Festa bereziak dira sanjoanak. Atzo, Euskal Herriko ia herri guztietan piztu zuten sua, haren gainetik jauzi egin eta inguruan dantzatuz. Gaur, berriz, herri askotan jarraipena emango diote jai giroari eta San Joan eguna ospatuko dute. Tolosako jaien kasuan, sanjoanetan garrantzi berezia izaten du Udal Txistulari Bandak. Atzo egin zuten lehen kalejira, antzinako erronda bidean barrena, eta diana izango dute gaur, 08:45ean, Iruñeko Udal Txistulari Bandarekin batera. Horrez gain, goizeko prozesioan, eguerdiko kontzertuan eta arratsaldeko dantza emanaldietan ere parte hartuko dute.
Aurten, baina, are bereziagoak izango dira jaiak txistularientzat. Izan ere, etzi kontzertu berritzaile bat eskainiko dute Tolosako Euskal Herria plazan, 19:00etan: Arnas berriz. Herriko talde eta musikari gehiago ere igoko dira oholtzara: Tolosako Udal Musika Banda, Hodeiertz abesbatza, Udaberri dantza taldea, Tolosako dultzaineroak, Giro Arte dultzainero taldea, Ander Zubillaga (gitarra elektrikoa), Igor Oiarbide (baxu elektrikoa), Ane Urbizu (akordeoia), Oier Ponce (teklatua), David Gorospe (bateria) eta Irene Lopez (abeslari bakarlaria).
Bi urtez behin, txistulari alardea egin ohi zuen Tolosako Txistulari Bandak. 2018an egin zuen azken aldiz, eta 2020rako guztia lotuta zeukan. Hala ere, pandemiaren ondorioz ezarritako neurriak zirela eta, bertan behera utzi behar izan zuen. Berez, aurten egokituko litzateke alardea berriro egitea, baina, Ion Garmendia Anfurrutia Garbo txistulari bandako zuzendariak adierazi duenez, “itzuli bat” eman nahi izan diote emanaldiaren egiturari. “Kanpotik musikari ugari ekartzen genituen lehen, eta, karga arindu eta saioaren prestaketa lanak errazte aldera, beste emanaldi bat antolatu dugu”.
Txistua izango du erdigunean etziko saioak. Txistulari alardearen kontzeptua “alde batera” utzi nahi dutela esan du Garmendiak: “Alarde batean, hirurogei bat txistulari, metal boskote bat, perkusioa eta, akaso, abesbatzaren bat izaten dira. Etzikoa, baina, ez da alarde bat izango. Udal Txistulari Bandako musikariok joko dugu, eta, beraz, gure betiko bandak gonbidatu ugarirekin batera eskainiko duen kontzertua izango da”.
Izaroren ‘Paris’, txistuarekin
Arnas berriz izenari buruz galdetuta, zuzendariak esan du herritarrek txistuarekiko duten ikuspegia aldatzen saiatu nahi dutela. “Txistuarekin beste gauza batzuk ere egin daitezkeela erakutsi nahi dugu”. Helburu horri ez diote emanaldi soil batean bakarrik heldu nahi, eta, beraz, aurrerago ere antzeko proiektuak bultzatzeko asmoa dutela aurreratu du Garmendiak. “Urte guztian saiatzen gara hori egiten, gure kontzertuetan kantu berritzaileak joz”.
Helburu horri lotuta, gonbidatuak ez ezik, errepertorioa ere “berezia” izango dela azpimarratu du Garmendiak: “Gure ohiko errepertorioko kantuak bakarrik jo ordez, bestelako abesti batzuk ere joko ditugu: hala nola Kortatu taldearen Sarri Sarri eta Izaroren Paris”. Zuzendariaren hitzetan, txistuaren testuinguruan “gero eta gehiago” entzuten dira estilo horietako kantuak, “hainbat bandaren eskutik”, baina eurenean oraindik ez. Besteak beste, aurten 50 urte bete dituzte Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoek, eta haien doinu ezagunekin moldaketa bat egin du Joxe Mari Oiartzabalek; hori ere joko dute.
Kontzertu berezi hori antolatzea “lan handia” izan dela aitortu du Garmendiak. Hala ere, talde guztien berehalako prestasunarekin “erraza” izan dela esan du. “Entseguetarako datak zehaztea izan da konplexuena”. Moldaketei dagokienez, gehienak “lehendik” egindakoak dira. “Abestiren batean aldaketaren bat-edo egin behar izan dugunean, Mikel Zelaia Mirri txistulari bandakoa arduratu da; Izaroren Paris abestiaren moldaketak, adibidez, hark egin ditu”.
Txistulari banda ez da lehen aldiz ariko herriko talde eta musikari batzuekin; beste batzuekin, ordea, estreinako aldia izango du. “Herrian dagoen musikarako zaletasuna indartzeaz gain, Tolosan dauden kalitate goreneko musikarien lanaz gozatzeko aukera izango da. Urtean zehar, gainera, gutxitan ikusten dira herriko musikari eta taldeak elkarrekin kontzertu berean”.