12:00ak pasatxo ziren 2022ko Tolosako Kuadrillen Eguneko antolatzaileek suziria zerurantz bota dutenean. Aurrez, goizean, Altxorraren Bila jolasa egin dute; 12 kuadrilla deitu zituzten jolasean parte hartzera, eta horiek Tolosako sei txoko enblematikoenetan ezkutatuta zeuden urre koloreko paper zati bana aurkitu behar zituzten. Paperak aurkitu dituzten lehen sei kuadrillek irabazi dute jolasa; gainerakoek, hurrengo urteko antolaketa batzordea osatuko dute. Zerkausian, Gaztelako Atean, Aranburu Jauregian, Berdura Plazan, Dama Berdea iturrian eta Topic museoan zeuden ezkutatuta paper horiek.
Behin jolasa amaituta, Plaza Berrian gainerako kuadrillekin elkartzeko unea heldu da. Orduan, gainera, Bonberenea Txaranga heldu da plazara, gazteak dantzan jartzeko prest; aurrez, Giro Arte dultzainero taldea aritu da plaza musikaz alaitzen. Suziria bota ondoren, Bonberenea Txarangarekin batera kalejira egin dute Alde Zaharrean.
Une honetan, bazkaltzeko elkartuta daude Euskal Herria Plazan; guztira, 1.200 lagun inguru daude bertan, beroari ahalik eta modu egokienean aurre egiten. Beroa izaten ari baita gaurko protagonista nagusia, eta horri aurre egiteko hamaika ahalegin egin dituztela esan dute Kuadrilla Eguneko antolatzaileek: "Ahalik eta mahai gehien itzaletan jartzen saiatu gara; udalak, gainera, dutxa batzuk jarri ditu plazan bertan".
Mozorroak ere izaten dira gaurko egunean. Tolosako txokoak da aurtengo gaia, eta horri lotuta, umorea eta sormena oso ondo landuta osatu dituzte aurten mozorroak zenbait kuadrillek: Tolosako Txokoak bisitatzeko gida turistikoa, Pista Patines (Lizardi Plaza), edota Zumardi Handia eta Zumarditxikia.