Tolosako San Joan festak 2022

Alkatearen agurra

Ataria 2022ko eka. 9a, 15:08

Beti bezala. Horrela ospatuko ditugu aurtengoan San Joan jaiak; gogotsu, elkarrekin eta kalean. Polbora eta krabelin artean, udal bandaren doinuak entzunez, Andre Mari plazan, suaren bueltan.

Koadrilen egunarekin hasiko da festa. Gazteekin. Aspaldiko partez elkar-ikusiz, denak batera. Eta gero etorriko dira San Joan bezpera eta
eguna, aintzinako tradizioei eutsiz eta betiko legez. Aurten izango dugu zer ikusi eta non parte hartu, haur, gazte zein heldu, emakume eta gizon, herritar zein bisitari. Tradizioa, egitarauaren erdigune, baita musika eta kultura ere.

San Joan bezperako gauaren magiaz elkartuko gara plazan, eta ekainaren 24ean atariak lizarrez jantzita esnatuko dira Tolosako kaleak. Gero eta jendetsuagoak diren eskopetarien taldeak kalera irtengo dira tiro eta koloreek lekua har dezaten berriro ere. Ilaratan, txapela buruan, goiz goizetik, eguna amaitzen den arte.

Tolosan hain estimatua den Bordon Dantzaren ikuskizun paregabeak alaituko gaitu beste behin, baita ere Zortzikoak eta aurreskuak. Alaitu eta hunkitu ere bai, bi urteren ondoren. Eraman ditzala suak gaitzak eta ekar diezagula jaiaren ospakizunak zoriona eta alaitasuna. Ospatu ditzagun jaiak errespetuan eta modu berdinzalean.

Olatz Peon Ormazabal, Tolosako alkatea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!