Mugi txartelarekin bidaiatu ahalko da hiribusean irailetik aurrera

Ataria 2022ko uztailaren 1a

Irailaren erdialdetik aurrera aurreikusi dute martxan egotea; udan neguko ordutegia mantenduko du hiribusak.

Mugi txartelarekin bidaiatzeko aukera izango da Tolosako hiribusean, irailetik aurrera. Atzo onartu zuen Tolosa Mugi sarean integratzea Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren Batzarrak (GGLA).

Neurri horri esker, erabiltzaileek errazago izango dute zerbitzua eta tarifa-politika bakarra izango dute, beraz, ez dira arduratu beharko autobusean bonua edo txartel digitala erosteaz edo hiriko autobuseko joan-etorrietan bidaia eskudirutan ordaintzeaz. Garraiobideen arteko integrazioari eta horietako bakoitzean dauden ordainketa-sistemei esker, baieztatu dutenez, irailaren erdialdetik aurrera, sistema teknologikoak egokitzen direnean, bidaiariek Tolosako hiribusean erabili ahal izango dute Mugi txartelarekin.

Udako ordutegia

Uztailean udako ordutegia ezartzen dute hiribus zerbitzuan, baina Tolosako Udaletik esan dutenez, herritarrek egindako eskaerei erantzunez, neguko ordutegia mantenduko da udan ere. Udako ordutegiak salbuespen bakarra izango du, hiribusa ez dela ikastetxeetatik igaroko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!