Tolosako San Joan festak 2022

Sexu indarkeria matxistarik gabeko jaiak aldarrikatu dituzte

Ataria 2022ko eka. 21a, 11:59

Tamalez jai giroan nahi baino ohikoak izaten dira eraso matxistak eta hori dela eta Udaltzaingoak 24 orduko arreta zerbitzua eskainiko duela 943 67 58 58 telefono zenbakian. 

San Joan jaietako egun nagusiak iristear diren honetan eraso matxisten aurrean erantzuteko beharra azaldu du Tolosako Udalak. Esan du jai berdinzale batzuen alde egiten duela eta Udaltzaingoak 24 orduko zerbitzua eskainiko duela 943 67 58 58 telefono zenbakian. Era berean, udalean adierazpen bateratua onartu dute erasoen aurrean zero tolerantzia azaltzeko.

Adierazpen bateratuan udalak esan du «emakumeek jaiak askatasun osoz gozatzeko eskubidea dutela» eta horren alde egingo duela lan gaineratu du. «Jaietako aisia eta gozamena emakumeen eskubidea da, eta eskubide hori berdintasunean gauzatzeko aukera izan behar dute. Jaietako sexu indarkeria emakumeen askatasunaren, mugikortasunaren eta segurtasunaren aurkako erasoa da, gizartean errotuta dagoen indarkeria sexistaren eta matxismoaren adierazlerik ankerrena». Sexu erasoak pertsonen giza eskubideen eta askatasunaren kontrako eraso zuzenak direla esan du eta onartezinak direla gaineratu. «Erasoak ez dira jolas dibertigarri eta hutsal baten ondorio, indarkeria matxistaren ondorio baizik».

Tolosak jai berdinzaleak nahi dituela esan dute adierazpenean eta indarkeria matxistaren aurrean udalak 0 tolerantzia izango duela esan du. «Erasotzaileek ez dute tokirik gure herrian eta irmotasunez erantzungo diegu beti eraso sexistei. Gertakari horiei aurre egiteko gizarte osoak konpromiso aktiboa har dezan eskatzen diogu herriari. Gizarte guztiaren jarrera aktiboa ezinbestekoa delako behin betikoz indarkeria matxistarekin amaitzeko; jaiak libre eta bake giroan igarotzeko, emakume bat bera ere gehiago ez dadin erasotua izan, ez jaietan, ezta bere egunerokoan ere».

Bide horretan gizonezkoak matxismoaren aurkako paktu bat egiteko «aktiboki» behar dituztela esan dute adierazpen bateratuan, «haien erantzukizunaz ohartarazteko eta indarkeria matxista errotik ezabatzeko ez daitezen konplize izan erasoen, tratu txarren eta sexu indarkeriaren aurrean».

Horiek horrela, udalak esan du #LIBRENonhai kalkomaniak banatu dituela eta eskuragarri jarriko dituela eraikin publikoetan, eta Joka Sano kartelak jarriko dituztela herrian zehar. Era berean, panel digitaletan 24 orduz arreta zerbitzuko telefono zenbakia azalduko da eta tabernariek gutun bat jaso dute eraso sexista bat gertatuko balitz jarraitu beharreko gomendioekin.

112, SOS Deiak APPa erasoen sexisten aurrean laguntza eskatzeko

Aplikazio honekin herritarrak zuzenean komunikatu ahal izango dira Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko zentroarekin (112 SOS Deiak). APPa mugikorrean deskargatu behar da eta larrialdi kasu ezberdinetan laguntza eskatzeko balio du:  eraso sexistak, genero indarkeria, lapurretak edota istripuak, esaterako.

Deskargatu APPa hemen: Android eta Apple.

Itaiaren telefono zenbakia
Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistak bere aldetik, telefono zenbaki bat jarri du herritarren eskura eraso matxista bat jasan edo eraso baten lekuko izan direnek deitu dezaten. 624 594 097 da telefono zenbakia.

Tolosako Asanblada Feministak festetan ematen diren eraso matxisten aurrean autodefentsa feminista aldarrikatu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!