Musika eta gastronomia uztartuko ditu Kultura Plazara jaialdiak

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko uzt. 6a, 15:59

Asteburu bakarrera mugatu eta lekuz aldatu dute aurtengo edizioa; Zumarditxikian ospatuko da uztailaren 15etik 17ra, bertako artista eta sukaldarien parte hartzearekin.

Herriko festak berriro normaltasunez ospatzen hasi direnean, pandemia garaian abian jarritako Kultura Plazara jaialdiari jarraipena emango dio Tolosako Udalak. Aurten, baina, formatu berrituarekin egingo da, gastronomia eta kultur emanaldiak uztartuz. Asteburu bakar batean egingo dute jaialdia, uztailaren 15etik 17ra. Zumarditxikian egingo da eta puntako kontzertuez gain, show cooking saioak eta dastaketa gastronomikoak egongo dira. Gainera, ekintza guztiak doan izango dira.

Hiru egunetarako egitaraua antolatu du udalak, bertako artista eta sukaldarien parte hartzearekin. Bi gune egongo dira: handia kontzertuetarako, eta txikia, Herrixka izenekoa, dastaketa gastronomikoetarako; mahaiak eta aulkiak egongo dira bertan. Ostiralean eta larunbatean izango dira kontzertuak; dastaketak, berriz, ostiraletik igandera. Ama jatetxeko sukaldariak arduratuko dira dastaketez, Iñaki Telleriaren laguntzarekin. Pintxoak eta mokadu ezberdinak dastatu ahal izango dira. Igandean, gainera, haur parkea izango da Zumarditxikian; berez, San Joan jaietan jarri behar zuten, baina bertan behera geratu zen eguraldiagatik, eta beraz, jaialdi honetan jarriko dute.

Javi Rivero Ama jatetxeko sukaldari eta ekintzaileak eman ditu dastaketa gastronomikoen inguruko azalpenak: «Lehen egunean, show cooking saio bat egingo dugu, bertako produktuekin, eta ondoren, dastatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Bigarren egunean, Euskal Herriko bermutetan oinarritutako bermut berezi bat prestatuko dugu, hau ere bertaratzen direnek dastatzeko aukera izango dute. Azken egunean, sagar edarien dastaketa izango da. Ez da soilik sagardoa dastatuko, sagarrari balioa ematen saiatuko garelako».

Halaber, antolatzaileak eskertu ditu jaialdia aurrera eramateko egindako lanagatik: «Beharrezkoa da bertako ekoizle txikien lana goraipatzea, eta hori da egingo duguna. Horrelako ekitaldietan gastronomiak bere tokia izatea oso garrantzitsua da guretzat, gure nortasunaren parte delako. Haragi topaketan, esaterako, babes handia sentitu genuen», esan du Riverok.

Bidean Produkzioak enpresa arduratu da kontzertuen ekoizpenaz. Lur Larraza enpresako kidea alderdi teknikoari buruz mintzatu da: «Itxura berezia izango du Zumarditxikiak, argiztapen desberdin bat jarriko dugulako, eta beraz, sinbiosi polita sortuko dugu».

Izarne Iglesias kultur zinegotziak nabarmendu duenez, «kultura babesteko apustua egiten» jarraitzen du udalak. Amaitzeko, jaialdian parte hartzera gonbidatu ditu tolosarrak: «Askotariko ekintzekin osatu dugu egitaraua, jaialdia herritarrentzat are eta erakargarriagoa egiteko asmoz, Tolosan festa giroak etenik izan ez dezan».

Gastronomiari lotuta

Xarles Iturbe, Garapen Ekonomikoa, Merkataritza, Azokak eta Turismoa Saileko zinegotziak adierazi duenez, «ez da kasualitatea» aurtengo edizioa gastronomiari lotuta izatea, «urrats bat gehiago eman nahi izan baitugu». Haragi topaketak, jaialdi formatuan egin zenak, «harrera bikaina eta arrakasta handia» izan zuela eta, Kultura Plazara jaialdiaren edizio berria ildo beretik antolatu dutela azaldu du. «Herritarrentzat berreskuratu nahi dugu eremua, bizia eman behar diogulako espazio honi, milaka aukera ematen dituen lekua baita».

Iturbek gaineratu du jaialdiaren izaera berria lotuta dagoela, baita ere, udalak abian jarri duen Eliker Kalitatezko Elikaduraren Zentroaren filosofiarekin: «Tolosa gastronomiaren eta etorkizunaren elikaduraren erreferente bihurtzeko helburuarekin, Eliker ekimena gorpuzten ari gara, udazkenera begirako ekintza plana zehazten eta ixten. Izan ere, berrikuntzak etorriko dira ekimen honen eskutik udazkenean: ekoizleei eta lehen sektoreari lotuta, tokiko produktuei lotuta eta azoka bereziei lotuta».

EGITARAUA

  • Uztailak 15, ostirala
    • 20:00. Gunearen irekiera.
    • 20:15. Show cooking saioa eta dastaketa, Javi Riveroren eskutik.
    • 22:00. Swingtonics taldearen kontzertua.
    • 23:30. Zigor DZ-ren kontzertua.
    • 1:30. Gunearen itxiera.
  • Uztailak 16, larunbata
    • 12:00. Gunearen irekiera.
    • 12:30. Broken Brothers Brass Band taldearen kalejira, Euskal Herria plazatik Zumarditxikira.
    • 13:20. Bermut dastaketa.
    • 14:30-20:00. Musika, gune itxian.
    • 20:15. Rukula.
    • 21:15. El Txef A DJ-a.
    • 22:00. Anari.
    • 23:30. El Txef A DJ-a.
    • 1:30. Gunearen itxiera.
  • Uztailak 17, igandea
    • 11:00-16:00. Haur Parkea.
    • 12:30. Sagar edarien dastaketa.
    • 16:00. Gunearen itxiera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!