Tolosako San Joan festak 2022

Mulamboren urteroko hitzordua

Jon Miranda Labaien 2022ko eka. 17a, 07:57

Bi urteko etenaren ostean, berriro ere kalean izango da bihar Tolosako perkusio taldea. Hamahiru laguneko taldea batu da biharko kalejiran ateratzeko, eta ia denak, batukadan dabiltza hasiera-hasieratik. Urteroko hitzordu bakarra dute baina oso maitea dute sanjoanetakoa.

Sanjoanetako Kuadrillen Eguneko kalejira une berezia izaten da Mulambo taldeko kideentzat eta baita tolosar askorentzat ere. Bihar, 19:00etatik aurrera, Euskal Herria plazatik Plaza Berrira bitarteko bidea egin, eta honenbestez, bi urteko isiltasuna hautsiko dute. Perkusio taldeko kideek hitzordu garrantzitsutzat dute biharkoa. «Estimu handitan dute eta zain-zain egoten da jendea. Bukatzen dugunean guregana asko gerturatzen dira esker ona adierazteko», esan du Iñaki Gonzalez Mulamboko kideak.

Apenas 200 metroko ibilbidea egiteko ordu eta erdi behar izaten du taldeak, ekitaldi jendetsua izaten baita kalejira. «Poliki joaten gara, gelditu, tabernetan tragoa hartu eta jendeari dantzarako aukera ematen diogu», dio Oihana Sanchezek, Mulamboko beste kideetako batek. «Gu hasi ginen garaian gure lagunak etortzen ziren atzetik, baina urteek aurrera egin ahala, gazteagoak ere animatu dira. Oraindik jendea erakartzeko gai garela ikustea gauza handia da».

2000. urtean abiatu zuen bidea Mulambo perkusio taldeak eta duela bi urte, 2020an, bazuten urteurrenerako zerbait berezia egiteko asmoa. Itxialdia etorri eta asmoak bertan behera geratu ziren ordea. Taldekideek aitortu dute «kostata» baina lortu dutela berriro ere bildu eta sanjoanetako kalejira prestatzea. Hamahiru lagun aritu dira azken asteetan entseatzen eta denak dira Mulambon hasiera xamarretik dabiltzanak. Umorez esan du Sanchezek nabari zaiela adinaren ajea: «Besoek ez digute lehen bezala erantzuten». 

Leitzako kultur astean, 2005. urtean. J. ASTIBIA

Eskarmentua badute, hala ere. Urteen poderioz ikasi dute erritmoak dantzarekin eta mugimenduekin laguntzen eta tentsioa arintzen. «Hasieran ideiarik ez geneukalako, tentsio batean jotzen genuen, eta askok izan genituen lesioak», gogoratu du Sanchezek. Josu Gabellanes taldeko kideak uste du batukada batean jotzeko ezinbestekoa dela erlaxatuta aritzea. Dena den, Mulamboko kideek argi dute ezinbestekoak direla entseguak gero kalejira ongi atera dadin. «Ariketa fisikoa ere bada eta entrenatu beharra dago», dio Gabellanesek. Aste Santutik sanjoanetara bitartean astean behin egiten dituzte entseguak San Esteban auzo elkartean.

2000. urtean auzo horretan bertan sortu zen Mulambo, Sanchezek berak kontatu duenez: «Auzoan bageunden lagun batzuk Bilboko Txatunga Bembe taldearen jarraitzaile sutsuak ginenak. Pare bat urtetan San Estebango festetara gonbidatu genituen eta galdetu genien ea prest ote zeuden guri ikastaroren bat emateko. Horrelaxe hogei bat lagun animatu ginen, gehienbat auzokoak eta Tolosakoak. Gogoan daukat instrumenturik ez geneukala eta auzo elkarteko zartaginak erabiltzen genituela hotsa ateratzeko. Oinarrizko erritmo batzuk ikasteko balio izan zigun eta horrekin atera ginen lehenengo aldiz kalera». Mulambo izena Soufly taldearen 2000ko Primitive diskoan jasotako kantu batetik hartu zuten. «Asko gustatzen zitzaigun banda hori eta pentsatu genuen izenak bazuela ukitu afrikar bat».

Formakuntzari garrantzia eman izan diote Mulambokoek. Taldeko kideetako batzuk Bilbora joan eta Txatanuga Bembe taldekoekin ikasitakoa ekartzen zuten gero Tolosara. Batukada ezberdinen topaketa eta ikastaroetan ere parte hartu izan dute eta han ezagutu izan dituzte, adibidez, Brasilgo batukada ezagunenetako maisuak. Gabellanesek beti gustuko izan du Brasilgo musika eta Mulambokoak kalean jotzen hasi eta bizpahiru urtera hasi zen haiekin jotzen. «Horrela funtzionatu izan dugu, kalean batukada ikusi, interesa agertu, eta jendea animatu izan dugu gurekin entseatzera. Probatu eta gustatu izan zaienei taldean geratu izan dira».

22 urteotako ibilbidean taldekideek kalkulatzen dute 60 lagunetik gora ibili dela Mulambon. «Gehienez kalejiratan hogei laguneko taldeak osatu izan ditugu, baina ikasi dugu dozena bat lagunekin ere saioa aurrera ateratzen», aipatu du Gabellanesek. Konpromiso maila ezberdinak onartu dituzte, eta beste edozein taldeetan bezala, tentsio uneak ere bizi izan dituztela aitortu dute. Batez ere hasierako urteak ditu gogoan Sanchezek: «Gu hasi ginen garaian ia batukadarik ez zegoen inguruan. Legazpin bazen beste talde bat, baina gainerakoan hemen inguruan ez zen besterik. Toki askotatik deitzen gintuzten eta ia astebururo izaten genuen irteeraren bat. Nagusiki Gipuzkoan, baina Bizkaian eta Nafarroan ere askotan ibili izan ginen. Hainbeste jende batetik bestera mugitzea ez da erraza eta ikusi genuen hasierako dinamika hori jaitsi egin behar genuela. Pertsona guztiok ezin genuen berdina eman eta guztion ardura ere ez da berdina taldean. Gu, azken batean, joaten gara eta besteek markatutakoa jotzen dugu. Baina piezak prestatu, besteei irakatsi, aldaketak markatu eta batukada zuzenduko duten pertsona horien ardura handiagoa da». Mulamboko hainbat kidek ikastaroak ere eskaini izan dituzte inguruko herrietan eta horri esker batukadak sortu izan dira, besteak beste, Berastegin, Asteasun edo Lasarte-Orian.

Hizkuntza klase bat

Taldea gidatzeaz, erritmoak aukeratzeaz eta moldaketak noiz jo erabakitzeaz arduratu izan dira hainbat kide Mulambon. Batukadako kideek konpartitzen duten «kodeaz» hitz egin du Gabellanesek: «Gure artean hizkuntza bat daukagu eta ados jarri behar izaten dugu keinu bakoitzarekin zein esaldi adieraziko dugun. Esaldi hori denok jakin behar dugu. «Zer moduz zaude?» galdetu dezake danbor hots batek, eta besteok erantzun egin behar izaten dugu. Batukada batek galdera-erantzunen jolas hori du. Hori ondo prestatzea ez da erraza, eta beste edozein hizkuntza bezala ikasi egin behar da. Hizkuntza horrek badu baita ere sorpresatik. Askotan jendea erritmo aldaketekin harritu nahi izaten dugu, eta gertatzen da, maiz, publikoa harritu beharrean taldekideak harrapatzen dituzula ezustean [Barrez]». Eta hizkuntza ulertu ezean soluzioa ere eman du Sanchezek: isiltzea. «Noiz isildu behar duzun jakitea da batukadan aritzeko ikasi beharreko lehenengo araua». 

2004ko Tolosako sanjoanetako Kuadrilla Egunean Mulambo. I.T.

Gonzalezek balioa eman nahi izan dio Mulambon urte guztiotan egindako lanari: «Batukada boladan egon zen garaian ia herri guztietan sortzen ziren taldeak eta denetarik entzun zitekeen. Beste batzuk egiten zutena entzun ondoren, guk lortu dugu maila bat». Gabellanesek umorez erantzun dio: «Ondo jo izan dugu bai, baina batez ere, ondo kopiatu izan ditugu beste taldeek egindakoa [Barrez]». Brasilgo Salvador de Bahiako Ilé Aiyé taldea aipatu du. «Oso gustuko dugu. Han batukadak elkarte modukoak dira, eta auzoka antolatzen dira, alderaketa eginez, hemengo txarangen antzeko zerbait dira. Indarra erakusteko modua da auzo bakoitzarentzat. Kasu honetan Ilé Aiyékoak kultura afrikarrekoak dira eta beltza izatearen harrotasun hori daramate euren kantuetan. Guri asko gustatzen zaigu estilo hori».

Brasilgo talde horretako maisuak ere izan dituzte Euskal Herrian irakasle. Gabellanesek azaldu du samba-reggae estiloa dela egiten dutena, «reggaea imitatzen dute, eta Afrikako moldaketekin nahasten dute. Beltzagoa da eta motelagoa. Agian jotzen errazagoa ere bai». Estilo hori landu dute nagusiki Mulambon nahiz eta Rio de Janeiro eta inguruetan, inauterien testuinguruan jotzen den enredo izeneko estiloa ere landu izan duten. «Estilo hori azkar-azkarra da».

Taldekide gehientsuenak bidaiatu izan dute inoiz Brasilera. «Batukadan aritzeko ez duzu musika gehiegi jakin behar, belarri ona baldin badaukazu eta erritmo pixka bat, nahikoa erraza da. Brasilera bidaiatzea bezala da, astero-astero eta bertatik bertara», esan du Gabellanesek. Eta merke? Batukadako kideek aitortu dute ez dela zertan diru asko gastatu behar instrumentuetan. «Askotan Brasilera bidaiatu duten kideei eskatu izan dizkiegu handik ekartzeko».

Instrumentuak eskuratu eta gero zaindu ere egin dituzte; San Blas auzoan urteetan izan duten lokalean konpondu izan dituzte musika tresnak. Pandemia garaian tokia utzi behar izan zuten, ordea. Sanchez: «Pandemia aurretik ere ez zegoen egoera onean, baina hainbeste denboran erabili gabe egon ondoren hezetasunak erabat hartu zuen lokala eta egurrezko instrumentu guztiak zartatu zitzaizkigun. Erabili gabe utzi genuen tartean jendea ere sartu zen eta ez dakigu materiala eraman ote duten edo zer pasa den. Gauza asko falta dira». San Blaseko tokia utzi, eta aurtengo sanjoanetako kalejirarako entseguak egiteko baimena San Estebango auzo elkartean eskatu dute Mulambokoek. «Bere sorburura itzuli da nolabait taldea», esan du Sanchezek. «Hala ere, iruditzen zaigu behin behinekoa irtenbidea dela hau. Agian, auzo elkarteak ez du izango ikaragarrizko dinamika, baina guk erabili ahal izateko aurrez baimena eskatu behar izaten dugu. San Blasen geundenean egunero egoten zen baten bat lokalean. Orain, ordea, beti besteen menpe egon behar izaten dugu».

Oraingoz sanjoanetako Kuadrillen Eguneko kalejirarako elkartu dira eta oraingoz horrekin nahikoa dela irizten diote. «Kontziliazioa ez da erraza, gehienok familia dugu eta entsegutara etortzeak konpromisoa eskatzen du. Elkartu gara, biharko hori egingo dugu eta gero ikusiko dugu zer gogo dagoen», dio Sanchezek. Mulamboren 20. urteurrenaren harira zituzten asmoak bertan behera geratu ziren itxialdiarekin, baina, hala ere, orduan abiatutako bidea jarraitzeko aukera zabalik dagoela esan du Gabellanesek: «Kawadeni taldearekin elkarlanean hasita geunden. Guk lantzen dugun estilo brasildarraren eta haiek egiten duten afrikarraren arteko fusio moduko bat probatu nahi genuen. Ikusiko dugu asmo horiek gauzatzeko gai garen». Sanchezek hitz eman du, 25. urteurrenera iristen badira, orduan bai, ospakizun berezia egingo dutela: «Atzetik tropa ederra dator eta polita izango litzateke hurrengo belaunaldiei lekukoa ematea, Mulambo txiki bat osatzea». Ondotik, Gonzalez jardun zaio: «Batukadara gaztetxoak batu, baina gu erretiratu gabe». 

2010. urteko Zizurkilgo kuadrillen bazkaria. E. EZEIZA

Gabellanesek buruan dauzka ideia gehiago ere: «Egiten dugun honen gainean kantatzen hasiko nintzateke ni, eta ahal balitz, euskaraz gainera». Mulamboren etorkizuneko erronkak direla dio, oraindik landu ez dituzten alde horiei heldu nahiko liekete, kantuari eta dantzari. «Egia esan, ez dugu koreografia handirik landu izan, kontu horiek beste jende batentzat utzi izan ditugu. Guk ondo jotzeari eman diogu garrantzia gehiago», aipatu du Sanchezek.

Biharko hitzorduak eman die aitzakia berriro ere elkartzeko. Sei bat piezako errepertorioa prestatu dute eta ondo pasatzera doaz. Oraindik erabakitzeke dute Plaza Berrirako bidea, Rondilla kaletik edo Alde Zaharreko kaleetatik egingo duten. Onena, bihar 19:00ak inguruan Euskal Herria plazara gerturatzea izango da eta Mulamboren erritmoen esku uztea norberaren burua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!