Ahotsa ez edukitzeak, edozein lekutan jotzea ahalbidetzen digu. Entxufe bat nahikoa dugu gure ekipoa muntatzeko.

Eta zer da zuen kantuekin transmititu nahi duzuena?

Gure sentimenduak adierazi nahi izaten ditugu. Gauden egoeraren arabera, batzuetan amorrua, beste batzuetan poza, beste batzuetan festarako gogoa. Badugu Traganarru izeneko kantu bat, adibidez, eta izaki mitologikoari erreferentzia eginez, ekaitzaren sentsazio hori transmititu nahi dugu kantuan.

Nola sortzen dituzue kantuak?

Gure sortzeko modua asko aldatu da azken aldian. Baxuak eta bateriak oinarri batzuk sortzen genituen hasieran eta gitarrek euren ekarpena egiten zuten ondoren. Entseatu, inprobisatu eta gustatzen zitzaigunarekin geratzen ginen. COVID-19arekin gauzak pixka bat aldatu dira, orain bakoitzak bere etxean ere sortzen du ordenagailuarekin. Ideia horiek partekatu egiten ditugu eta ekarpenekin kantua osatzen goaz. Ez diogu lehengo sortzeko moduari utzi, baino aukera berri hori ere baliatzen dugu.

 

«Rukula benetan ezagutzeko modua zuzenekoa da. Ondo dago diskoan entzutea baina zuzenekoa hobea da»



Non entseatzen duzue?

Jon donostiarra da, Aitor eta Martxel usurbildarrak dira eta ni lasartearra. Usurbilen beste musikari batzuekin partekatzen dugun lokal batean entseatzen dugu. Orain eraberritze lanetan ari gara, nahi dugulako espazio atsegin bat sortu, astean zehar ere gogoa emango diguna bertara joateko.

Nahi bezainbeste entseatzeko aukera izaten duzue?

Saiatzen gara ahalik eta gehiena entseatzen, baina bakoitzak duen lanagatik askotan zaila izaten da elkarrekin bat egitea. Kantuak asko lantzen ditugu, buelta asko ematen dizkiegu eta gauza on bat dute guk sortzen ditugun piezek, inprobisatzeko aukera ematen digutela. Kantuen zati batzuek propio ematen dute horretarako aukera. Abisu batzuk zehaztuta dauzkagu eta orduan ekiten diogu kantuaren hurrengo zatiari, baina kideetako bakoitzak gidaritza hartzen duen tarte hori baliatu dezakegu inprobisatzeko eta kantua nahi adina luzatzeko.



Asko aldatzen al da diskotik zuzenekora zuen soinua?

Nik esango nuke diskoetan nahiko ondo islatzen dela gure egiteko modua. Hazi beltzak diskoa zuzenean grabatzea erabaki genuen. Taldekide guztiak elkarrekin jo genuen eta saiatu ginen soinua ahalik eta gutxien editatzen. Diskoan ahal den gordinen ematen ditugu gure abestiak. Abestiak ez daude perfektu, baina hori da, azken batean, gu garena. Diskoek balio dute egiten dugunaz jabetzeko, baina Rukula benetan ezagutzeko modua zuzenekoa dela uste dut. Ondo dago diskoan entzutea, baina zuzenekoa hobea da.

Bi disko atera dituzue 'Rukula' (2016) eta 'Hazi beltzak' (2018). Besteren bat ateratzeko asmoa duzue?

Bai egun hauetan ari gara estudioan errematea ematen. Zortzi abesti jasoko ditugu bertan eta azkenekoa aste honetan grabatu dugu. Martxel taldekidea Garate estudioetan ibiltzen da lanean eta berekin ari gara grabazioa egiten. Guretzako plazera da hara joatea eta une horiek taldekideekin partekatzea, mundutik aparte xamar dagoen parajean. Oso pozik gaude hango jendearekin.



Noizko egongo da prest?

Hainbat lan daude diskoa kaleratu aurretik. Grabazioez gain, diskoaren azala erabaki, bideoklipak prestatu, izenburua erabaki... Ez dakigu noiz izango den kalean, baina espero dugu 2022. urte honetan izatea. Gure filosofia, hala ere, presarik gabe gauzak egitea da, disfrutatuz jardutea. Ez dugu epe zehatz edo konkreturik jarri. Gauzak sortu ahala egiten ditugu, presio handirik gabe.

Zein asmo duzue Tolosako biharko emanaldirako?

Lurrean jotzea asko gustatzen zaigu baina baita oholtza gainean ere. Eta Tolosan agertoki gainean arituko gara. Ekipo indartsu batekin ere ondo moldatzen garela iruditzen zait eta interesgarria dela gure proposamena modu horretara eskaintzea. Oso plan polita da. Anari eta bere taldekideak lagun handiak ditugu eta plazera izango da haiekin oholtza elkarbanatzea. Musika onaz disfrutatzeko aukera izango dugu biharko egunean.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!