Gorka Etxeberriak eta Andoni Iruretagoienak jantzi dute txapela

Leyre Carrasco 2022ko ekainaren 12a

Izeta VI.ak iazko marka haustea lortu du gaur Tolosako Zezen plazan jokatu den III. Gizonezkoen Binakako Euskal Pentatloi finalean. Oraingo honetan, ordea, Gorka Etxeberria izan du bikote, eta 39 minutu eta 45 segundotan amaitu dituzte lanak.

Eguraldi makurra zegoen goizean Tolosan, baina 12:00ak heldu orduko atertu egin du eta giro ederra sortu da Zezen plazako harmailetan. Izan ere, III. Gizonezkoen Binakako Euskal Pentatloi finala jokatu dute gaur, eta lau bikote aritu dira lehian txapelaren bila: Xabier Zaldua eta Jagoba Otaegi; Aritz Irazabal eta Bernat Amade; Gorka Etxeberria eta Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a; eta Aratz Mugertza eta Julen Kañamares.

Bost proba egin behar izan dituzte kirolariek: 100 kiloko bolari berrogei jasoaldi eman, giza proban 400 kiloko harriarekin lau plaza egin, aizkoran lau kanaerdiko moztu, txingekin zortzi plaza egin eta lau kilometro korrika. Azkenean, Izeta VI.a eta Etxeberria izan dira azkarrenak, 39 minutu eta 45 segundotan amaitu baitituzte lanak. Iruretagoienak, gainera, iaz bere osaba Jexux Mari Iruretagoienarekin batera II. Mahala Binakako Euskal Pentatloi finalean egindako marka (40 minutu eta 24 segundo) haustea lortu du.

Sailkapena

  1. Gorka Etxeberria eta Andoni Iruretagoiena 39:45
  2. Xabier Zaldua eta Jagoba Otaegi 42:48
  3. Aritz Irazabal eta Bernat Amade 43:23
  4. Aratz Mugertza eta Julen Kañamares 46:40

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!