Tolosako San Joan festak 2022

Aterkiak, gozokientzat

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko eka. 23a, 20:00

Larunbatean Kuadrillen Eguna ospatu bazuten ere, gaur hasi dituzte ofizialki Tolosako San Joan festak; Katixa Perea kultur etxeko dantza tailerreko ballet irakasleak leherrarazi du suziria, dantza tailerraren 25. urteurrena ospatzeko.

18:00etan, aurreikusita zegoen bezala, Tolosako udaletxeko balkoira irten dira alkatea eta zinegotziak. Aurten, Katixa Perea kultur etxeko dantza tailerreko ballet irakasleari egokitu zaio protagonista izatea; berak leherrarazi du San Joan jaiei hasiera ofiziala eman dien suziria. Aurten 25 urte egin ditu dantza ikastaroak, eta beraz, urte luzez egindako lana eskertzeko hautatu zuen udalak Perea. "Poz handia sentitu dut, ohore handia baita sanjoanen iragarle izatea. Oso gustuko ditut festak, oso dotoreak direlako eta bereziak direlako, eta gainera, dantza elementu garrantzitsua izaten da", adierazi du.

Arratsaldeko lehen orduetan, zaparrada mardulak izan dira eskualdean; ordu horretarako, ordea, atertu egin du, eta hala eutsi dio ordu batzuetan. Hori dela eta, suziria lehertu ondoren, udalbatzako kideek balkoitik jaurti dituzten gozokiak, aterkiak zabalduta jaso dituzte zenbait herritarrek. Pereak berak aitortu du "urduri" zegoela, eguraldiagatik: "Azkenean, herritar ugari etorri da, eta igaro ditugun urteak eta gero, alaitasuna nabari da".

Gaurko momentu berezirako jasotako gonbidapena "urte luzez egindako lanaren aitortza" dela aitortu du Pereak. "Ez soilik nire lanarena, baita nire lankideen lanarena ere. Gezurra dirudi honaino heldu izana, baina urte hauetan guztietan, ikasle ugari igaro dira dantza eskolatik, eta egun hauetan, gainera, maitasun keinuak jaso ditut ikasle, senitarteko eta gertukoengandik", gaineratu du.

Laburra, xumea eta zuzena izan da Pereak suziria leherrarazi aurretik irakurri duen mezua. Bi hitz erabili ditu batez ere, ezinbestekoak eta oso garrantzitsuak biak: errespetua eta parekidetasuna. "Garbi utzi nahi nuen ezinbestekoa dela jaiak errespetuz ospatzea, eta berdintasunean oinarrituta”, azaldu du.

Behin gozoki guztiak banatuta, Tolosako Buruhandi eta Erraldoien Konpartsaren txanda heldu da. Plazan dantzatu ondoren, kalejiran irten dira Alde Zaharreko kaleetan zehar. Bihar ere, prozesioan parte hartuko dute. Buruhandi eta erraldoiez gain, Iraunkorrak txarangak ere alaitu ditu herriko kaleak.

Gauean, San Joan sua piztuko dute Andre Mari plazan, eta Tolosako Udal Musika Bandak, Udaberri dantza taldeak eta Hodeiertz abesbatzak parte hartuko dute ekitaldian. Ondoren, Skakeitan (Plaza Berrian) eta Puro Relajo (Lopez Mendizabal plazan) taldeen kontzertuak izango dira, 23:00etan eta 23:30ean, hurrenez hurren.

Erlazionatuak

Tolosako Erraldoien dantza, beti bezain txalotua

Josu Artutxa Dorronsoro 2022 eka 23 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!